Hamar puntu klima-aldaketaren aurkako estrategia sindikal baterako

2014/11/11
asbjorn wahl.jpeg
Hurrengo azaroan Liman NBEren klima aldaketaren inguruko gailurrean, COP20ean, aurrera eramango diren negoziaketen inguruan, Asbjørn Wahl-ek COP20 prestatzeko NBEk New Yorken eginiko bilera zela eta eginiko ekarpen interesgarria ekarri dugu ingurumen buletinera, non klima aldaketaren aurkako borrokan sindikalgintzaren papera zein den zehazten duen.

23. Ingurumen Buletina 2014ko urria

Asbjørn Wahl-ek (Aholkularia. Norvegiako Udal Enplegatuen eta Enplegatu Orokorren Sindikatua) Rosa Luxemburg Foundation/Left Labor Project-eko bileran aurkezturiko ekarpena. New York, 2014ko irailaren 18a.

Hamar puntu, klima-aldaketaren aurkako estrategia sindikal baterako

Klima-aldaketaren gai zabala minutu gutxitan azaldu behar dugunez, klimaaldaketaren aurkako estrategia sindikal bat laburbildu dut hamar puntu zehatzetan. Lehenengo eta behin, giltzarri batzuk ezarriko ditut, gero horien gainean gure estrategiak eta politikak eraikitzeko.

1. Klima-aldaketa ez da mehatxu bat gerora begira, orain eta hemen gertatzen ari da. Gizakiak eragin du, eta ekar ditzakeen ondorioak hondamendikoak izan daitezke.

2. Klimaren mehatxuak gogor eragin dezake gizarte-garapenean, bai klima-aldaketaren ondorioz, bai klima-aldaketa saihesteko edo moteltzeko neurriak hartzearen ondorioz. Gure bizi izateko eta lan egiteko modua nabarmen aldatuko da, egiten duguna dugula ere. Baina ezer egin ezean, edo neurriak geroko utziz gero, mehatxua larriagotuko litzateke, eta hondamen-mailako ondorioak izango genituzke.

3. Klima-aldaketari aurre egiteko neurriak hartzeko, aldaketa handiak egin behar dira gizartean. Aurrean duguna gizarte-borroka handi bat da. Klima-aldaketaren aurkako borroka, batik bat, botere sozialeko borroka da, gogoko dugun gizarte-ereduari buruzko borroka. Oraingo egoeran klima-aldaketaren aurkako borroka beste borroka batekin batera bultzatu behar dugu, alegia, krisi ekonomikoaren —kapitalismoaren krisiaren— ondorioen aurkako borrokarekin batera, krisiaren indar eragileak ere barne.

4. Ekonomiaren hazkundeko gaur egungo sistema eta lehengaien gehiegizko ustiapena ekonomia kapitalistaren barren-barreneko atalak dira. Ikuspegi murritzeko ingurumenpolitika bat ez da aski izango. Klimaren eta ingurumenaren borroka testuinguru zabalago baten barruan kokatu behar da. Sistema kritikatzen duen esparru bat behar da. Klimaaldaketari aurrea hartzeko, ekonomiaren gaineko kontrol demokratikoa beharko dugu, eta batik bat energiaren sorkuntza eta banaketaren gaineko kontrola. Ingurumenaren krisia, ekonomiarena bezala, mehatxua ez ezik, aukera ere bada garrantzizko bezain beharrezko den gizartealdaketaren alde ekiteko.

5. Borroka sozial horretan mugimendu sindikalak oso rol garrantzitsua izango du, gizartean duen kokapen estrategikoarengatik. Hala ere, sindikatuak defentsiban daude mundu osoan, indar ekonomikoen presio itzelaren menpean daude. Mugimendu sindikalarentzat, rol nagusi bat hartzea klima aldaketaren aurkako borrokan berrezarri etaberpiztu beharreko helburua izan behar da.

6. Klimaren inguruko politikak ezin dira mugatu sakrifizio kontu huts batera, ahalegin handiz lorturiko eskubideak sakrifikatzera; ingurumen-mugimenduko zenbait sektoretan esaten den bezala. Borroka, batez ere, denontzako gizarte hobe bat lortzeko da. CO² isurketak moteltzeko neurrien finantzaketa aberastasuna birbanatzearen eskutik joan behar da, iparraldetik hegoaldera eta aberatsengandik pobreenganaino. Hori gabe, ezinezkoa izango da sostengu zabala lortzea klima-aldaketaren aurkako politika beharrezkoak aurrera eramateko.

7. Klima-aldaketari aurrea hartzeko, gure gizarteak beste era batera egituratu behar ditugu. Klimari kalte egiten dioten jarduerak murriztu behar dira, eta aldiz energia berriztagarriak, eraginkortasun energetikoa eta ingurumenerako jasangarri diren jarduerak garatu, beti ere plangintza eta prozedura jakin bati jarraiki; baina hori herrien segurtasun sozio-ekonomikoaren mesedetan joango da. Ezin dugu onartu langile-talde batzuei leporatzea klima aldaketaren moteltze-neurrien pisua: langabezia eta bazterkeria. Trantsizioa, bestela esanda, bidezkoa izan behar da, plangintza baten araberakoa, eta modu demokratiko batez gidatua. Egin diren ikerlan zorrotz guztiek frogatu dutenez klimaaldaketaren aurkako politika beharrezkoek lanpostu gehiago sortuko dute, suntsituko dituztenak baino. Hori loturik doa langileek lan-merkatuan duten indarrarekin, lan-orduak murrizteko, eta lana gizartean behar adina banatzeko.

8. Ingurumenaren aldetik gizarte iraunkor batera doan trantsizioak abantaila asko du. Milaka lanpostu berri sortuko dira garraio publikoan, energia berriztagarrietan, etxebizitzak egokitzen, eta industria jasangarrietan. Berotegi-efektuko gasak murrizteak, bide batez, kutsadura murriztuko du lantokietan eta bizilekuetan. Ekonomiaren gainean kontrol demokratikoa izango balitz, lehia eta lanpostuetako presioa arinduko lirateke. Garapen horren bi ondorio nagusi estres eta presio gutxiago izango dira.

9. Gobernuek eta ekonomia-interes sendoek sustatu dituzten konponbideak, klima-krisitik ateratzeko, merkatuan oinarritu dituzte, batez ere karbonoaren merkataritzan, eta orain arte saiakera guztiek huts egin dute. Mundumailako Gailurrek ere ez gaituzte salbatuko. Orain arte gure gizarteentzat lortu duguna: gizarte-berdintasuna hedatzea, lan duina, pobrezia murriztea, genero-berdintasuna eta abar, ez dugu lortu mundu-gailurren bidez. Nazioarteko akordioak behar ditugu, bai; baina, horretarako, beharrezkoa da indar sozialak mugiaraztea. Konponbide alternatiboen oinarriak herrien elkartasuna, berdintasuna eta beharrizanak izan behar dira. Varsoviako azken COP-19an gobernuek eta multinazionalek erakutsi zuten, aurrerapausoak baino, atzerapausoak emango zituztela. Haiek beren aukera izan dute, eta huts egin digute. Orain gure txanda da.

10. Borroka sozial horretan arrakasta lortzeko, herrien arteko aliantza zabalak bilbatu behar ditugu epe luzerako. Estrategia hori landu behar dugu bereziki mugimendu sindikalean eta mugimendu ekologistan. Klima-aldaketaren aurkako borrokak badu zerikusirik ekonomiaren eta gizartearen demokratizazioarekin, aberastasunaren birbanaketarekin, eta gure ezaguera komunen erabilera askearekin, patenteen hesirik gabe. Klima salbatzeko, gizartea aldatu behar dugu.Horrela bakarrik sortu ahal izango ditugu baldintza egokiak denon bizimodua hobea izan dadin, gurea eta gure ondorengoena.