G7ren kontrako mobilizazioak: desintoxikazio saio bat?
1) Bizik ez du neholako traturik egin agintariekin
Bizi berant sartu zen G7EZ plataforman, azken honek galdaturik. Bilkuretan parte hartzen hasi ginelarik, plataformaren sortzea baino zenbait hilabete berantago, plataformak jadanik erabakia zuen kontra-gailur bat eta manifestazio handi bat antolatzea, baita desobedientzia zibil ekintza bat ere (7 elkarretaratzeak, «Ortzadarra» deituak zirenak). Jada negoziazioak abiatuak zituen Estatua eta honen zerbitzuekin, eta lehenbizian Baionan aurreikusia zen gailurraren kontrako gertakariaren debekua onartua zuen. Jadanik onartua zuen gertakari eta manifestazio horiek Hendaian eta Irunen antolatzea, eta kanpamendua Urruñan Estatuak eskainitako lur-eremu batean egitea. Alta, orain erradikaltasun lezioak ematen dizkiguten batzuk, anarkista edo «antifa» batzuk eta beste kolektibo edo pertsonak, ordu haietan plataforma horretan ziren, gainera negoziazio eta erabaki horien ondotik ere bertan egon dira. Bizi bilkura horiek segitzen hasi zen, plataformak eskatu baitzion, jendea behar zutela erranez, lanpetuak baitziren. Elkartasunez egin genuen, hastapenetik zehaztuz gure engaiamenduaren mugak, nahiz eta dudakorrak ginen plataformaren osaerarekin eta egin ziren hautu estrategikoekin (1). Ardura guziak gure gain hartuz egin genuen, ez agintarien arabera, baizik eta mugimendu alternatibo eta Euskal Herriko jendaldearen alde, beste batzuek erabaki eta trenkatu zuten gertakaria, orokorki ahal bezain ongi gerta zedin segurtatzeko.
G7EZ euskal plataforma eta Frantzia mailako Alternatives G7 plataforman parte hartzen ez zutenei, eta gu iraintzen, mehatxatzen eta kolaboratzaile gisa tratatzen gaituzten pertsonei dagokionez, jende hauek bertan antolatutako hainbat ekitalditan parte hartu dute (aste Intergalaktikoa, manifa edo hainbat hitzaldi), Hendaian eta Urruñako kanpalekuan bildu eta bizi izan dira. Beraz Biarritzetik urrun izateko Estatuak aurkitutako lekuan bizi eta antolatzea onartu dute, Nestlé multinazionalak utzitako bere gune batean, eta Hendaiara joateko Euskal Elkargoak ezarritako autobusak erabili dituzte, jakinez segurrenik gero Euskal Elkargoak autobusa erabiltzearen kostuaren ordaintzea galdatuko diola G7ri, antolaketa aurrekontutik. Izan gaitezen beraz denok apal eta xume gutarik bakoitzaren egiazko erradikaltasun eta haustura mailari buruz.
2) Alternatiba, ANV-COP21 eta Bizi ez dira agintariekin tratuan ibili
Alternatiba eta ANV-COP21 ez dira inoiz bi plataformetan egon eta ez dute hauen bilkuretan parte hartu. Elkarte hauetako militanteek beren laguntza eskaini dute, Bizik eskaturik, kanpamentuan (bitartekaritza zerbitzuetan adibidez) eta kontra-gailurrean (tailer, formakuntza, bitartekaritza zerbitzuetan). Baina bi elkarte hauek bi ekintza bakarrik egin dituzte G7 kari, biak Bizirekin eginak; Irisarriko Herriko Etxeko Frantziako presidentearen potretaren kentzea eta agorrilaren 25eko potreten martxa. Inongo traturik ez da izan agintariekin bi ekintza hauen inguruan. Agintariak ordea Bizirekin behin baino gehiagotan harremanetan sartzen saiatu dira potreten martxari buruz informazioa jakin nahi zutelako eta honi buruz atal batzuetan negoziazio bat lortzen saiatuz. Jakin nahi zuten martxaren ibilbidea, prentsaurrekoaren lekua, presidentearen zenbat potreta izanen ziren bertan eta hauekin zer egiteko asmoa genuen. Galdetu digute ea potretekin desfilatuko genuen eta zehaztu digute Estatuak ezin zuela hau onartu. Suprefetak Biziko ordezkari batekin biltzea ere eskatu zuen, martxaren aste bereko asteartean (bi militante joan gara bilkura horretara).
Publiko egin ditugun informazioetatik kanpo ez ditugu sekula agintariak beste deusez informatu. Ez dugu deus erran, ez ibilbideaz, ez prentsaurrekoaren tokiaz ez eta bereziki potretekin zer egiteko asmoa genuen ere. Suprefetak bistan dena beldurtze saiakera bezala ulertu dugun doinu adeitsu batekin azaldu digu, agintariek ezingo zutela onartu "irudi presidentzialaren histura" izan zitekeena. Ez diogu sekula erran zein ziren gure asmoak baina argi da ez genuela sekula pentsatu potretak ez genituzkeenik agerraraziko martxa bitartean, are gehiago, Macronen irudia buruz-behera jarriz. Ez dugu sekula jakin zein ziren estatuaren asmoak (potreten martxa egiten utzi edo oztopatzen saiatuko zenez, adibidez, zeharkatu behar genituen auzoak inguratuz edota eskua sartuz potreta batzuk agertuko zirelarik, eta eskuan zituzten militanteak atxilotuz etab.).
Agintariek, beren aldetik, ez zuen iduri zinez gure xedeak edo asmoak zein ziren zekitenik eta arrazoirekin: martxa hori prestatzeko bilkurak apartamentu edo egoitza "safe" edo segurretan iragaten ziren, telefonorik gabeko ekintzaileekin, azken hauek hemen zehaztuko ez ditugun segurtasun protokolo batzuk segitzen zituztelarik.
3) Potreten martxaren arrakasta
Bere zakurra ito nahi duenak, errabiatua dela dio. Bortizkeriarik gabekoak kolaboratzaileak direla frogatu nahi dutenek, horren haritik doazen gezur guziekin bat egiten dute, horien iturria poliziak badira ere. Intoxikazio horren kolaboratzaile eta hedatzaile bilakatzen dira horrela. Canard enchaîné astekariak G7ren ondoko asteazkenean informazio labur batean honakoa baieztatu zuen: "desobedientzia zibileko zazpi elkarretaratzeak bertan behera uztearen truke, tokiko bi talde aktibisten arduradunek baimen ez ofiziala ukan dute igandean Baionan desfilatzeko, "(alderantzizko) potreten" izeneko martxarentzat." Artikulu labur hori idatzi duen izen gabeko kazetariak ez ditu deontologia arauak errespetatu. Ez da sekula, potreten martxaren antolatzaileekin harremanetan sartu gertatutakoari buruz beraien ikuspuntua biltzeko eta segurrenik barne ministeriotik zetorren informazio hori konparatzeko.
Militante «erradikal» andana batek sare sozialetan bat egin du «informazio» horrekin, hedatzeko, eta Bizi, ANV-COP21 eta Alternatiba mugimenduen iraintzeko, Estatuaren konplize izan direla errateko, etab.
Alta, informazio faltsu hori logikaren kontra zihoan eta agintarien interesak zerbitzatzen zituen, argiki:
a) Informazio faltsu hori logikaren kontra zihoan. Izan ere, potreten martxaren antolatzaileetarik bakar batek ere ez zuen 7 elkarretaratzeen antolaketan parte hartu, eta alderantziz berdin. Ez genuen beren antolaketari buruzko bilkuretan parte hartzen (2) eta ez dugu 7 elkarretaratzeen ezeztatzea erabaki duten eztabaidetan eta bilkuran parte hartu. 7 elkarretaratzeen antolatzaileetarik bakar batek ere ez zuen potreten martxaren antolaketan parte hartzen. Bi aldeek ez dute sekula 7 elkarretaratzeen ezeztatzea elkarrekin aipatu. Gure aldetik, ezeztatze horren berri ukan dugu potreten martxaren bukaeran, orduan egin den prentsaurrekoaren mementoan.
Bi plataformek zehaztu digutenaren arabera, 7 elkarretaratzeen ezeztatzea erabaki duen bilkura goizeko 8:30ean egin da, Urruñako kanpalekuan. Tenore horretan, potreten martxari zegozkion polizia baliabideak jada plantan ziren eta ez dira ondotik aldatu. Eta zernahi gisaz, gure apustua jada irabazia genuen: bazuen hainbat egun -hainbat aste batzuetan- presidentearen potretak sarrarazi eta gorde genituela Baionako herri barnean, martxaren denboran ateratzeko. Larunbat arratsalde hastapeneko, 200 militante -denak prest atxilotuak izateko- sarrarazi eta gorde genituen Baiona Ttipiko eta Baiona Handiko apartamentu eta egoitza andana batean, potreten martxaren segurtatzeko, bi auzotegi horiek osatzen duten herri barnea poliziaz osoki inguratua zen kasuan ere. Edozein kasutan, irabazle ateratzen ginen: edo potreten martxa egitea lortzen genuen, edo poliziak gure militanteen atxilotzeko manua zeukan, gure mezuaren inpaktu mediatikoa eta nazioarteko oihartzuna biderkatuz. Beraz, ez genuen deus negoziatzerik!
b) Intoxikazio hau agintarien interesaren alde doa: G-7aren aurkakoen artean bortxaz sortuko zituen banaketa eta aharra berriez gain, agintariei aurpegia garbitzen zien pixka bat. Frantzia osoko polizia eta jendarmeriak xerkatzen zituzten presidentearen potreta errekisizionatuak estatuko leku segurtatuenetakoan agertzea ez zen agintariek saihesten ahal ez zutelako gertatuko baizik eta tratu baten ondorioz onartu zutelako: «Gertakariek gainditzen gaituztelarik, egin dezagun alegia guk antolatu ditugula.»
Batzuk harritzen dira ikustea agintariek ez dutela jarrera bera ukan potreten martxa eta larunbat arratsaldeko elkarretaratzearekin, honetarako izariz kanpoko dispositibo bat plantan ezarri baitzuten, eta ondorioz atxiloketa parrasta bat gertatu baitzen. Edo politikoki inozoak dira, edo zinez fede txarrekoak dira. Bistan dena, ez zuen kostu mediatiko eta politiko bera suposatzen Estatuarentzat estatuko edo nazioarteko hedabideen aitzinean, poliziaren kontra harri botatzeaz akusatzen ziren aktibista maskatu batzuk arrastatzea, edo, margolan batzuk estalirik eramaten zituztelakoan, maskarik gabe eta bortizkeriarik erabiltzen ez duten klima militante batzuk atxilotzea. Lehen kasuan, ez da kostu politikorik Estatuarentzat, honi esker gainera, Biarritz, Angelu eta Baiona hirietan jarri duen setio egoera justifikatzen ahal baitu. Bigarren kasuan, are gehiago agerian jartzen du, Macron presidenteak ekologia mailan deus egiten ez duela salatzen dutelako, bere herriko klima militanteak atxilotzen direla. Hau, bortizkeriarik gabeko estrategien puntu nagusi bat da, hots, errepresioak eta atxiloketek ez dutela, nehondik ere, ekintzaren porrota eta ahultzea adierazten, alderantziz, gehienetan honen arrakasta eta oihartzun baikorra azpimarratzen dute (Millauko McDoarena edo Bakegileek Luhuson eraman dutena lekuko), eta zailagoa zaio Estatuari hauek erabiltzea, ekintza bortitzak baino.
4) «Bizi kolaboratzaile, bankuen begirale»
G7ren ondoren gure egoitzan egina izan den grafitietako bat da, eta sare sozial "erradikalek" nasaiki hedaturiko mezua, Crédit Maritime agentziaren aitzinean, abuztuaren 24ko manifestazioko bitartekaritza zerbitzuaren argazki batekin apaindua. Hala da, Bizik aktiboki parte hartu du Hendaian abuztuaren 24ko ekitaldiaren bitartekaritza zerbitzuan, eta bere gain hartzen du. Bitartekaritza zerbitzu horretako 300 kideen herena eta arduradunen parte handi bat hornitu behar izan genituen. Ez ginen bakarrak, hurbiltzekorik ere, eta bereziki euskal erakundeek, ezker independentista eta antikapitalista abertzalekoek aktiboki parte hartu zuten horretan. Bitartekaritza zerbitzu hau manifaren buruan eta bukaeran kokatua zen, eta bere ibilbidean zeuden saltegi eta establezimendu guztien aitzinean, haien artean, Crédit Maritime agentzia hau. Orduan, “bankuak” babestu ditugu? Ez, manifa antolatzen zuten bi plataformen erabaki kolektiboa babestu eta errespetarazi genuen, hau da, manifestazio herritar eta baketsua egitea.
G7EZ plataforma etorri zenean Biziri galdatzera haiekin engaia gintezen, oroitarazi genien % 100 bortizkeriarik gabeko ekintzetan eta mobilizazioetan soilik parte hartzen dugula. Orduan erantzun ziguten, plataformak mobilizazio baketsuak baizik ez zituela antolatzen, beste mobilizazio mota batzuk antolatu nahi zituztenek, horietarik kanpo antola zitzaketela. Hautu hori egina zuten, Bizi plataforman engaiatu aitzinagotik. Guri dagokigunez, jarraitzen gaituztenen eta konfiantza egiten digutenekiko koherente eta zintzo jokatzea besterik ez dugu egiten. Hendaian agorrilaren 24ko manifestazioa baketsua eta herritarra izango zela aldarrikatu zen unetik, neurri guziak hartu behar ziren horretarako, agiantza alferrek ez baitute baliorik. Are gehiago, iragan urtea, liskar errepikakor eta errepresio bortitzez josia izan den urtea izanik, eta G7 eta polizia okupazioaren testuinguruan.
Hots, gure ekintza militantearen kontzepzioa, gure helburuak lortzeko medioen hartzea da, eta ez helburuak desiratzea bakarrik. Eta konfiantza ematen digun jendartearen zatia errespetatzea: manifestaldi baketsu batetara gomitatzen badugu, ahal duguna egin behar dugu hala izan dadin, deus ez bada ere %100 segurtatua. Koherentzia eta zintzotasun eginbide horretatik haratago, horrek ere bat egiten zuen, egin behar zenaren eta saihestu behar zenari buruzko gure hausnarketa politikoarekin, jadanik aipatu dugun Biziren barne-testuan idatzi genuen gisan: “Orain, moldatu behar dugu manifestaldi hau ahal bezain ontsa iragan dadin, zeren sekula liskarrak sortzen balira, Estatuak G7ren hasiera-hasieratik jokoa irabazia ukanen luke. Aise esplikatuko zukeen arrazoi zuela Baionan kontra-gailurra debekatzeko eta Biarritz inguruko eremuak militarizatzeko, eta horretarako Hendaian eta Irunen iragan kontra-gailurreko liskarrak erabiliko zituzkeen. Nahiz eta gero gatazkak Biarritzen iragaten baziren, jendearen buruan, jatorria, G7ren kontrako mobilizazioetan izanen zen eta ez Biarritz, Angelu eta Baionaren okupazio polizial eta militarra. Ondorioz, iritzi publikoaren borroka galdua ukanen genuen Macron eta G7ren antolatzaileen poz handienerako.”
Eta banketxeen babesari dagokionez, haiek atakatzeko xedea zutenek jakin bezate, ez dela Hendaiako Crédit Maritime agentzia bakarrik Ipar Euskal Herrian. Hamarnaka eta hamarnaka banku agentzia badira HSBC, BNP, Société Générale, Crédit Agricole, LCL etab. Iparraldeko hiri eta herrietan. G7ren eta Kontra-gailurraren astean, ez da haietarik bat ere edozoin motako erasoren helburu izan. Aldiz, Bizi! sortu denetik, erregularki, erasotzen ditugu, bortizkeriarik gabe eta etengabe, banku horiek, eta haien politikak (boikot kanpainak, zerga iruzurraren kontrako aulkien lehen errekisizioa, klima suntsitzaileak diren banku-inbertsioak salatzeko hainbat okupazio eta ekintza, etab.).
Horrek guziak hainbat aldiz komisaldegira eta auzitara eraman gaitu, poliziak gure egoitza miatu du (Baionako HSBC bankuko agentzian errekisizionatu genituen aulkien bila), non pintada bat agertu berri den: “Bizi collabo, protège les banques” (euskaraz, «Bizi kolabo, bankuak babesten»).
5) Ezintasun aitormena
G7ren (oroitaraz dezagun Biarritzen iragan zela eta ez Hendaian edo Irunen) aurka inolako oldar edo asaldatze bortitzik ia ez izanaren ardura, estrategia eta mugimendu ez-bortitzen gain ezartzeko amorru horrek, batez ere estaltzen duena da, egia parez pare begiratzeko eta G7ren egiazko balorazio politikoak egiteko ukapena. G7 blokatzeko, edo oztopatzeko asmoa zutenek (bere aldetik Bizik ez zuen sekula horrelako helburu estrategikorik finkatu, ezinezkoak iruditzen baitzitzaizkion), ez dute erdietsi, alde batetik beren mobilizazio ahularengatik, eta bestalde batetik Estatuak ezarritako baliabide erraldoiengatik. Bizik Hendaiako manifestaldiko bitartekaritza zerbitzuan parte hartu zuen. Antolatzaileek baketsua izan zedin nahi zuten. Baina ez gara sekula inolako ekintza bortitz ala ez-bortitzari oztopo egiten edota trabatzen saiatu, baldin eta antolatzaile-kide ginen ekitaldiak eta mobilizazioak ukitzen ez bazituzten.
Gure ildoa segitzen ez duten beste estrategiak ez ditugu epaitu nahi, eta energiarik ez eta denborarik ez dugu galtzen horiek erasotzeko, beren aldetik antolatzen badira eta ez badute gureetan edo antolatzen ditugunetan beren burua inposatzeko xederik. Nahiz eta agorrilaren 24an larunbatarekin, jende asko ginen Baionako karrika, apartamentu eta lokaletan, sekula ez zitzaigun gogotik pasatuko poliziari aurre egin nahi zietenei oztopo egitea. Alta, akats bat zela iduritzen zitzaigun. Manifestariak egiazko zepo batean harrapatuak ziren, eta bertan zegoen neurriz kanpoko polizia indarrak gidoi bakarrera zeraman egoera: segurtasun indarrek -G7k oraino gutiago- ez zutela inolako traba handirik pairatuko, aldiz bortizkeriaren irudiak eskuratuko zituztela, honek euskal kostaldearen okupazio poliziala justifikatuko zuelarik, baita hamarnaka atxiloketa batzuk ere.
Baina, guk ez genuen manifestazio horretan parte hartu, eta, ondorioz, ez genituen gure estrategia-ikusmoldeak edo kontsignak sarrarazi. Eta galdatzen dugu bortizkeriaren aldekoek gurekin berdin joka dezaten. Galdatzen diegu estatua eta sistema kapitalista trabatzen jardun dezaten, eta ez beste mugimenduak, hauekin ados ez direlakoan. Honakoak irakurri ditugu: “Gailur honen egiazko etsaia ez zen Biarritzeko ihauteri erasoezina, baizik eta mobilizazio bakezaleen bidez berrosatzen saiatzen ari den ezkerra. Aste hartan egin zen gauzarik emankorrena mobilizazio horiek desegitea eta gainditzea izan zen. Zer egin behar zen? Hendaiako manifestazioa gainditu. Mundu zaharrari erakutsi ez duela lekurik testuinguru berrian.”(3) edo “Bizi edo Attac erakundeetako altermundialistak dira gure etsairik okerrenak”(4). Horiek ez gaituzte poliziaren errepresioak baino gehiago beldurtzen. Aldiz, iruditzen zaigu estrategia batzuen ezintasunaren aitormena direla. Sistema suntsitu ezinik, haien helmenean den beste helburu bat finkatzen dute: haiek bezala pentsatzen ez dutenak suntsitzea.
Bururatzeko, zehaztu nahi genuke « erradikala » hitza erabiltzean guk erregularki komatxoak baliatzen ditugula. Ez ditugu erradikaltasuna eta bortizkeria nahasten. Gure ustez erradikalak dira etsaia ahultzen eta alde alternatiboa indartzen duten estrategiak eta ekintzak.
Egunero saiatzen gara erradikalak izaten, beste askorekin parte hartzen dugun borroken bidez eta eraikitzen ditugun alternatiben bidez. Guk % 100ean ez-bortitza den estrategiaren alde egin dugu. Iragan 10 urte hauetan, iruditzen zaigu alde alternatiboa orokorrean indartu dugula eta batzuetan borrokatzen dugun sistema ahuldu duten garaipenak erdietsi ditugula, gure hein -biziki- apalean bada ere.
Bizi, 2019ko irailaren 4an
(1) Ikus «Biziren zehaztapen batzuk Iparraldean G7ren kontrako mobilizazioetan bere parte hartzeari dagokionez» tituluarekin Bizik egin barne-testuko pasarte hau: “Ondorioz urrundik jarraitzen genuen prestatzen ari zena eta ez genuen arras bat egiten antolaketa moldeekin berekin, G7EZ plataformaren osaera eta ibilmoldearekin eta plataformak jadanik martxan ezarri zituen ekimenekin: usaiako kontra-gailurraren antolaketa (horrek antolaketa eta prestaketa lan handia galdegiten du, logistika inportantea eta hainbat gastu ere) eta usaiako G7ren kontrako manifestaldi erritual handiarekin. Ez eta horren ondotik, prefetak edozoin elkarretaratze debekatu zuelarik Baiona Angelu Biarritzen, antolaketa guzia Hendaia eta Irunera eramateko erabakia, eta horrek, antolatzeko ekitaldi are astunagoa eragiten zuelarik, eta politikoki are interes ttipiagokoa. Ez genuen deus erraterik, ez baikinen plataformako kide erabaki horiek hartu ziren garaian. Baina horrelako egoera bat kudeatu behar izan bagenu, arras alderantzizkoa eginen genukeen: kontra-gailurra Baionan atxikiko genuen, nahiz eta debekatua izan, eta, desobedientzia zibileko ekintza erraldoi batean eraldatuko genuen.”
(2) Jada aipatu den Biziren barne testuaren pasartea «Hastapenetik Bizik argi utzi du ez genuela igande eguerdiko 7 elkarretaratzeen antolakuntzan parte hartuko, jakinez duda seriosak genituela horien iragan-moldeez, eta aldi berean ez genuela deus egin nahi plataformaren beste kideek antolatutakoak traba zitzakeenik. Ondorioz ez genuen parte hartu horien prestaketa lanetan, edo horiei buruzko elkarrizketetan.»
(3) Artikulua “Kontra G7 bat absurdoaren gailurrean, Biarritzeko kontra-gailurrari buruz, Euskal Herritik”, LundiMatin webgunean argitaratua 2019ko irailaren 3an, testu anonimoa, Bizi! erasotzen eta laidoztatzen duten gehienak bezala.
(4) Luttes Pays Basque-eko twitter kontuan irakurria. Kontu horrek, kuraiaz beteriko anonimatuari esker Euskal Herriko mugimendu hainbat militanteri buruz irainak eta duda-mudazko gezurkeriak botatzen iragaten du denbora. Horrelako praktika politikoen ezaugarrietan anonimatu ia sistematikoa delarik, azken finean ez dakigu nor gordetze den Twitter kontu, edo Facebook mezu edo grafiti horien gibelean: militanteak, probokatzaileak edo flikak «zatiketa sortu nahia, nagusitzeko» eta ondorioz tentsioak indartuz, gatazkara deia luzatuz, Urruñako kanpalekuan infiltratua zen flikak egiten zuen bezala?