Hego Euskal Herriko ekonomiaren trantsizio ekosozialerako bide-orriaren proposamen bat

2023/02/16
azala eus.png
Adrián Almazán eta Luis González Reyes-ek monetarista ez den analisi bat aurkezten dute, PWCren lanak ez bezala, ez baititu jasotzen pribilegio handieneko maila sozialekoen iritziak soilik. Autoreen analisiaren eta proposamenen abiapuntua ekonomiaren askoz ikuspegi holistikoagoa da. Bertan, gizartea eta natura txertatuta daude diagnosian (krisi ekologiko eta soziala) eta proposamenetan (justizia, berdintasuna, autonomia eta jasangarritasuna bateragarri egiteko desazkunde-egoerak). Ez da harritzekoa, beraz, bi lanek hain ondorio ezberdinak ateratzea.

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

azala eus.pngAzterlan honen hasierako ondorio bat, funtsezkoa, Hego Euskal Herriko ekonomiaren metabolismoa larriki zaurituta dagoela da. Sortzen dituen inpaktu ekologiko larriengatik jasanezina izateaz gain, ezinezkoa da etorkizun hurbilean mantentzea. Izan ere, garraioaren eta munduko merkatuaren mendekotasun handia duen metabolismo lineal, fosil eta estraktibista baten inguruan dago oinarrituta. Petrolioak eta elementu askok goia jo izanak eta salgai horiek eta beste batzuk gero eta leku ezegonkorragoetan lortu beharrak etorkizunik gabe uzten dute eredu hori. Paradoxa da EAE eta Nafarroa iraganean munduko lehiakortasun kapitalistarako arrakastazko leku bihurtu zituzten elementuek, industria sare sendo baten inguruan antolatuek (elikadurarena eta metalarena), orain oso espazio hauskor eta zaurgarri bilakatu dituztela.

Esparru kapitalistaren barruan ez dago irtenbiderik: energia eta material berriztaezinek iraungitze data dute dagoeneko. Eztabaidatu dugun bezalaxe, goi teknologiako energia berriztagarriek ezin dituzte fosilak ordezkatu, eta sistema sozioekonomiko honek ezin du zirkularra izan. Horri gehitu egin behar zaio gure gizarteen eta, hortaz, gure ekonomien ekodependentzia, dagoeneko azaltzen duena abian diren klima eta ekosistema krisia sortzen ari den desitxuratze sakona. Joera horrek gora egingo du datozen urteetan.

Hori ikusita, euskal metabolismoa desazkunderantz eraldatzeko hainbat ildo nagusi planteatu ditugu:

• Materialen eta energiaren kontsumoa uzkurtzea, muga ekologikoen barruan egon arte, justizia globaleko irizpideei jarraituz. Horrek ondorioak dakartza hainbat ekoizpen sektoretan. Horietako bat da eraikuntzarena; izan ere, birgaitzerantz soilik zati batean eralda daiteke, jarduera bera murriztu egin behar baita. Beste adibide garbi batzuk dira garraioarena eta turismoarena.


• Ekonomia zirkularra antolatzea. Ekonomia horretarako, ezinbestekoa da giza-metabolismoa ekosistema-metabolismoan txertatzea. Horrelako metabolismo batek ezin du industriala izan, agroekologikoa izan behar du. Hau da, hein handi batean elikaduraren inguruan ardaztutako ekonomia izan behar du, eta elikadura sektore eragile erabakigarri bihurtu beharko da. Hori lortzeko, nagusiki landakoa izango den gizarte baterantz jo behar dugu, konplexua den arren premiazkoa baita, baina, nolanahi ere, prozesu gisa ulertu behar da hori.


• Eguzki energiaren askotariko modalitateak erabili beharko dira, zikloak ixteko aukera (edo horretara ahalik eta gehien hurbiltzekoa) ematen baitu. Hori probesteko, teknologia egiaz berriztagarriak eta emantzipatzaileak behar dira (R3E). Sektore hori ere, energiarena, sakonean berrantolatu behar da Hego Euskal Herriko ekonomian, eta egungo energia oligopolioak desmuntatu beharko dira.


• Ekonomia zirkular eta eguzkikoa tokian tokikoa izan daiteke soilik. Horregatik, hipomugikortasuna da eraiki beharreko ekonomien ezaugarrietako bat. Horrek esan nahi du garraioaren eta turismoaren sektorea uzkurtu egin behar dela, biak baitira Hego Euskal Herriko egungo ekonomiarako erabakigarriak. Halaber, tokiko ekonomia baterako ezinbestekoa da industria biziberritzea, ekoizpen sare dibertsifikatua edukitzeko. Hori bai, material eta energia berriztagarrietan oinarritu behar da biziberritze hori, eta ez esportaziora bideratuta, eta, gainera, etekina produzitzeko dinamika kapitalistetatik askatu beharra dago.

• Ekosistemen degradazioaren aurka, ezinbestekoa da haien funtzioak leheneratzea, haien beharra dugulako. Euskal ekonomia berriaren beste sektore traktore bat da, eta, bertan, basogintza erdigunean egon daiteke, ez soilik ekosistemak leheneratzeko gaitasuna duelako, baizik eta bestelako baliabideen iturria delako.


• Ekonomia irauteko-ekonomietarantz berrantolatzea, erdigunean zainketa, bizitza sostengatzea eta oso feminizatuta dauden zaintza lanen banaketa jartzen dutenak.

Desazkunde-proiektu hori abian jartzea oso konplexua da, esan gabe doa. Eraldaketak gizarteak ahalik eta gutxien sufrituta antolatzeko, eta, aldi berean, gizarte justu, demokratiko eta jasangarrietarako bidea irekiz, hainbat aukera estrategiko daude.

Lehena eta nodala da autonomia soziala eraikitzea. Autonomia horrek eskatzen du herritarrak datozen hamarkadetan gai izan daitezen beren beharrak asetzeko merkatutik pasatu gabe eta Estatuaren mende egon gabe. Hau da, aurrera egin behar dugu desoldatapekotzean eta desmerkantilizazioan, lanean argudiatu dugunez, eta, aldi berean, bizitzak kolektiboki irautean oinarritutako antolakunde ekonomikoetan sostengatzeko aukera berreraiki behar da.

Soldata eta lan-baldintza onen aldeko borroka, edo gizartearen funtzionamendu demokratikoagoaren aldekoa, ezinbestekoak dira, baina ez dira nahikoak alternatibak eraikitzeko, esparru kapitalista gainditu ezean. Laburbiltzeko:, nahitaez egin behar da aurrera arlo hauetan: 1) ekoizpen bitartekoen kontrol soziala eta 2) merkatutik gero eta jarduera gehiago ateratzea. Bi ildo horietatik abiatuta soilik egin dezakegu aurrera autonomia soziala eraikitzen, erabakitzeko gaitasunean eta bizitza sozialaren oinarrizko prozesuen kontrol demokratikoan.

Ekoizpen-bitartekoetarako irispideari dagokionez, erabakigarria da ezagutza teknologikoa kontrolatzea. Era horretan soilik izan daitezke teknologiak egiazko gizarte demokratiko eta justuen ezaugarri. Horrek berekin dakar teknologiak soilak eta hurbilekoak izatea (hurbileko materialekin eta energiarekin fabrikatuak). Ikuspegi horretatik, ekoizpen deszentralizatua, kontsumitzen den lekutik hurbilagoko instalazio txikiagoak eskatzen dituena, aukera bat da herritarrek baliabidean era demokratikoan kontrola ditzaten.

Esan gabe doa, ordea, ez dela nahikoa ezagutza kontrolatzea, eta lurra, makinak eta azpiegiturak kontrolatu beharra dagoela. Horrek berekin dakar ondare handiak desjabetzea eta berreskuratzea.

Desmerkantilizazioari dagokionez, eraldaketaren oinarria da aurrera egitea soldatarik gabeko komunitateko lanetan, beharren zati bat asetzeko. Adibidez, autokontsumorako baratzeak, etxeko ur berorako panelak edo erabilera-eskubideko etxebizitzak, ekarpen ekonomikoak baldintzatu gabeko sarbidea dutenak.

Dena den, helmuga hori bateratu egin behar da egun hein handian soldatapekoa den populazioaren egungo beharrekin. Ezberdinkeria latza jasaten du populazio horrek, eta zerbitzu publikoen higadura. Halaber, hainbat ikerketak erakusten dutenez, ekonomia jasangarrirantz jotzean, epe laburrean behintzat, soldatapeko lan-orduak murriztu egingo lirateke . Horregatik, lan-ildo bat garatu da, etorkizuneko erronka ekologikoei gizartean justiziaz aurre egiteko lanaldia txikitzearen garrantzia azpimarratzen duen. Lanaldia murriztea ez da ulertu behar bere horretan ekonomiaren inpaktu ekologikoak mugatzeko aukera emango duen neurri gisa; izan ere, emaitzak kontraesankorrak dira (Kallis eta al, 2013; Shao eta Rodríguez-Labajos, 2016). Aitzitik, ekonomiaren berrantolaketa eta murrizketarekin batera doan justizia sozialeko politikatzat jo behar da. Ereduen arabera, neurri horiek arrakasta izan dezakete, lanaldia 30 edo 32 ordutara murriztuta enplegu berri asko sortuko litzateke, eta, aldi berean, irmoki egingo litzateke aurrera trantsizio ekosozial baterantz (González Reyes et al., 2019; Oteros et al., 2019). Beste era batera esanda, eraldaketa lana ahal beste bermatuz egin behar da. Hau da, desazkunderako trantsizioa ezin da aitzakia bihurtu soldatak eta baldintzak okertzeko, eta horretan saiatzen ari dira dagoeneko hainbat enpresa.

Enplegua banatzeko lanaldia murriztea politika garrantzitsua da, baina ez behar den bakarra. Ezinbestekoa da ere gizarte zerbitzuak indartzea, desmerkantilizazio prozesuan laguntzeko eta herritarrei beren osasun, hezkuntza eta bestelako beharrak estaltzen laguntzeko.

Bigarren ideia da ekoizpen-bitartekoak dauzkaten edo kudeatzen dituztenek metatutako aberastasuna birbanatzea. Ezin dugu alde batean utzi kapitalismoak azken bi mendeetan baina bereziki XX. mendearen erditik sortutako aberastasun erraldoia. Bertan sartzen dira sindikalismo klasikoaren berreskuratze estrategiak: fabrikak, espazioak, lurrak, jakintza eta abar berreskuratzea. Gainera, horrek erraztu egingo luke azpiegituretan eta etekinetan metatutako aberastasun komunak onura ekartzea berriz lurraldeari, merkantilizatu eta estatalizatu gabeko iraupenaren oinarri bihurtzeko.

Eraldaketa horiei aurre egiteko arazoetako bat da, besteak beste, Hego Euskal Herriko balantza fiskala argi eta garbi enpresa handien tributazioak orekatzen duela. Hortaz, euskal industria sarea desegiteak (edozein politika mota abian jartzen dela ere gertatuko dena) gizarte zerbitzuen galera handia ekar dezake, gobernuak zerga bilketarako gaitasuna galduko duelako. Horren aurrean, garrantzitsua da azpimarratzea neoliberalismoan mailaka egin den aldaketa, zeinagatik administrazioen aurrekontuaren sostengu handiena jada ez diren enpresak, bereziki handiak, baizik eta herritarrak, PFEZaren eta zeharkako zergen bitartez, adibidez, BEZa (Álvarez, 2022). Horregatik, trantsizio hori posible egiteko beste neurri bat da irmoki aurrera egitea fiskalitate progresiboago eta justuago baterantz. Halaber, hori osatu beharra dago autonomia soziala handituz eta, beraz, gizarte zerbitzuekiko mendekotasun txikiagoa edukiz, zeinak estatal izatetik komun izatera igaro daitezkeen. Noranzko horretan, beharrezkoa da eskubidea edo zainketak ondasun komun partekatu gisa ulertzea (Lloredo, 2020).

Hirugarrenik, enpresa ehunaren zati handi bat tamaina txikikoa izateak trantsizio programak erraztu ditzake. Egun dagoen kooperatiba esperientzia aberatsak ere bai. Arazo gehien enpresa handienetan dago, adibidez, Petronorren. Aitzitik, etekinak trantsizioan berrinbertitzeko gaitasun handiena eta eraikitako azpiegitura jarduera ekonomiko berrien lehengai bihurrarazteko potentzial handiena duten sektoreak dira.

Azken finean, gizarte justuago, demokratikoago eta jasangarriagoetarantz aurrera egiteko proposamen politiko gisa desazkundearen alde apustu egitea bide berri bat da, sindikalismoa abian daudeneraldaketen lema bihur dadin, eta ez galtzaile. Enplegua galtzearen edo suntsipen kapitalistak jarraitzearen arteko dikotomian harrapatuta gelditu aurretik, trantsizio justuko planak antolatu behar dira, lan eskubideak eta jarduera ekonomiko bateragarriak eta desazkunderanzkoak bateratuko dituztenak. Hainbat sektoretan era kolektiboan gailendu ahalko diren planak, borroka eta negoziazio kolektiboaren bitartez.