Shock doktrinaren hirugarren atala desarmatzeko beharra

2025/04/07
rearm-europe-1.webp
Naomi Kleinek 2007an proposatutako terminoa dakart berriro, azken hilabeteotan gurean gertatzen ari dena hobekien azaltzen duelakoan. Pentsalari, idazle eta ekintzaile sozial kanadiarrak kontzeptua 2008ko Erresezio Handiaren aurretik sortu bazuen ere, ondoren gertatutakoa bikain azaltzen du: 2008az geroztik Shock Doktrina aplikatuz ezarri dizkiguten politikak, alegia.

Xabi Irastorza Garmendia, Manu Robles-Arangiz fundazioa

2008 aurretik, kapitalismoa bere enegarren krisi sakonean murgilduta zegoen: kapitalaren irabazi-tasak etengabe jaisten ari ziren; ekonomia produktiboa eusteko, finantzarizazioa eta zor pribatu zein publikoaren hazkundea gero eta handiagoak ziren; aberastasuna gero eta modu bidegabeagoan banatzen zen; lan-errentak etengabe gainbehera zihoazen, eta erosahalmena nabarmen galdu zen; eskaria eta kontsumoa moteldu ziren, eta merkatuak berriro ere saturazio egoeran sartu ziren.

Ekonomia finantzarioen mugarik gabeko irabazi logikak eta botere ekonomikoaren diru-metatzeko gose ase ezak eragin zuten 2008ko krisi ekonomikoa. Hasieran, kapitalismoa birfundatzeko, finantzak mugatzeko eta publifikatzeko ahotsak entzun baziren ere,
hartutako neurri guztiak krisia eragin zuen finantza-sistema bere horretan «erreskatatzeko» eta banku pribatuak, finantza-erakunde handienak eta inbertsio-funts erraldoiak indartzeko baliatu ziren inolako muga edo kontrol neurririk gabe. Diru publikoa erabiliz eta estatuen zorra handituz, kapital pribatua eta negozioak elikatu ziren, herritarrei murrizketa gogorrak inposatuz: zerbitzu publikoen murrizketa eta pribatizazioa, soldata jaitsierak, lan- eta pentsio-erreformak…

Europar Batasunean, 1,6 bilioi euro publiko mobilizatu ziren banku eta finantza-sistema pribatuari arnasa emateko eta indarberritzeko. Naomi Kleinek dioen bezala, bestelako testuinguru batean nekez onartuko genituzkeen eta inolako onarpen demokratikorik gabe ezarritako neurriak inposatu zizkiguten shock egoeraz baliatuta. Hori izan zen Shock Doktrina garaikidearen lehen atala.

Covid-19aren krisiak sortutako egoerari aurre egiteko hartutako neurriak dira bigarren atala. Krisiaren lehen fasean, osasun-langileei zuzendutako txaloak nagusitu ziren; zaintza-lanek protagonismo berezia hartu zuten; garbitzaileen ezinbesteko lana agerian geratu zen; ikerketa eta teknologiaren gaineko kontrola izatea azpimarratu zen; ekoizpena bertan egitearen eta tokiko produktuen garrantzia lehen lerrora ekarri zen; baita jakien ekoizpena eta banaketaren kontrola izatea funtsezkoa zela ikusi zela ikusi ere.

Baina apenas hartu zen krisiak agerian utzitako beharrak sendotzeko neurririk eta pandemiak sortutako shock egoeraz baliatuta, trantsizio ekologiko eta digitalaren aitzakiarekin, diru kopuru izugarriak bideratu ziren transnazional handietara. Next Generation EU funtsen bidez 750.000 milioi euro banatu baziren ere, guztira 1,8 bilioi euro mobilizatu ziren Covid-19ak eragindako krisiaren izenean. Iberdrola, Repsol, Siemens, Total Energies, Volkswagen, Telefónica edota Indra izan dira diru eta zor publikoaren bidez finantzatutako funts horien onuradun nagusienetariko batzuk.

Kapital handiei eta enpresa-irabaziei gehiago ordaintzeko zerga-erreforma sakonik egin nahi ez den heinean, zor hori estatuen eta herrialdeen aurrekontuak eta zerbitzu publikoak murriztuta ordainduko da berriro ere; lan- eta pentsio-erreformak inposatuz, eta era guztietako murrizketa sozialak ezarriz.

Eta orain, munduko hegemoniaren eta baliabide estrategikoen lehia gordinaren testuinguruan, Ukrainako gerra eta Errusiaren mehatxua aitzakiatzat hartuta, gerraren beldurra hezurretaraino sartu nahi digute. Shock egoera horretaz baliatuz, beste 800.000 milioi euro bideratu nahi dituzte armagintza-industria finantzatzeko. Zatirik handiena Rheinmetall, Indra, Airbus, Leonardo edo Boeing moduko armagintza erraldoien parte diren putre-funts eta akziodun aberatsen poltsikoak gizentzeko erabiliko da. Bide batez baita arma industrian parte hartzen duten hainbat euskal enpresetako akziodunak aberasteko ere, Sener, Aernova, ITP Aero edo SAPAak esaterako. Berriro ere, diru publikoa interes pribatuak finantzatu eta indartzeko baliatu nahi da, guztiontzat funtsezkoak diren beharrak asetzeko baliabide publikoak eta babes sozialerako sistemak murriztuz.

Azken hamarkadetan elite politikoek hartutako erabaki hauek eta langile klasean eragiten ari diren pobretze orokorrak eta funtsezko beharren gabeziak (etxebizitza, zaintza, osasuna, hezkuntza, elikadura, informazioa, kultura…) elikatu dute, hein handi batean, eskuin muturraren gorakada.

Ezinbestekoa dugu shock egoera hau eragiten ari diren gezurrak agerian uztea, krisiaren arrazoi nagusiak eta erantzuleak identifikatzea, eta benetako konponbideak eta alternatibak sustatzea. Ez dugu armagintzan inbertitzeko beharrik, eta are gutxiago armagintza-industriako erraldoiak eta akziodun milioidunak finantzatzeko. Aski da diru publikoa finantza-erakunde, putre-funts eta transnazional erraldoien esku uztearekin. Aitzitik, premia izugarria dugu gure osasun- eta hezkuntza-sistema publikoa indartzeko; zaintza-sistema publiko eta unibertsala ezartzeko; alokairu merkeko etxebizitza publikoa zabaltzeko; pobrezia errotik desagerrarazteko; pentsioak eta gizarte-prestazioak modu esanguratsuan handitzeko; soldata eta lan-baldintzak hobetzeko; ekonomia eta lanaren burujabetzan aurrera egiteko; beste herrialdeak zapaldu eta ustiatzeari uzteko; gure herrietara datozen migraturiko pertsonei harrera ona egin eta elkarbizitza sustatzeko; ekonomia birkokatzeko eta behar sozialak modu iraunkorrean asetzen dituen ekoizpen-eredu baterako trantsizioa egiteko; nekazaritza eta elikadura agroekologikoa indartzeko; kalitatezko informazioa sortu eta zabaltzeko; kapitalismoaren menpekotasunetik askatuko gaituen kultura bultzatzeko; gure hizkuntza indartzeko; edo libre izango diren egitura eta tresna teknologikoak garatzeko, besteak beste.

Ez dira behar makalak, eta ez da zentzuzkoa -ezta bidezkoa ere- diru publikoa armagintza-industrian eta enpresa transnazionaletan xahutzea.

Eta noski, hau guztia bultzatu ahal izateko, gure kontura aberastu direnei, eta guztion funtsezko baliabideak eta gure lanaren emaitzak bereganatu dituztenei mugak jarri behar zaizkie. Mugak, bai esku artean dituzten pribilegioetan, bai metatu duten aberastasuna birbanatzeko garaian. Horretarako, ezinbestekoa da adierazitako beharrak finantzatzeko aukera emango duen zerga-sistema bidezko bat ezartzea.

Shock egoeraren bidez hezurretaraino sartu diguten beldurra desarmatzen saiatu behar dugu, eta askatasunean, demokrazian eta burujabetzan pauso sendoak emateko premia dugu. Hasi eraldaketa soziala bultzatzen duen zure inguruko sindikaturen batean militatzen; zure herriko talde feministan edo LGTBI kolektiboan parte hartzen; gazte mugimenduan, etxebizitza sindikatuan, mugimendu ekologistan edo migraturiko pertsonen eskubideen aldeko ekimenetan; talde antimilitaristan, pentsiodunen mobilizazioetan, ekonomia sozial eta eraldatzaileko proiektuetan, euskalgintzan, zure seme-alaben eskolako familia elkartean, kontsumo taldeetan edo elikadura agroekologikoa bultzatzen duten egitasmoetan murgiltzen. Azaldu eta defendatu hau guztia parte hartzen duzun kirol edo kultura taldeeetan, zure lagun artean, zure militantzia politikoan edo gertuko sentitzen duzun alderdi politikoan.

Ez da aukera faltarik. Logika kapitalista zurrun eta oligopolikoaren aurrean hamaika aukera ditugu eta denak shock egoera hauetan proposatzen dizkigutenak baina hobeak. Eraiki dezagun etorkizuna.