Enplegu duina sortzeko proposamenak

2017/03/07
EnpleguBerdeakESSKongresua.jpg
Zerga-politikaren erreforma, sektore publikoaren garapena, klausula sozialak kontratazio publikoetan, lan banaketa, soldata igoerak, gutxieneko soldata duina eta gehienezko errenta baimendua, politika industriala, enplegu berdeak, pentsio erreformak atzera bota... Horra baldintza duineko lanpostuak sortzeko proposatzen ditugun egiturazko politikak.

Azterketak 34Proposamen hauek Azterketak 34 publikazioan argitaratu dira

1. Zerga politika

Kalitateko enplegua sortzeko politikak aplikatuko badira, lehenik eta behin errotik aldatu beharko dira aplikatzen ari diren aurrekontu eta zerga politikak. Aurrekontuak doitu eta murrizteko politiken ondorioz, langabezia nabarmen hazi da. Horregatik, aurrekontu politika horietan atzera egin behar da. Izan ere, ezinbestekoa da gastu publikoa handitzea, eta horretarako, halaber, errotik aldatu behar dira azken urteotan aplikatu diren zerga-politikak, ELAk hainbat proposamenen bidez aldarrikatu izan duen bezala. Gogoratu beharra dago Europar Batasunarekiko dagoen defizit fiskala (2.000 milioi euro urtero Nafarroan), eta horrek zer dakarren berekin, hau da, deskapitalizazioa, eta enplegua sortzeari uko egitea.

2. Sektore publikoaren garapena

Bereziki, Ongizate estatuarekin zerikusia duten zerbitzu publikoak. Nafarroan, Europan batez beste gastatzen dena baino askoz ere gutxiago gastatzen da babes sozialean, eta horren ondorioz, gizarte eta enplegu arloko estalduren maila txikiagoa da. Enplegu publikoaren maila igo beharra dago osasunean, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan, garraioan, etab. Ikusten den bezala, gizarte babesa hobetzeak kalitatezko enplegu maila handiagoa dakar.

3. Kontratazio publiko guztietan kalusula sozialak sartu

Beharrezkoa da Nafarroako Gobernua inplikatzea, eta era berean, bermatzea kontratazio publiko orotan sar daitezela ELAk herri-ekimen legegile baten bidez bultzaturiko klausula sozialak.

Nabarmentzekoa da herri-ekimen legegilean bildutako edukien garrantzia; subrogazioa, aplikaziorako hitzarmenak, eta zehapenak; hau da, zerbitzua eten egitea baldintza horiek betetzen ez dituzten enpresentzat. Nafarroako Gobernuak aukera paregabea dauka lan prekarietatea desagerrarazteko haren finantzaketaren mendean dauden sektoreetan.

4. Lanaren banaketa: lanaldi murrizketa soldata murriztu gabe

Langabeziaren hazkundea produktibitatearen hazkundearen eskutik heldu da, enpresen soberakinetara doana. Hau da, aberastasunaren banaketan gero eta txikiagoa da lan errenten zatia, eta hori enpresen eta kapitalaren errenten mesedetan doa. Lanaldia 35 ordura jaistea, soldata murriztu gabe, enplegua sortzeko politika da, eta guztiz da egingarria, aberastasun-banaketa bidezkoagoa onartzen bada. Beharrezkoa da, gainera, lanaren banaketa aztertzea, hala ekoizpen-lanaren banaketa nola ugalketa-lanarena.

5. Soldatak igoerak eta gizarte estaldura duinak

Enplegua sortzeak halaber lotura dauka ondasunak eta zerbitzuak erosteko gaitasunarekin. Enplegurik ez bada, eta lan-baldintzak gero eta okerragoak badira, ezinezkoa da ondasunak eta zerbitzuak erosteko gaitasuna eragitea. Esportazioan oinarrituriko ereduak ez du berdinduko barne-kontsumoaren gainbeherak eragindako enplegu-galera. Nori erosiko diogu, diru-sarrerarik ez badugu? Horregatik, suizida da, termino ekonomikoetan, soldatak eta gizarte prestazioak murrizteko politika egitea. Frogatua dago soldaten nahiz gizarte prestazioen ahalmena hobetzea lagungarria dela enplegua sortzeko, eta halaber, errenta era bidezkoagoan banatzen laguntzen du.

6. Gutxieneko soldata duina eta gehienezko errenta baimendua ezarri

Gutxieneko soldatak tresna bat izan beharko luke, lan- eta bizi-baldintza duinak bermatzeko. Baina, Espainiar Estatuan ezarritako zenbatekoa (655,2 euro hilean; 764,4 euro, aparteko ordainsariaren zati proportzionala kontuan hartzen bada) ez da inola ere nahikoa. Askoz ere txikiagoa da, gainera, Frantzian, Herbehereetan, Irlandan edo Belgikan ezarritako zenbatekoa baino; hots, 1.400 euro baino gehiago, edota Luxenburgoko zenbatekoa baino, 1.800 euro. Era berean, garrantzitsua da gehieneko diru-sarrera baimendu bat ezartzea, aberastasunaren izugarrizko pilaketa eragozteko. Hori justizia soziala baita, eta halaber, demokrazia, eta gure planeta errespetatzea (mugak ezarri behar zaizkio planeta finituaren harraparitzari). Badira hainbat bide aldarrikapen hori gauzatzeko; adibidez, % 100eko tasa marjinal bat ezartzea, errenta edo etekin maila jakin batetik gora.

7. Politika industriala

Finantzaketa bermatu behar da (inbertsioak, I-G-B edo zirkulatzailea), etorkizuna duen proiektu eta produktu bat duten enpresentzat. Bestalde, sektore estrategikoak zehaztu behar dira, eta sektore horiek bultzatzeko plan zehatzak garatu. Ezinbestekoak dira proiektuak eta planak, produktu osagarriak eskaintzen dituzten enpresen arteko sinergiak bultzatzeko:
- Instituzioen eginkizun aktiboa bitartekaritza-lanak egiteko eta etorkizuna arriskuan duten enpresentzako kapitala lortzeko.
- Enpresak nazioartera ateratzen laguntzeko prozesuak lagundu eta dinamizatzea.
- Enpresa txiki eta ertainei buruzko plan zehatzak abian jartzea.
- Inbertsioari eta garapenari buruzko gogoeta-prozesu bat irekitzea, kontuan hartuta gizartearen zerbitzuan jarri behar dela diru publikoarekin bultzatzen dena.

8. Enplegu berdeak sustatu

Funtsezkoa da jarduera iraunkorrak bultzatzea, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik. Egunetik egunera, gero eta agerikoagoa da zeinen premiazkoa den egungo ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-eredua aldatzea. Datu bat emanen dugu, horren erakusgarri: atmosferako CO2 mailak jada 400 partetik gora daude milioi bat partikula bakoitzeko (eta kalkuluen arabera, gehieneko maila onargarria 350 da). Sakondu nahi izan gabe, esan dezagun enplegu asko sor daitezkeela arlo hauetan: energia berriztagarriak, hondakinak kudeatu eta tratatzea, lurzoruak leheneratzea, nekazaritza ekologikoa (eta lehen sektorearen eta gainerakoen arteko erlazioa), kutsadura kontrolatu eta prebenitzea, etab.

9. Azken urteotako pentsio erreformak atzera bota

Azken erreformek erretiro-adina atzeratu dute (67 urtera arte), pentsio berrien zenbatekoa murriztu dute, eta erosahalmena galtzea eragin dute. Erretiro-adina atzeratzeak gazteen langabezia handitzea dakar berarekin. Hortaz, beharrezkoa da murrizketetan atzera jotzea, eta pentsio-sariak duintzea, langabezia murrizten laguntzeko. Kontratu guztiek Gizarte Segurantzan kotizatu behar dute.

10. Enplegua mantendu

Lan-erreformek lan-malgutasuna handitu dute; hau da, enpresaburuak bere kasa erabakitzen du hori. Horren ondorioz, kaleratze kopuruak gora egin du, eta enplegua prekarizatu da. Malgutasun handiagoaren eraginez, langabeziak gora egin du; beraz, hori ikusita, beharrezkoa da lan-eskubideak hobetzea eta azken urteotan enpleguan eta negoziazio kolektiboan onetsitako erreformak atzera botatzea, eta hori beharrezkoa da, enplegurik ez suntsitzeko eta baldintzak hobetzeko. Horren haritik, garrantzitsua da ez onartzea inor kaleratzerik ekonomia, antolaketa edo ekoizpen arloko arrazoiak direla medio, baldin eta enpresek irabaziak badituzte edota aurreko urteetan irabaziak izan badituzte.