Errigora: Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka

2015/10/08
Errigora.jpeg
“Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” kanpaina laster dator: urriaren 21etik azaroaren 8ra izango da aurtengoan saskia eskatzeko tartea. Nafarroa hegoaldeko kalitatezko produktuak hartu eta, keinu berean, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari eta ekoizpenari bultzada emateko tartea.

Kanpaina aurkezteko, hain zuzen, baina baita –eta bereziki– Errigoraren ibilbide laburrak utzitakoa azaltzeko ere, aurkezpen bilerak egin ditugu joan den astean Durangon (Plateruena), Iruñean (Nafarroako Parlamentua) eta Usurbilen (Potxonea). Jendea lanerako gogoz eta ilusioz ikusi dugu, kanpainari ekiteko irrikaz. 160 lagun inguru (45na Durango eta Usurbilen eta 70 Iruñean) bildu gara guztira, 60 bat herri eta hiritatik etorritako hamaika lagun: herrietan eta sarean Errigoraren kanpainak zabaltzen dihardutenak, Zazpiak bat, Sortzen, AEK eta Ikastolen elkarteko lagunak, euskararen arloko eragileak, sindikatuak, nekazariak, ekoizleak, Nafarroa hegoaldeko euskaltzaleak… Jende desberdina euskararen eta bertako ekoizpenaren alde bat eginda.

Ideiak elkartrukatu ditugu, bidean agertu zaizkugun aukera berriez mintzatu gara eta euskararen, elikadura burujabetzaren, auzolanaren zein euskal lurraldeen arteko harremana sustatzearen ikuspegitik Errigorak ekarri dituen ekarpen xumeen errepasoa egin dugu. Honen harira egindako bideo bat ere aurkeztu du batzarrotan, kanpaina hasi aurretik lau haizetara zabaldu nahi dugun bideoa, hain zuzen.