Lan Erreforma, Fagor eta neoliberalismoa
Unai Oñederra, Manu Robles-Arangiz Institutua (unaionederra.wordpress.com)
Mondragon oasi bat izan daiteke kapitalismoaren basamortuan, uharte bat itsaso neoliberalean. Baina, azken urteotan hegemonikoa bihurtu den kapitalaren logikak eragin duen klima aldaketak lehorte latzagoak badakartza, eta itsas maila metro pare bat igotzen badu, oasian edo uhartean ez du eraginik izango?
Bai, badu zentzua, gertatzen ari den honekin guztiarekin batzuk asko irabazten ari baitira
Askotan esaten dugu ez dela enpresari on eta txarraren arteko auzia. Ez dela gauza “enpresari hau jator eta zintzoa da eta lan baldintza onak dauzkagu, beste hau gaiztoa da eta lan baldintza kaskarrak ditugu.” Zuk ondoko enpresarekin lehiatzen baduzu, eta ondokoak lan baldintzak kaskartuz prezioak jaisten baditu, zer egin behar duzu? Ondokoa atzerrira badoa are merkeago ekoizteko, zuk zer egin behar duzu? Ez naiz esaten nekatuko: lan erreformak kalte egiten digu langileoi, bai, baina baita enpresa askori ere. Hain justu, langileen baldintzei garrantzia ematen zieten horiei.
Entzun izan dut Christian Felver “Economía del bien común” delakoari buruz hizketan. Sistemak gure kontra doazen baloreak saritzen dituela. Produktu merkeenak direla, hain justu, baldintza txarrenetan ekoizten direnak, ingurumenari kalte gehien egiten diotenak, ditugun beharretarako alferrikakoenak direnak.
Lan erreformak kalte egiten digu langileoi, bai, baina baita enpresa askori ere
Kokoteraino nago edozer gauza erosteagatik opari gisa zuzenean zakarretara doazen Txinan ekoitzitako txorakeriak jasotzeaz. Petrolio merkearen eta globalizazio neoliberalaren astakeriak.
Felverrek dio produktu merkeenak izan beharko zutela gure beharrei erantzuten dietenak, ingurumena zaintzen dutenak, lan baldintza onenak dituzten enpresenak, parekidetasuna zaintzen duten lantegienak… Eta hori nola lortu? Zerga bidez, dio Fleverrek. Zergapetu beharko liratekeela enpresa kaltegarrienak. Baina azken urteotan hartu diren erabaki politiko guzti-guztiak ez al doaz, hain zuzen, kontrako zentzuan? Neoliberalismoak ez al du ezarri oihaneko legea? Ez al zaio kapitalari zergak eta mugak kendu, nahi adina zabal dadin? Guztion onerako ekonomia ardatz duen zerbitzu eta gizarte sare publikoa ez al dira deusezten ari? Bizi gaituen krisia ez al dute politika neoliberal horiek ekarri? Eta ez al dabiltza politika horietan gehiago sakontzen, irtenbide gisa saltzen dizkiguten bitartean?
Guztiok dakigu soldatak murriztuz ez garela hemendik aterako. Soldatak murriztuz desberdintasunak dira handituko direnak. Gogoan izan soldatak, nominaz gain, zergak direla (hau da, zerbitzu publikoak), kotizazioak direla (hau da, gizarte segurantza, gizartea kohesionatzen duen sarea). Bada, soldatak jaisten ari gara, anabasa hau sortu duten hartzekodunei interesak ordaintzeko. Zentzurik ba al du?
Bai, badu zentzua, gertatzen ari den honekin guztiarekin batzuk asko irabazten ari baitira. Hots, erabaki guztiak interes jakin batzugatik hartzen dira. Gehienak galtzen ari garen honetan, batzuk irabazten ari dira. Hortaz, gauzak beste modu batera egin nahi baditugu, guztion ona bilatuko duen ekonomia nahi badugu, gogor borrokatu beharko dugu neoliberalismoa ezarri digutenen kontra, bereari gogor eutsiko baitiote, dituzten medio boteretsu guztiak erabiliz. Hori ez dugu inoiz ahaztu behar, baina hortaz ez diot ezer entzun Felverri. Ezta Mondragon Korporaziokoei ere.
Eta gogor borrokatzeaz gain, zein da irtenbidea? Ez dira ikusten irtenbideak, eraiki egiten dira. Orain Fagor itxiko da. Lehenago hamaika enpresa itxi dira. Milaka pertsona langabetu, jende prestua, jende trebatua, langile finak, lana gogoz, gogor eta ongi egiten dakitenak. Beharrak ere baditugu, inoiz baino gehiago; jende geroz eta gehiago dago gaizki pasatzen, eta agintariek gizarte babesa eraisten ari dira. Elkartasun sare berriak eraiki behar ditugu, beste modu batera ekoitzi eta kontsumitzeko eredu bat sortu, pertsonak zainduko dituen beste ekonomia bat, beste finantza eredu bat, gertuagokoa, geure baliabide mugatuak kontuan izango dituena, pertsonen eta gizartearen beharrei erantzungo diena, demokratikoki eratuko dena.
Ideiak baditugu, gogoa ere bai, zenbait proiektu martxan dira. Erronka hauei erantzuteko Europa handiegia da. Frantzia eta Espainia ere bai. Euskal Herriak, ordea, eskala polita dauka. Badakigu zer datorren Europatik, Madriletik, Parisetik: hondamendia. Epe motzerako neurri motzak. Guk Euskal Herria epe ertain luzera eraiki nahi dugu. Has gaitezen. Zergatik egon besteek zer egingo zain? Izan gaitezen unilateralak.