Aktibismo klimatikoa eta ezkerraren agenda
Naomi Klein, www.commondreams.org
Honenbestez, klimari buruzko aktibismo-plan bat aurkeztuko dizuet, labur. Nire planak ez du zerikusirik AEBko talde ekologista handi batzuek, merkatuak eraginda, proposatzen dituzten ergelkeria horiekin (bonbillak aldatzea, karbono-emisioen eskubide-trukea, emisio-murrizketa...). Mundu errealaz ari gara hemen, gure emisioen izugarrizko hazkundearen zergatiez.
Ekologistek ezin dute gidatu, eurek bakarrik, iraultza hori. Bestalde, inongo alderdi politikok ez dio ekin desafioari. Zuei dagokizue eginkizun hori
Berehala ohartu zaretenez, ezagunak zaizkizue zenbait kontu. Zergatik? Bada, agenda honetako elementu gehienak zuen sindikatu berriaren helburuetan ageri direlako. Horrez gain, hor daude iraganeko zuen borroka guztiak ere.
Lehenik eta behin, eremu publikoa berrasmatu eta berpiztu egin behar dugu: emisioak murrizteko, metro-, tranbia- eta tren-egitura garbiak behar ditugu, noranahi eta merke eramaten gaituzten garraio-sistema publikoak.
Garraiobide horiez gain, etxebizitza merkeak eta energiaren aldetik eraginkorra behar ditugu; energia berriztagarria elikatzen duten sare elektriko adimendunak behar ditugu; zaborrak biltzeko beste sistema bat behar dugu, ahalik eta hondakin kantitate txikiena uzten duen sistema bat.
Azpiegitura berriak ez ezik, inbertsio handiak behar ditugu lehendik daudenetan, etorriko diren hondakinei aurre egiteko.
Kolektiboki jardutearen mende dago gure etorkizuna, ezin dugula egin hainbeste urtez esan diguten hori egitearen mende, alegia. Ba ote sindikatuak baino erakunde hoberik mezu hori zabaltzeko?
Alor publikoaren etengabeko degradazioaren aurka borrokatu gara azken hamarkadetan, eta garbi ikusi dugu urtetako murrizketek ahulago bihurtu gaituztela hondamendi klimatikoekiko: ekaizte beldurgarriak dike kaskar batzuei ekiten; eurite gogorrak lakuetara hondakinak garraiatzen; suteak azkar hedatzen, suhiltzaileei soldatak eta langile-kopurua jaisten dizkieten bitartean; zubiak eta tunelak dardarka, eguraldiaren mende...
Alor publiko sendo baten alde borrokatzea galarazi beharrean, arazoaren muinera garamatza klima-aldaketak; oraingo honetan, gainera, arrazoi are tinkoagoekin. Kolektiboki jardutearen mende dago gure etorkizuna, ezin dugula egin hainbeste urtez esan diguten hori egitearen mende, alegia. Ba ote sindikatuak baino erakunde hoberik mezu hori zabaltzeko?
Arlo publikoaren berrikuntzak milioika lanpostu berri, ondo ordainduak, ekarriko ditu, Lurraren berokuntza-prozesua areagotzen ez duten sektoreetan gainera.
Baina, trantsizio handi horretan, lanpostu eta helburu berriak ez dira galdara-fabrikatzaileen, gasbide-instalatzaileen eta muntaketa-kateetako langileen esku bakarrik izango.
Izan ere, gure ekonomiaren zenbait sektorek (oso handiak, gainera) ez dute apenas ingurumena kutsatzen. Sektore horiek ari dira jasaten, hain zuzen ere, eraso eta murrizketarik gogorrenak. Emakumezkoak, emigranteak eta beltzak dira nagusi lanbide horietan.
Hor daude, bestalde, hedapen masiboa behar duten sektoreak: zaindariak, hezitzaileak, zabor-biltzaileak eta zerbitzuen alorretako beste zenbait, zuen sindikatuak antolatuko dituela hitzeman duen horiexek, alegia. Karbono-emisio urriko sektoreetan dihardutenak, berriz, soldata duinen eta errespetuaren eske ari dira. Emisio urriko eta soldata eskaseko enpleguak ondo ordaindutako enplegu bihurtzea konponbide klimatiko bat bada, berez, eta halakotzat aldarrikatu behar da.
Nire ustez, AEBko fast foodaren (janari azkarra) sektoreko langileak eta aurreko astean egin dituzten greba historikoak hartu behar ditugu inspirazio-iturri, nola antolatu behar dugun erakusten ari zaizkigu eta. Beharbada, benetako soldatak eta benetako janaria lortzeko lehen matxinada izan da, non langileen osasuna eta gizartearena elkarri estu lotuta azaldu zaizkigun.
Espero dut argi azaldu izana ez naizela aldarrikatzen ari “enplegu ekologikoen” programatxoren bat edo antzeko ezer. Iraultza laboral berde bati buruz ari naiz, neoliberalismoak azken 30 urteotan gure herrian eragin dituen hondamendiak sendatzeari eta, bide batez, gure Lurra osatzeari buruz.
Ekologistek ezin dute gidatu, eurek bakarrik, iraultza hori. Bestalde, inongo alderdi politikok ez dio ekin desafioari. Zuei dagokizue eginkizun hori.