Subirano...zer?
Aiala Elorrieta, Manu Robles-Arangiz Institutua, Argia 2017/10/29
Kataluniara joan gabe, goazen lan harremanen euskal esparrura eta kokatu gaitezen ostalaritza sektorean. Sektore horretan 45.000 pertsona inguru ari dira lanean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Horietatik 12.000 langile ospitale, erresidentzia eta eskoletako jantokietan ari dira “kolektibitateak” izeneko azpimultzoan.
Azpisektore jakin horretan EAEko Ostalaritzako I. Akordio Markoa sinatu zuten sindikatu nagusiek joan den urtarrilean. Honen bitartez Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ostalaritzako langileei lehentasunez hemengo hitzarmen kolektiboa aplikatzea adostu zen. Akordioa, aseguru modukoa da, hemengo langileei hemen adostutako itunak aplikatuko zaizkiela bermatu eta Madrildik etor litezkeen murrizketen aurrean babesteko, bertako lan harremanak bertan erabaki daitezen. ELA eta LAB dira sinatzaile nagusiak eta sektore horretan ordezkaritza sindikalaren %77,48a dute beren esku. Zalantzarik gabe, gehiengo oso zabala ordezkatzen dute, edozein legebiltzarretako gehiengo kualifikatua baino are zabalagoa.
Estatuko sindikatuek estatu mailako marko baten defentsan, ordezkaritza sindikala monopolizatzea dute helburu.
Bada, gure lan harremanen esparruan gutxiengo diren sindikatuek, CCOO-ek eta UGT-k alegia, erabakitzeko eskubidearen aurkako eraso benetan larria egin dute: Ostalaritzako I. Akordio Markoa inpugnatu egin dute estatuko patronalarekin batera. Jokaldi horrekin, lan harremanen euskal esparrua ukatu eta estatuko lan hitzarmenak inposatu daitezen eskatzen ari dira. Inpugnazioak aurrera egitekotan, latza izango litzateke kolektibitateetako langileentzat: hemengo lan hitzarmenen ordez estatukoak aplikatzeak soldataren %50eko murrizketa ekar dezake, eta urtean 50 lan ordu gehiago egin beharra. Finean, estatuko sindikatuek estatu mailako marko baten defentsan, ordezkaritza sindikala monopolizatzea dute helburu. Estatalizazioak lan baldintzen homogeneizazioa dakar berarekin eta CCOOek eta UGTk horren aldeko apustu garbia egiten dute, baita langileen kalterako denean ere.
EAEko lehendakari Iñigo Urkullu jaunak autogobernuaz asko hitz egiten du, solemnitate handiz. Baina jarrerak ekintzekin neurtzen dira eta lehendakariak akordioak egiten jarraitzen du norekin eta lan esparruko autogobernuaren aurka egiten duten sindikatuekin.
EAEko lehendakari Iñigo Urkullu jaunak autogobernuaz asko hitz egiten du, solemnitate handiz. Baina jarrerak ekintzekin neurtzen dira eta lehendakariak akordioak egiten jarraitzen du norekin eta lan esparruko autogobernuaren aurka egiten duten sindikatuekin. Ez hori bakarrik, gurean gutxiengoa duten sindikatuekin hitzarmenak adosten segitzen du, gehiengo sindikala ukatuz eta zokoratuz. Aliantza horiekin joko demokratikoaren eta autogobernuaren aurka egiten du aldi berean. Baina lehendakaria eroso dago, hain zuzen ere aliantza horrek bake soziala bermatzen diolako.
Eta bai, Wallersteinek arrazoi du: erabakitzeko eskubidea oso kontzeptu ausoa da. Ez da berdin Urkulluk erabiltzen duenean edota euskal gehiengo sindikalak gauzatzen duenean. Galde diezaiegun bestela, kolektibitateetako langileei ea ezberdintasunik ikusten duten. Lehendakariak entzungor egiten duen arren, berak ere badaki, negoziazio kolektibo propiorako eskubiderik gabe, autogobernurik ez dagoela.
Gaiarekin lotutako informazio gehiago: