Alda: Langile jendartearen beharrei erantzuteko antolakuntza kolektiboa

2023/02/03
xebax.jpg
"ALDA orain dela bi urte sortu zen Manu Robles-Arangiz fundazioan eta Bizi mugimenduan ohartzen ginelako Iparralden langile jendartea gero eta isolatuago bizi zela eta ez ginela haiengana iristen. [...] Bada hor jende bat Euskal Herrian bizi dena, ez dena euskalduna sentitzen, baina, aldi berean, sentitzen duena frantses Estatuak abandonatu egin duela. Guk uste dugu jende horiekin eraiki behar dela Euskal Herria. Horretarako pentsatu dugu langile jendartearen baitan lan egin behar zela, haien behar material eta eguneroko arazoei erantzunez; lehenik behar horiei heldu, eta gero komunitate bat eskaini. Hori egiten ez dugun artean bakartua den jendarte hori beldurtzen da edo bakarrik da bere arazoen aurrean, eta horrek elikatzen ditu, besteak beste, hauteskundeetan abstentzioa eta eskuin muturreko boza."

Xebax Christyk ALDA-ko kolehendakariak "Etxebizitzaren arazoa" gaiaren inguruan emandako hitzaldia da hau. Baleak elkarteak Hendaian antolaturik "Ipar Euskal Herriko borrokak" hitzaldi zikloaren baitan. Bideoa Kanaldude-rena da.

"Hasteko ALDA nondik datorren azalduko dut, zein da bere proiektua.

ALDA duela bi urte sortu zen Manu Robles-Arangize fundazioan eta Bizi mugimenduan egindako gogoeta baten ondotik. Ohartzen ginen langile jendartea gero eta isolatuago dela Iparraldeko gizartean. Langile jendartea egituratzen duten egitura handiak, eliza, alderdi komunista, sindikatua, elkarteak... desagertzen ari direla, eta hor badela jende bat bakarrik dena bere arazoei aurre egiteko. Arazo horiek dira alde batetik arazo materialak, baliabide gutxi dituztenak; eta beste aldetik arazo ez materialak: gizartearen kodeak ez dituztela ezagutzen, ez dutela harreman sarerik haien inguruan... Horregatik arazo materialak larriagoak dira ez dutelako beste batzuek ditugun laguntza sareak.

Ikusten genuen ere abertzale mugimenduak, eta sortzen ditugun alternatibek, ez dugula langile jendearte hori mugitzen. Bada hor jende bat Euskal Herrian bizi dena, ez dena euskalduna sentitzen baina aldi berean sentitzen duena frantses estatuak abandonatu egin duela, ez dela beretaz okupatzen, eta guk uste dugu jende horiekin eraiki behar dela Euskal Herria eta orduan pentsatu dugu lan berezi bat eraman behar zela langile jendartearen baitan lan eginez eta abiapuntutzat hartuz haien behar material eta eguneroko arazoak; lehenik haiei erantzun behar zaiela, eta gainera komunitate bat eskaini. Guk badugu aberastasun hori Euskal Herrian, komunitate bat garela: euskara, kultura, jendarte bat. Beraz, arazo materialak konpondu behar ditugu eta komunitate bat eskaini. Hori egiten ez dugun artean bakartua den jendarte hori beldurtzen da edo bakarrik da bere arazoen aurrean, eta horrek elikatzen ditu besteak beste hauteskundeetan abstentzioa eta eskuin muturreko boza.

Metodo gisa AEBetan ainitz erabiltzen de community organizing erabili dugu. Auzoetan kolektiboak sortzeko erabiltzen da metodo hau. AEBetako lan zentroetan sindikatuek erabiltzen duten metodoan oinarritzen da, baina kasu honetan etxebitzen auzoan kolektibo bat sortzeko eta bere beharrei erantzun kolektiboa emateko erabiltzen da. [...]"