EROSKI-CECOSA: Zapaldu eta arrazializaturiko langileen ahotsa
Izan Ta Esan 13
EROSKI-CECOSA: Zapaldu eta arrazializaturiko langileen ahotsa
Aiala Elorrieta
(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)
Sarrera
“Bertakotasuna” bere markarekin lotzen duen bertoko kooperatiba da EROSKI. Elorrion duen biltegian, biltegiko lan nekezena egiteko, langileak zuzenean kontratatu ordez, CECOSA enpresaren bitartez azpikontratatzen ditu. Jatorri atzerritarreko gizonez osaturiko plantilla, nagusiki: 130 langileen artean %70a pertsona migratuak eta lau emakume baino ez.
Almazenean, alde batetik, EROSKIko kooperatibistek lan egiten dute, lan baldintza nabarmen hobeagotan. Beste aldetik, CECOSAk kontratatuta dituen 130 langileak. Batzuek zein besteek leku berean lan egiten duten arren, CECOSAko langileek askoz baldintza okerragoak dituzte: fisikoki askoz gogorragoak diren lanak egiten dituzte baldintza gogorragoetan. Bestela esanda, EROSKIko kooperatibistek egiten ez dituzten lan nekezak egiten dituzte.
Biltegian produktu ez-freskoak gordetzen dituzte, handik gero EROSKIren saltokiak hornitzeko. Kargatu, deskargatu, kutxak gora eta kutxak behera. Lasto kilo batek eta burdin kilo batek berdin pisatzen dute, baina almazeneko kutxa guztiek ez dute berdin pisatzen. Pentsua, ura eta xaboiaren kutxak dira denetan astunenak. CECOSAko langileak dira kutxa hauetaz arduratzen direnak.
Esplotazioaren muina CECOSAko langileei aplikatzen zaien lan hitzarmenean dago. Lokaltasunaz eta bertokotasunaz lau haizetara propaganda zabaltzen duen EROSKIk, CECOSAren bidez, ez die langileei bertakoa den lan hitzarmenik aplikatzen. Lan baldintzak Saltoki handietako estatuko hitzarmenak arautzen ditu, prekarizatuz. Estatuko hitzarmenarekin, kilometro zeroko prekaritatea.
Bere egoera prekarioaz jabetuta eta nazkatuta, ELAra gerturatu ziren eta antolatzeko urratsak ematen hasi ziren. 2023ko abenduan bost eguneko greba egin zuten, eta greba balio handiko akordioarekin itxi zuten. Baina grebaren nondik norakoak ezagutzeaz harago, langileek egindako ibilbidea ulertzeko, denboran atzera egin beharra dago. Zein izan zen lehen harremana sindikatuarekin? Nola izan zen hauteskunde sindikalen prozesua? Enpresarekin izandako bilerak zelakoak izan ziren? Zein eskakizun izan ziren langileak gatazkan inplikatzera eraman zituenak?
Gai guzti hauei buruz hitz egiteko asmoz ELAren Durangoko egoitzan elkartu ginen. Gurekin egon zen, Maialen Hidalgo, Gernika-Durango eskualdeko Zerbitzuak federazioko ELAko arduraduna. CECOSAn ELAk dituen 6 ordezkarietatetik, bost egon ziren: Mody, Lucky, Asier, Elias eta Manuel. Seigarren ordezkaria, Jose, baja medikoan zegoen eta ezin izan zuen bileran parte hartu.
Gertutasuna eta konplizitatea nabari ziren Maialen eta ordezkarien artean. Plazera izan zen goiza elkarrekin pasatzea, mahai baten bueltan. Haien bizipenak miresmen handiz aditu genituen.