[Liburua] Digitalizazio inklusiboa lanean eta gizartean

2022/03/15
digit.webp
Pablo Cotarelo eta Albert Medinak, ekonomia digitalak Hego Euskal Herriko testuinguru sozioekonomikoan duen eragina aztertzen dute liburuaren lehen zatian. Europako beste gizarteak bezala, HEH eguneroko bizimoduaren digitalizazio prozesu bat ari da bizitzen; europar herrialdeen artean erdi parean kokatuta dago egunero tresna digitalak erabiltzeari dagokionez. Honez gero konbergentzia digitaleko prozesuaren zati bat bukatu da; Internet etxeetan hedatuta dago, Europako beste edozein etxebizitzaren pare. Aldiz, prozesuaren beste zati bat ez da osatu: Internet erosketak egiteko baliatzeari eta Interneten erabilerari dagokiona. Bigarren atalak lan eta gizarte ikuspuntutik inklusiboa izango den digitalizazio prozesu bati nola ekin aztertzen du. Horretarako bi eremu nagusi bereizten dira: ekintza sindikala eta digitalizaziorako euskal eredua lan munduaren ikuspegitik.

(Liburua irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

Digitalizazioa ikuspuntu historikotik prozesu aski berria da, zeina gero eta garrantzitsuagoa den eta finantziarizazio prozesuan errotua dagoen. Era berean, finantziarizazioa prozesu historiko bat da, mundu guztian zehar gertatu dena 1970eko hamarkadatik hona. Haren ondorioz finantzak gailendu egin zaizkie ekoizpen eta banaketari. Finantziarizazioa hasi zen Bigarren Mundu Gerra ostean, hazkunde eta sarreren igoera tarte luze baten buruan. Finantziarizazio aurreko aldian eskari agregatua kudeatu zen, nazio eta nazioarte mailan finantzaarauketa zorrotza ezarri zen eta langileen diru-sarrera errealek goranzko joera izan zuten.

Alabaina, finantziarizazio aldiaren ezaugarri izan dira hazkunde motela eta herrialderik aurreratuenetan jazo diren krisi ekonomiko errepikatuak. Energiaren prezio apalek eta informazioa prozesatzean zein telekomunikazioetan izandako aldaketa tekniko sakonek kapitala mundu guztian zehar mugitzeko erraztasuna ekarri zuten; ondorioz, herrialde nagusienetako kapital handia areago geratu zen estrategia merkantilista eta errentisten menpe, zeintzuen oinarria zen ekoizpenaren deslokalizazioa eta merkataritzaren nahiz finantzen liberalizazioa. Halaber, joera hau muturrera iritsi zen lan merkatuak eta finantza- zein merkataritza-sistemak goitik behera desarautu zirelako; hauek propio gauzatu zituzten gero eta neoliberalago ziren estatuek, eta horregatik ekonomia garatuetan produktibitatearen hazkundea ahuldu egin zen.

Pantaila-argazkia 2022-03-15 09-38-49.jpgTestuinguru honetan lan munduaren atzerakadak eragin du finantziarizazioarekin batera diru-sarreren banaketan oreka kapitalaren alde lerratu izana. Fenomeno honen beste aurrerapauso bat izan da, eskulana erretiratzearekin batera, herri-administrazioek oinarrizko ondasun eta zerbitzu gutxiago hornitu dituztela, ongizate-estatuaren partetzat jo izan ziren zerbitzuak pribatizatzeko eta aro neoliberalaren ezaugarri diren “finantza sendoen” estrategiari dagokion gastua murrizteko gobernuen joera orokorragatik. Joera hau zeharo areagotu da 2007-2008ko krisitik hona, batik bat Europan, non austeritate fiskala eta pribatizazioak izan ziren krisiari emandako erantzun orokorra, eta honen emaitzak oso txarrak izan ziren.

Orobat, finantziarizaziorako joera kapitalismo helduaren ezaugarri dugu, finean erraz xurgatu ezin den “soberakin” bat sortzen delako. Gainera, kapitalismoa heldu ahala monopolioak nagusitzen dira. Kapitalismo monopolistapean lanaren esplotazioaren emaitza da etengabe hazten den balio-soberakina. Hau ezin da erraz xurgatu kontsumoaren eta sektore produktiboaren inbertsioaren bidez, ez eta salmentei edo estatuaren gastuari lotutako jarduerekin ere. Garapen hau areago gertatzen da produktibitatearen hazkundea eta aurrerabide teknikoa medio.

Haatik, egun ‘ekonomiaren digitalizazio’ deitzen zaion fenomenoa zinez ez da iraultza teknologiko bat, ez eta Makinen Bigarren Aroa ere (Brynjolfsson-McAfee), edo Rifkinen Hirugarren Iraultza Industriala, ez Munduko Foro Ekonomikoaren Laugarren Iraultza Industriala, edota Bosgarren Iraultza Industriala (zeina 1980ko hamarkadarekin batera hasi zen). Une honetan bizitzen ari garena bi fenomenoren arteko inlfexio puntua da. Batetik, IKT ekin zerikusia duen guztiak piztutako mende aldaketaren frenesia daukagu. Bestetik, potentzial berritzailearen eta gizarte globalizatuaren artean premiazko sinergiak ditugu, irismen handiko erakunde-zurrunbiloetan oinarritzen direnak. (Valenduc, 2018).

Azken urteetan egin diren nazioarteko analisi ugarietako datuetatik atera daitekeen ondorioa da europar gizarte guztiak eguneroko bizimoduaren digitalizazio prozesu bizi izan dutela, eta ari direla bizitzen, neurri handiago edo apalagoan, eta abaila handiago edo txikiagoan.

Digitalizazioak eragin duen Europako eguneroko bizitzaren eraldaketak adierazpide ezberdinak ditu, eta guztiak ez dira onerako, edo ez dute prozesu horretan murgildutako pertsonen bizia hobetzen. Esaterako, hor ditugu genero eta klase ezberdintasunei lotutako arazoak (zeintzuk dokumentu honetan sakonago
aztertuko ditugun), edota sozio-ingurumeneko arazo estrukturalak ere.

Zenbait eskola eta joera ekonomikok azken aldian zabaldu dituzten doktrinen artean ekonomiaren desmaterializazioari buruzkoa dugu. Doktrina hau zati batean diseinatu zen ingurumen-justiziaren aldeko mugimenduen eskari eta proposamenei garrantzia kentzeko; esaten duena da IKT ei, Internetari eta digitalizazioari esker bereizi egingo zirela hazkunde ekonomikoa (BPGan adierazia), batetik, eta energia zein material beharrak, bestetik. Ondorioz, komenigarria litzateke haren garapenari maila globalean trabak edo oztopoak ez jartzea; aitzitik, oso beharrezkoa litzateke erabat sustatzea.

Haatik, honelako argudioek, agian interesagatik, ez dituzte aintzat hartu behar diren energia eta material kopuru izugarriak, mundu digitaleko egitura eta azpiegiturak eraikitzeko eta hauek mundu mailan eta eskala globalizatzailean funtzionatzeko eta mantentzeko ere. Eragin hau islatzen duten zenbait adibide
aipatzearren, hor ditugu digitalizazioaren konexioak egiten dituzten satelite eta itsaspeko kableak, edota gailu digitalek (sakeleko telefonoak, zerbitzariak eta
mahaiko ordenagailuak) funtzionatzeko behar diren mineralen hornikuntzakateak eta energia-iturriak.

Beraz, produkzioari eta honen eskakizunei dagokienez digitalizazioaren fenomenoaren sozio-ingurumeneko eragina oso handia da. Baina kontsumoaren aldetik ere egoera ez da oso bestelakoa. Batetik, gailu elektroniko digitalak ugaritu egin dira: “erabili eta bota”tzearen eta “zaharkitze programatua”ren logika oinarritzat hartuta produktu hauen per capita kontsumoa zeharo gehitzen ari da. Bestetik, pantailek ezkutatu egiten dituzte euren atzean dauden inpaktu guztiak (lanekoak, sozialak, ingurumenekoak, ekonomikoak, etab.). Paradoxikoki, baita beren burua arduratsuen jotzen duten gizarteko segmentuetan ere. Azkenik, pantailen bidezko harreman sozial eta kontsumoak dakarten indibidualizazio eta bakartze soziala, zeintzuk energia eta materialei buruzko eskakizun berriak sorrarazten dituzten online eta on time eskatutako produktuek gainditu beharreko distantzien ondorioz, baita paketatze berriek ere (beharrezko direla zein ez).

Aurreikus daiteke biztanleriaren sektore gero eta zabalagoek galdatzen duten trantsizio ekologikoa, dagozkien tresna digitalen laguntzaz, enplegu berriak sortzeko aukera izatea herrialde zentraletan, hau ekonomia bertokiratzera eta mundu mailako hornikuntza-kateak murriztera bideratuz gero.

Bestalde, aipatu behar da lan munduko trantsizioa iraunkorrak ez diren sektoreetatik iraunkor direnetara ez dela erraza, hainbat arrazoirengatik. Hauetako bat da iraunkor ez diren enpresa-jarduera batzuetan metatutako botereek, esaterako erregai fosilen ingurukoek, kapitala metatzeko ahalmenari ez diotela uko egin nahi.

Tresna digitalek trantsizio ekologikoan eta gainerako sektoreetan izan beharreko eginkizuna askatzailea izan behar da, eta ekidin eta eragotzi egin behar ditu harekin batera joan litezkeen metatze-prozesu berriak, baldin eta demokrazia ekonomikoan oinarritutako trantsizio ekologikoa izango bada. Testuinguru orokor honetan eta baldintza historiko hauetan ari da garatzen digitalizazioaren fenomenoa. Honelako fenomeno batek izan ditzakeen dimentsio anitzetatik dokumentu honetan soilik helduko diogu lan munduari, eremua aurrez zedarrituz.

Lehenik, gure abiapuntua da nazioarteko kapitalak bultzatutako fenomeno global baten aurrean gaudela, eta horrek boterearen dimentsio eta erabilera jakin bat esan nahi du. Gainera, jakina da sistema ekonomikoaren joera eta garapen hau monopolio gisa gauza dadin interesa oso handia dela.

Bestalde, esan dugun moduan, oraingo inpaktu negatiboak eta potentzialak, globalak ez ezik atzeraezinak ere izan daitezke, biosferako mekanismo erreproduktiboei eragiten diotelako, esaterako klimari.

Halaber, ez dugu ezagutzen egitura estatal edota nazionalek zenbateraino jokatuko duten elkar hartuta edo elkarrekiko lehian, globalizazio eta burujabetza galtze prozesu berri honen aurrean, antza halakoa izan bailiteke digitalizazioa.

Beste abiapuntu bat da ziurgabetasun maila altua ekar dezaketela digitalizazioaren garapena biziki eragotz dezaketen beste fenomeno batzuek. Honen adibiderik berrien eta dramatikoena izan dugu Covid-19ak eragindako pandemia.

Azkenik, azken faktu hauek garamatzate ekuazioan kontratu sozialari buruzko eztabaida sartzera. Izan ere, badira zantzuak adierazten digutenak beste eremu edo sektoreetan bezala, azken hamarkadetan Europan indarrean izan den kontratu soziala iraungitzekotan dela. Botereen aldetik ematen zaion tratu txarrak lan mundua behartu egiten du posizioa eta planak aldatzera. Eragin nahi diren eraldaketek hainbat dimentsio dituzte, eta gaur egun ezagutzen dugun gizartearen errealitatea definitu eta taxutzen dituzte. Ekonomia digitalari berez datxezkion negozio-eredu berrien xedea da produkzio-kostuak murriztea kapitalaren metatze arrakastatsua azkartzeko; ustez immateriala omen den klase sozial ibiltari berri bat sortzea, klase-orientazio eza areagotzen jarraitzeko; ongizate estatua suntsitzea edota honi dagozkion negozio-hobiak sortzea (zerbitzu publikoak), eta gure gizartearen beste zutabe batzuk.

Ikuspegi politiko hutsetik begiratuz gero, botereen apustu hau uler daiteke 80etako iraultza kontserbadorearen eta produkzio industrialaren deslokalizazio prozesuaren (eta honen ondorioen) fase berri gisa. Epealdi hauetako erabaki ekonomikoekin batera etorri ziren proiektu politiko eta kontratu sozialaren aldaketa zeharo erradikalak.

Horregatik, ekonomia digitalak dakartzan erronkei erantzuteaz gainera, sindikalismoak (beste aktore batzuekin batera) sustatu egin beharko luke klase herrikoientzako kontratu sozial berri baten egitasmoa. Eliteen proiektu politikoa oraingoan ekonomia digitalaren hedapenaren ezkutu atzean datorrenez, kontratu sozialerako proposamen sindikalaren inguruko eztabaidaren lehen puntua izan beharko litzateke “nori erantzun behar dion berrikuntza teknologikoak eta nola garatu erabakitzen den, eta zeintzu irizpideren arabera, baita zein klase edo talde sozialen mesederako”.

Bestalde, digitalizazioaren azken interpretazio batek berriro dakarkigu gogora monopolioak sortzeko duen joera, zenbait kasutan mundu mailan, edota mundu mailan nagusitzeko ahalmena. Hain zuzen, digitalizazioa interpreta liteke, oro har eta bere alderdi nagusiei dagokienez, AEBetako boterearen prozesu edo proiektu kolonizatzaile gisa. Ikuspuntu geopolitikotik Europako eskualde industrialak altxor preziatu izan daitezke, eta bere langile-klasearen zati handi bat prekaritatearen kontrako borrokara eraman; honek Europa baitako aliantzen agertoki berri bat ireki dezake.