(Mintegia) Gutxieneko soldata propioa, subiranotasunean sakontzeko aukera

2025/05/12
agerraldia irudia.JPG
Manu Robles-Arangiz eta Ipar Hegoa fundazioek mintegi bat antolatu dute Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS) propioari buruzko eztabaidari heltzeko, ikuspegi ezberdinetatik landuta. Ekitaldia maiatzaren 16an izango da, 9: 00etatik 14:30era, UPV/EHUren Bizkaia Aretoan, Bilbon. Gaurko agerraldian mintegiko egitarau zehatza eman dugu ezagutzera

Gaur egun, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioak Euskal Herriko jendartearen gero eta babes handiagoa du. Patronalek, ordea, eztabaida politiko, ekonomiko eta sozial horri bidea itxi nahi diote, baina guk argi daukagu bide hau urratzea beharrezkoa dela Euskal Herrian bizi edota lan egiten dugunontzat.

Horregatik, Manu Robles-Arangiz eta Ipar Hegoa fundaziook gure ekarpena egin nahi dugu. Mintegi bat antolatu dugu, eta bertan, soldata propioa ikuspegi ezberdinetatik jorratuko dugu.

Mintegia maiatzaren 16an izango da, ostiralarekin, goizeko 9:00etatik 14:30era bitartean, Bilboko EHUko Bizkaia Aretoan. Honako hiru atal izango ditu jardunaldiak.

Lehen atalean, testuingurua izango dugu abiapuntu. Horretarako, alde batetik, nazioarteko egoeraren konparaketa egingo da; bestetik, gurean, Euskal Herrian, bide juridiko eta politikoak aztertuko dira. Eta, azkenik, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa burujabetzarako tresna eraginkorra dela frogatuko dugu. Gai horietan sakontzeko, hizlari hauek izango ditugu gure artean: Isidro Esnaola, Iñaki Lasagabaster, Endika Alabort, Jone Etxeberria eta Jule Goikoetxea.

GutxienekoSoldata_Egitaraua_page-0001.jpg

Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa lortzeak negoziazioak, akordioak eta aldaketak eskatzen ditu, eta, era berean, aldaketak eragingo lituzke gure gizartean. Gutxieneko Soldata propio bat lortzeko, baditugu aukerak egungo eskumenen baitan, Lanbidearteko Akordio baten bidez langile guztientzat gutxieneko soldata ezarri ahal izango litzateke. Edonola ere, eskumena eskuratzea ezinbestean jorratu beharreko bidea da. Izan ere, Hego Euskal Herrian kokatutako LGS propio bat izateko, funtsezkoa da eskumena geureganatzea.

Zenbatekoa ez da gai bakarra. Hego Euskal Herrirako LGS finkatzeko hainbat irizpide erabil daitezke, baina argi dago: Espainian ezarritako soldata minimoa ez da nahikoa hemen lan egin edota bizi garen langileon diru sarrera duinak bermatzeko.

Aldi berean, galdera hauek sortzen dira: Zer inpaktu du LGSak lurralde batean? Zer ekar dezake Euskal Herrira soldata hori geuk erabakitzeak? Eta nola indartu ditzake bertako lan harremanak eta negoziazio kolektiboa LGS propio bat adostuta? Hor dago burujabetzaren muina, gakoa erabakitzeko gaitasuna izatea baita.

Bigarren blokean, Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioak eragin ditzakeen onurak aztertuko ditugu, begirada anitzetik. Besteak beste, landuko ditugu sexu-genero arrakala, langile migratu eta arrazializatuen egoera, gazteen lan baldintzak, ikuspegi ekologikoa eta lehen sektorean diharduten langileen errealitatea. Gai horiek jorratzeko, gurekin izango ditugu: Xiomara Souza, Txefi Roco, Jon Ormaetxea, Andoni García, Jaime Nieto, Jon Bernat Zubiri eta ESK sindikatuko Jabi Saenz.

Lanbide-arteko Gutxieneko Soldatak babes-dimentsio zabal-zabala eskaintzen dio jendarteari. Eragin zuzena dauka soldatapeko langile askorengan, bereziki negoziazio kolektiboaren babesa ez duten edo soldata oso apalekin lan egiten duten jardueretan. Bere igoerak, soldata txikien hobekuntzaz gain, soldata orokorren igoera ere bultza dezake, baita baldintza duinagoak dituzten sektoreetan ere, negoziazio kolektiboa indartuz.

LGS ez da soilik lan arloko tresna bat, politika sozial eta ekonomikorako eragile sendoa ere bada: aberastasuna banatzen laguntzen du, jendarte kohesioa sendotzen du edota pobrezia murrizteko gaitasuna du. Bere inpakturik handiena, beti, sektorerik prekario eta zaurgarrienetan izango du, hau da: sektore feminizatuetan, migratzaileak aritzen diren lan eremuetan eta lehen sektorean, besteak beste.

Hirugarren eta azken atalean, sindikatuen proposamenak izango ditugu hizpide. Zehazki, ELA eta LAB sindikatuek Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propio baterako dituzten planteamenduak aurkeztuko dituzte. ELAren izenean Roser Espelt Alba ariko da, eta LABen izenean, Martin Arbeo Sarriugarte.

Gonbidatuta zaudete mintegi honetan parte hartzera, guztion artean hausnartu eta Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa errealitate bihurtzeko urratsak elkarrekin emateko.