Lehiakortasuna, ideia hila
Thomas Coutrot, ekonomista frantziarra
http://www.laviedesidees.fr/La-competitivite-est-une-idee.html
Oso jende gutxik ukatzen du desberdintasun sozioekonomikoen gorakadak eta berotegi-efektuko gas isurien hazkunde etengabeak bi edo hiru hamarkadaren buruan katastrofe sozial eta ekologikoak eragin ditzaketela. Halere, epe laburreko erabaki politikoak itsuak dira mehatxu hauekiko, eta gainera arriskuak gero eta areago azkartzen dituzte. Azaleko ikuspegi batek beste zerbait iradoki badezake ere, austeritateak ez ditu gure jendarteak neurriz jokatzera eramaten. François Hollandek Frantziaren lehiakortasunari eman dion lehentasuna, hain zuzen, ikuspuntu motzekoa da -esportazioak bultzatzea lan-kostuen eta gastu publikoaren jaitsiera medio-, eta aberastasuna birbanatzeko eta trantsizio ekologikorako edozein kontzepturen aurka doa. Azaldu nahiko nuke artikulu honekin aurreikus daitezkeen bere zeharkako ondorioek iragarritako haustura handi horietara hurbilduko gaituztela.
Desberdintasunak kontsumismoa, xahutzea eta berotegi-efektuko gasen isuriaren eztanda bultzatzen du; halaber, kontrara, klimak desberdintasuna areagotzen du
Lehenik bi arrisku handi horiei buruzko egitateak gogoratuko ditut, eta euren arteko dinamika metakorraren ondorioz elkar nola indartzen diren. Gero erakutsiko dut zergatik lehiakortasunari emandako erabateko lehentasunak, bere inplikazio ekonomiko, ekologiko eta politikoak medio, ondorio bakarra duen: arrisku horiek gauzatzeko aukera areagotzea. Azkenik, hausnartu egingo dut gure sistema ekonomiko eta politikoetan egin beharko liratekeen aldaketez, behingoz has gaitezen “dakiguna sinesten”, Jean-Pierre Dupuyk ederki adierazi zuen moduan, eta horren arabera jokatzen.
Bi joera leherkor
Duela 200 urtetik hona, zientziari, teknikari eta hazkunde ekonomikoari esker, kapitalismoak gizaki gehienei eman ahal izan die antzinetatik beti gutxiengo oso murritz batek baino gozatu ezin zuen eta gehiengoaren morrontzan oinarrituta zegoen bizi-segurtasun eta -kalitate maila. Ikusarazi du gizadia etorkizunarekiko beldur obsesibotik urrun dezakeela.
Baina preseski hau itxuraz gauzatzekotan zegoenean, promes hori amesgaizto bihurtu zaigu. Txinatarrek uste zuten ipar-amerikarren kontsumo mailara irits zitezkeela, baina biztanleko Europan adina CO2 isurtzera ailegatu direnean, konturatu dira hiltzen ari direla itolarria nagusi den beren hirietako irakinaldian.
“klase edo generoko desberdintasunak badauden bezala, ingurumenarekiko desberdintasuna ere badago, hots, banakoak eta taldeak ez dira berdinak ingurumenaren krisiaren kalteen aurrean."
Ipar amerikarrak jabetu dira baldintza material hauetan beren “negoziatu ezineko bizi-maila” (G.Bush aitak bota zuen esaldi sonatu hau Rioko Lurraren 1992ko goi-bilera aurretik) eraiki badute ere, horretxek bilakatuko duela bizi-maila behin betiko jasangaitz. Hasi dira konturatzen naturarekin ez dagoela negoziatzerik: honek mugak ezartzen dizkio aise, inpunitatez indar geologiko bilakatu nahi zuen giza-ekintzari (“antropozeno” ezaguna), eraldatze honek epe luzera izan ditzakeen eraginei buruz gogoeta egin gabe.
IPCC klimari buruzko ikerketen gobernuarteko taldeak bere azken txostenean dioen moduan, berotze klimatikoa kontrolik gabeko gorakada ari da izaten: 2000 eta 2010 bitartean berotegi-efektuko gas isuriak urtero %2,2 hazi dira, datu hau aurreko hiru hamarkadetan %0,4 besterik izan ez zelarik. Honez gero ezagunak dira batez besteko tenperatura 2ºC igotzen bada (2030rako saihestu ezinekoa da hau) gertatuko diren ondorioak: itsasoen maila igotzea, muturreko klima fenomenoak, elikaduraren segurtasun gabezia, ur eskasia, baliabideak bereganatzeko gatazka eta gerrak. Erretroakzio mekanismo “positiboek” (izotza urtzeak sortutako albedo efektua, ur-lurrunaren berotegi-efektua, permafrost urtzeak dakartzan metano isuriak...) berotzearen auto-elikatutako azkartzea eragin lezakete. Hemendik 2100 bitarte gerta litekeen 6ºCko tenperatura igoera baten ondorioak oraino ezezagunak dira, baina baita beldurgarriak ere.
Halaber -gero helduko diot berriro bi kurba hauen arteko erlazio estuari-, aberastasunen metatzea ere itxuragabea da; XX. mende hasierako markak iritsi eta hautsi ditu (azken hau kasu ipar amerrikarrean gertatu da). Kapital produktiboaren metatzeko betiko joera, Marxek agerian utzi zuena, inoiz baino biziagoa da: 147 multinazionalek egun munduko ekonomiaren %40 kontrolatzen dute. Hauetatik hiru laurden bankuak dira; horrek kapital finantzarioaren hegemonia berresten du. Era berean, diru-sarreren eta ondareen metatzea ere bere burua iraunarazten duen mekanismo azeleratzaile batek mugitzen du. Hazkunde ekonomikoa moteltzea beste aukerarik ez dagoen mundu batean (batik bat baliabide nautralak agortzen ari direlako eta garapen bidean dauden herriek muga teknologikora iristeko fenomenoa amaitu delako), non kapital finantzario ultra-mugikor baten nagusitasunak (bankariek hain maitea duten “likidezia”sonatuari esker) hazkunde tasak baino errentagarritasun tasa askoz handiagoak bermatzen dituen, ez dirudi desberdintasunak areagotzeko joera ezerk geldiaraziko duenik, eta are gutxiago alderantzikatu. %1 aberatsenak dagoeneko Europan aberastasunaren %25 dauka bere esku, eta %35 AEBetan; gainera, zati hau asko ari da hazten, eta kontrolik gabe.
Sorgin-gurpil bat eratu da, non aberatsek planeta suntsitzen duten gero eta boteretsuago bilakatuz, pobreen eta naturaren zoriarekiko gero eta axolagabeago.
Desberdintasun sozialak eta klimaren nahasteak osatutako sorgin-gurpila
Bi joeretan kezka handiena eragiten duena da elkar indartu egiten direla, benetako sorgin-gurpila osatuz. Desberdintasunen hazkundeak aldi berean hauspotzen ditu aberatsen kontsumo arranditsua eta klase ertainen eromen kontsumista: Pickettek eta Wilkinsonek1 erakusten dutenez, berotegi-efektuko gas isuria zeharo lotuta dago desberdintasun ekonomiko mailarekin: “Desberdintasunak areagotu egiten du klase sozialen arteko lehia eta antsietatea, zeinak indibidualismoa, materialismoa eta kontsumismoa eragiten duen, eta ondorioz, gehiegizko kontsumoa eta xahutzea. Desberdintasun handiena duten estatu aberatsen aztarna ekologikoa handiagoa da: biztanleko haragi eta ur gehiago kontsumitzen dute, hondakin gehiago sortzen dute eta hegazkinez sarriago egiten dira bidaiak”. Desberdintasunak frustrazioa sortzen du eta, ondorioz, zorpetzea eragiten du: AEBetan “familien kiebra tasa gehien hazi da desberdintasunak igoera handiena izan duen estatuetan”; lotura honen beste adierazgarri bat: “publizitateko gastua desberdintasunaren araberakoa da: desberdintasun handiagoko herrialdeetan BPGdaren portzentaje handiagoa gastatzen dute publizitatean; AEBetako eta Zelanda Berriko gastua Norvegia eta Danimarkakoaren bikoitza da”.
Desberdintasun sozialak eta krisi ekologikoa lotzen dituen bigarren mekanismo gaiztoa da finantza-industriak klimaren eta bioaniztasunaren inguruko politikak gero eta bahituago dituela. Kyotoko protokoloaren oinarria isuriak murrizteko derrigorrezko konpromisoak izan ziren; gaur, berriz, klimaren inguruko negoziazioan merkatuko mekanismoak lehenesten dira, NBEk, Munduko Bankuak eta finantza industriak bultzatutako “ekonomia berdea”ren baitan. Finantza-merkatuen esku utzi nahi da aurrerantzean kapitalak ingurumenaren mesederako jarduetara (energia berriztagarriak, “climate smart agriculture” edo klimarentzako jasangarriagoa den nekazaritza, basoen mantenua eta oro har “zerbitzu ekosistemiko”ena, etab.) berbideratzeko ardura. Hau egiteko, isuri-baimenen merkatu europarrak porrot nabarmena izan duen arren (ETS, Emissions Trading System), finantza-berrikuntza olde berri bat antolatu dute botere publikoek eta bankuek: karbonoaren merkatuak, “bioaniztasunerako tresnak”, basoetarako REDD programa eta beste “Merkatuko Mekanismo Berri” batzuk... Finantzak horrela espero du hazkunderako esparru berriak topatzea, potentzialki erraldoiak liratekeenak. Baina klima-politikak finantza-merkatuen esku utziz gero, hauek izatez leherkor eta irrazionalak direlarik, zer geratuko da “mekanismo berritzaile” eta isuriak murrizteko aukeretatik hurrengo finantza-burbuilak eztanda egiten duenean?
Austeritatea ez da klimaren krisiari eman beharreko irtenbidea
Hirugarren mekanismo batek, azken hau erabat politikoa, areagotu egiten du desberdintasun sozialek ekologian duten eragina. Desberdintasuna gehitu ahala, tarte soziala zabaldu egiten da oligarkien eta gainerako biztanleen artean. Eliteak gizartetik bereizi egiten dira. Erabakitzeko eskubideak biltzen dituzten heinean, etorkizun komuna gero eta arrotzagoa gertatzen zaie. Arriskuak ugaltzen ari diren bitartean ezer ez egitea batetik gerra ekonomikoaren logikari datxekio, baina beste azalpen bat ere badu: agintariek badakite, edozer gertatuta ere, beren baliabideei esker aterpe bat aurkitzeko aukera izango dutela. Bereizte horren sinbolorik argiena“Komunitate itxiak” dira (gated communities), hau da, mundu guztian zehar auzo aberatsen inguruan altxatzen diren harresiak; Hollywoodek etorkizunari buruzko blockbuster kontaezinetan irudikatzen ditu.
Desberdintasunak kontsumismoa, xahutzea eta berotegi-efektuko gasen isuriaren eztanda bultzatzen du; halaber, kontrara, klimak desberdintasuna areagotzen du: klima berotzearen ondorioak, poluzioak eta ingurumeneko katastrofeek bereziki kolpatzen dituzte pobreak. Batetik, mundu mailan, non itsaso mailaren igoerak eta klimaren muturreko gertakarien lehen biktimak hegoaldeko biztanle txiroak diren; “aterpe klimatiko”en fenomenoa hasi besterik ez da egin. Bestetik, baita herrialde aberatsen baitan ere, non ikerketa ugarik erakusten duten kalte ekologikoen polarizazio soziala: “klase edo generoko desberdintasunak badauden bezala, ingurumenarekiko desberdintasuna ere badago, hots, banakoak eta taldeak ez dira berdinak ingurumenaren krisiaren kalteen aurrean. Tenperaturen igoera, baina baita kutsadurarena ere, ez da berdin sentitzen, gizarteko egituran nor zein tokitan dagoen”. Prekarioak areago prekarizatuz, krisi ekologikoak hauen ekintza esparrua mugatzen du eta botere politikoa oligarkiaren eskuetan metatzera darama. Sorgin-gurpil bat eratu da, non aberatsek planeta suntsitzen duten gero eta boteretsuago bilakatuz, pobreen eta naturaren zoriarekiko gero eta axolagabeago.
Irtenbide bat da demokrazia ekonomiko handiago bateko molde guztiak sustatzea
Lehiakortasunaren mantra
Behatzaileek -bitxia da zenbatek- François Hollandek iragarritakoa, “erantzukizunaren ituna” eta lehiakortasunari erabateko lehentasuna ematea, “inflexio-puntu sozialdemokrata” gisa interpretatu zuten. Manuel Valls Matignonerako (gobernuburu izateko) izendatzea eta Hamon eta Montebourg ministroak botatzea ere inflexio-puntutzat jo zen, oraingoan sozial-liberala. Alabaina, 2012ko udazkenean, hautatu eta hilabete gutxira, Aurrekontuei buruzko Itun europarra eztabaidarik gabe berretsi izanak, “lehiakortasun-enplegu” kreditu fiskala sortzearekin batera -zeina BEZaren igoera eta gastu publikoren murrizketa medio finantzatu zen-, zegoeneko agerian utzi zuen François Hollande bere lehiakide Nicolas Sarkozyk aurreratutako proposamen nagusien arrastoan sartu zela.
Erabakiok azken hogei urteetako politika ekonomikoen eskuineko ildo berean sartzen dira. Epealdi honetan, bi erabakik (biak Lionel Jospinen gobernuarenak) baino ez diote lehentasuna lehiakortasunari eman: 35 orduko lan-asteak eta gaixotasunen estaldura unibertsalak. Gainontzean, politika fiskalak arreta zerga eta kotizazioen jaitsieran jarri du, Estatuaren diru-sarrerak BPGdko bost puntu jaistea eragin duelarik; politika sozialaren ardatza, berriz, Lan Kodea malgutzea eta pentsioen eta osasungintzaren erreforma erregresiboak izan dira; politika industriala, halakorik izan bada, hazkunde potentzial handiko enpresak hobetsi ditu, eta ezikusiarena egin du deskokatzeei eta burtsa-kaleratzeei 2 dagokienez ; merkataritza politika, EBren esku dagoena, herrialde pobreetako akordio babesleak eraistera mugatu da (esaterako, “multifibres” itunak3), eta merkataritza libreko akordioak ugaltzera; diru-politikak, hau ere europarra, obsesioz behatu du inflazioa, baina finantza-burbuilak neurrigabe puzten utzi ditu, eta gero bankuak porrotetik salbatu, likidezia ugari emanaz... Lehiakortasuna izan da erabakion guztion leitmotiva.
Izan ere, 80etako hamarkada erdialdetik hona politika ekonomikoak gidatzen dituen paradigma ez da aldatu: globalizazio neoliberala, zeinen oinarria kapitalen eta salgaien joan-etorri librea eta lehia orokortua den. Areago, hura 2008ko finantza krisiaren ostean gordinagoa bilakatu da: zenbait hilez pentsa zitekeen zartadaren bortitzak kredo hura zalantzan jarri zuela, baina gero agintari europarrek are gogorrago eraso diote Estatu sozialari eta “eredu sozial europarra” delakoari; Europako Banku Zentraleko presidentea den Mario Draghik eredu hura “hilda” zegoela esan zuen. Erradikalizazio hau, gobernu frantsesa lehiakortasun politikari erabat emana egotea , ez da “hutsegite” bat, munduko merkatuan kapitalista europarrek pairatu duten gainbeherari aurre egiteko saiakera baizik.
Hala da, Europar Batasunaren kanpo-merkataritzak munduko gainerako herriekiko sortzen duen soberakin orokorrak ez lituzke ezkutatu behar Europa hegoaldeko estatuen defizit handiak, Frantziarena barne. Mundu mailako testuinguruan desoreka oso larriak nagusi direlarik, zeinak epe luzera sostenga ezinekoak diren, Alemania eta Txinaren posizio oso eszedentarioen eta AEBen zein Hego Europaren defizit simetrikoen artean, lehiakortasun estrategiaren helburua berrorekatzea da, baina ez lankidetzan oinarrituta, hots, soberakina duten herrialdeen barne-eskaria goratuz, lehiaren bidez baizik, defizita duten herrialdeen eskaria eta kostuak jaitsiaraziaz. Atlantikoz gaindiko merkatu handiaren inguruko negoziazioak hasi izanak islatzen du merkataritzako liberalismo dogmatikoranzko ihes hau.
Erabaki zoro oso lehiakorrak
Austeritate eta lehiakortasun politikek Europan desberdintasuna areagotzea ekiditen zuten erakundeak desegitera daramate. “Europako eredu soziala”k kapitalismoaren eta demokraziaren artean onartzeko moduko erdibidea instituzionalizatu zuen. Hego Europan ahulduta dago, beste leku batzutan hankaz gora, ereduari alde guztietatik odola dario: langabezia, prekarietatea (Alemaniako minijob-ak, Portugalgo “errezibo berdeak”4, Frantzia eta Italiako auto-enpresarioak...), soldata jaitsiera, kaleratze erraztuak, negoziazio kolektiboaren dezentralizatzea... Politika hauek, EBak marraztu eta eskuineko zein ezkerreko gobernuek gauzatu dituztenak, herritarrek demokraziarengan eta europar proiektuan duten konfiantza hondatzen dute.
Ikuspuntu ekologikotik, egia da atzeraldiak CO2 isurien erritmoa geldotu egin duela. Baina austeritatea ez da klimaren krisiari eman beharreko irtenbidea. Batetik, bere xede bakarra ezinbesteko purga moduan erabiltzea da, gero etekin finantzarioen eta ondasun materialen metatzeari berriro ekiteko. Bestetik, eta hau da zio nagusia, blokeatu egiten ditu europar birmoldaketa ekologikoa eta energiaren efizientzia finantzatzeko beharrezko liratekeen inbertsioak.
Frantzian, lehiakortasuna ipar gisa hartzeak gobernua erabaki zentzugabeak hartzera eraman du, ekonomia eta ekologiaren ikuspuntutik, herrialdeak dituen abantailen izenean, batik bat bankuen eta nuklearraren arloetan. Zergatik utzi zuen alde batera Frantziak, Hollande hautagaiak 2012ko otsailean egin zituen promesak baztertuz, kreditu eta espekulazio jarduera banatzeko bankuen erreforma 2013ko udaberrian? Zergatik sabotatu zuen 2014ko udaberrian Europar Batzordeak proposatutako finantza-transakzioen gaineko zerga europarra? Batzordearekin eta alemaniar gobernuarekin aurrez-aurre egonda ere, Frantziak betoa ezarri zion deribatuak zergapetzeari, hauek izan arren transakzioen ia %90a, hain zuzen arriskutsuenak. Arrazoia agerikoa da: BNP Paribasek eta Société Généralek deribatuen mundu mailako espekulazioan -oraintxe marka historikoak hausten ari dena- zituzten merkatu-kuota handiak mantendu beharra zegoen, kosta hala kosta. Hurrengo porrot handiaren zain, sekulako triskantza eragin dezakeen horren zain geratu behar ote dugu, azkenean finantza-industriaren botere neurrigabeari eta ezegonkortasun gero eta handiagori heltzeko? Nuklearrari dagokionez, berriz, sasoi hartan ekonomia ministro zen Arnaud Montebourgek behin eta berriz aldarrikatzen zuen “etorkizuneko sektore” gisa, eta industria honen esportazioa sustatzen zuen, Txernobil eta Fukushimako ikasgai beldurgarriak mespretxatuz. Lobby industrialek orain diotenez, arbel-gasak omen dira energia-lehiakortasunaren gako, eta gobernuak iragarri du “meatzeen konpainia nazional” bat sortuko duela erauzteko jarduera lurralde frantsesean atzera ere indartzeko, produkzio prozeduretan energiaren eta materialen neurrizko erabilera bultzatu ordez.
Bitartean, baliabide gabezia deitoragarria dago inbertsio masiboak egiteko planei dagokienez, hauek energia berriztagarrietarako, energia aurrezteko edota garraio publiko eta burdinbideetarako behar-beharrezkoak diren arren. “Kapitalismo berdea” ez da oraindik martxan jarri, etekinak lortzeko ziurtasunik ez duelako eta pizgarriak falta zaizkiolako. Adituek diotenez, “energia fosilentzako dirulaguntzak 2012an oraindik 544.000 milioi dolarrekoak ziren mundu mailan, Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, eta berriztagarrietara bideratutakoak, berriz, 101.000 milioikoak”. Inbertitzaileak izutu egiten dira berriztagarriak sustatzeko politiketan izan diren murrizketekin, eta energia-trantsiziorako finantzazioa oraindik ere urriegia da.
Lehiakortasuna baztertu
Egungo austeritate eta lehiakortasun politikei kargu hartzen dieten ahotsen artean askok lan-kostuengan jarri ohi den gehiegizko arreta salatzen dute; hauek “kostuz kanpoko” lehiakortasun bat hobetsi nahiko lukete, berrikuntzan eta kalitatean oinarrituta. Joera honetakoek sarri “hazkunde berdea” dute helburu, honako oinarriekin: energia berriztagarriak, birziklapena, ekonomia zirkularra, ekonomiaren dematerializazioa eta berrikuntza teknologikoa.
Noski, hobe litzateke inbertsioen zati handiagoa energia berriztagarrietara eta karbonorik gabeko teknologietara bideratzea, eta gutxiago ikatzera eta banako automobiletara. Karbonorik gabeko ekonomiaranzko edozein trantsizio politika hortik abiatuko da. Baina Tim Jacksonek5 agerian utzi du “hazkunde berde”aren egitasmoa epe luzera ilusio hutsa dela: “pentsa ezazu 9.000 milioi pertsona bizi diren mundu bat, non guztiek mendebaldeko soldata maila nahi duten, urteko %2 hazkundeaz. Halako mundu batean gure seme-alabei bizitzeko moduko planeta bat uzteko nolabaiteko aukerarik izatekotan datozen berrogei urtean jarduera ekonomikoak duen karbono-intentsitatea 130 bider murriztu beharko litzateke. Halako egoera bat iritsiko denik sinestea edozerren gainetik teknologiaren botere ia magikoan sinestea da”.
Datozen hamarkadetan “bereizketa absolutua” gertatzea, hots, CO2 isurien jaitsiera handi batekin uztartutako hazkunde ekonomikoa, gauzak egun daudenetan materialki ezinezkoa da, baina baita produkzio-teknologiak etorkizunean zer nolakoak izan litezkeen aintzat hartuta ere. Bestela esanda, lehiakortasuna baztertu egin behar da, hazkundeari uko egin behar zaiolako, Iparraldean batez ere, klimaren leherketa benetan geldiarazi nahi badugu. Hazkunde salbatzailerako baldintzak berriz sortzeko “konfiantza berreskuratu beharra”ren erregu guztiak bere horretan hartu behar dira: eliteen itsukeriaren edo, are okerrago, krisi ekologikoarekiko agertzen duten ezaxolaren adierazpide gisa.
Zero hazkundea eta kapitalismoaren biziraupena bateragarria ote da? Tim Jacksonek ez du baztertzen, izan ere, gogoratzen duen moduan, herrialde kapitalista batzuk hazkunde txikia luzaz izan baitute, esaterako Japoniak duela hogei urtetik hona. Baina analogia ez da oso sinesgarria: trantsizio ekologikoa, eta bereziki berotegi-efektuko gas isuriaren murrizketa gogorra, ez litzateke inola ere bateragarria izango burbuila finantzarioen eztandak eta austeritatearen edota deflazioaren iraupenak ekarri duten geldialdi orokorrarekin. Aitzitik, inbertsio izugarriak beharko dira jarduera jakin batzutan eta desinbertsio itzelak beste hainbat jardueretan (energia fosiletatik hasita). Hazkunde globalak oro har zero inguruan jarraitu beharko du, baina sektore batzuk bi zifrako hazkundea izan beharko dute, eta beste batzuk desazkunde azkarra. Ezagutzen den berrorientazio produktibo baten antzeko esperientzia bakarra 1930-40etako gerra-ekonomiarena da (lehenik naziena, gero amerikarra), baina honek hazkundea asko bizkortu zuen, eta hau orain debekatuta dago.
Bidegurutze baten baldintzak
Demagun kapitalismoa gauza izango dela bidegurutze erradikal hau epe labur eta ertainean antolatzeko, demokrazia parlamentarioaren erregimena mantenduz -hau inola ere ebidentea ez den arren-; nolanahi ere, oso zalantzazkoa litzateke logika kapitalisten menpeko ekonomia batek bilakaera makroekonomiko geldikor bat errespetatzea. Post-kapitalismo baten beharrari buruzko diagnostikoa dena dela ere, Tim Jacksonek ekonomia iraunkor bateranzko trantsizioari ekiteko aipatzen dituen hiru baldintzak saihestu ezinekoak dira: finantza-merkatuak menperatzea, lanaldia murriztea eta “kontsumismoaren burdinezko kaiolatik” ateratzea. Beraz, desintoxikatu egin behar gara gure harrokeriazko kontsumoaren, mugarik gabeko hazkundearen eta neurrigabeko lehiaren menpekotasunetik.
Hau egiteko desberdintasuna zeharo apaldu beharko da, birbanaketa fiskalaren bidez (transakzio finantzarioen gaineko tasa, kapitalaren gaineko zerga progresiboa...). Baina baita diru-sarrera primarioen aldeak murriztuaz eta demokrazia ekonomikoa garatuaz: “enpresa handien baitako errenta desberdintasunak 10 edo 15 bider hazi dira azken 30 urteotan. Bonusen kulturak adierazten du gailurrean ez dagoela erantzukizun demokratikorik. Irtenbide bat da demokrazia ekonomiko handiago bateko molde guztiak sustatzea: soldatapekoen ordezkaritza administrazio-kontseilu eta ordainsari-komiteetan; langileek kontrolatutako enpresa, kooperatiba eta mutualitateentzako onura fiskalak; langileek enpresak beren esku hartzeko hobariak dituzten maileguak finantzatzeko funts publikoak”.
Nazioarte mailan, halako eskenatoki batek nahitaez ekonomien birkokatze maila handia dakar berarekin. Hau gerta daiteke muga-sari handiak berrezarriaz, baina honelako politika protekzionista nazionalek eragin dezaketen lerratze nazionalista arriskua handia da. Hobe litzateke kilometroen araberako zerga bat ezartzea, mugak gainditu zein ez, baina distantzia luzeko garraioak zeharo garestituz, zeinek CO2 isurtzen duten eta ezegonkortasun ekonomiko eta soziala eragiten duten. Horrela asko gutxituta, mundu mailako merkataritza Keynesek 1944an proposatu zuen moduko munduko konpentsazio-batasun batek arautuko luke, soberakin eta defizit komertzial estrukturalak pila daitezen saiheste aldera. Marko honetan, aski “lehiakor” ez litzatekeen herrialde edo eskualde-bloke bati (hots, defizit komertzial estrukturala duena) bere dirua debaluatuko litzaioke, nazioarteko kontu-unitatearekiko; alderantziz, soberakinak dituzten herrialde edo eskualdeen diruaren balioa handitu egingo litzateke. Lehiakortasun politikek zentzu guztia galduko lukete mundu mailako ekonomia honetan, zeina baketuta eta hazkundetik desintoxikatuta bailegoke.
Halako norabide aldaketa bat sinesgarria ote da? Zein baldintza politiko eskatuko luke? Galdera honi erantzuteak luze joko liguke, baina agerikoa dirudi Pickett eta Wilkinsonen lanaren izenburua (“Zergatik berdintasuna guztiontzat hobea den”) baikorregia dela. %1ak duen botere izugarriak ahalbidetzen dio neurrigabe jokatzearen gozamena (greziarren hubris hura), eta zalantzarik gabe, sinestea eurak giza-izaeratik aparte direla. Horregatik tematzen dira hainbeste finantzak arautzearen, aberastasuna banatzearen eta energiaren desazkundearen kontra: 2008ko hondamendiaren ondoren, burbuila espekulatiboak bere marka historikoak berdindu eta, areago, hautsi ditu, eta CO2 isuriak azkartzen ari dira. Borroka politiko eta sozial oso handiak beharrezkoak izango dira, eta espero dezagun gerra (horrek bakarrik eman baitzion kapitalismoari XX.mendeko 30 urteetako krisitik irteteko aukera) saihesteko modua izatea.
Gizadia sekula ez da gaur bezain aberatsa izan, baina ondasunak egundo ez dira hain gaizki banatu; sistema ekonomiko eta finantzarioak inoiz baino ezegonkorragoa dirudi, eta hondamendi ekosistemiko baten arriskua zehazten ari da. Pickettek eta Wilkinsonek dioten moduan, “hazkundea berdintasunaren ordezko bat da, baina alderantziz, berdintasun handiagoak eragiten du hazkundea ez hain beharrezko izatea”; hazkundea dagoeneko posible eta desiragarri ez denean, berdintasuna, lankidetza eta demokrazia gure bizitzarako agindu bilakatzen dira. Lehiakortasuna ideia hil bat da.
1Kate Pickett, Richard Wilkinson (2013), Pourquoi l'égalité est meilleure pour tous, Les Petits Matins
3 Multifibra akordioa (AMF). 1974-1994 eta bitartean, ehungintzako eta janzteko produktuei buruzko kontingenteak aldebiko negoziazioetan erabakitzen ziren, AMF akordioaren baitan. Honen arabera, produktu baten inportazioen bapateko hazkundeak estatu inportatzailearen industriari kalte egiten zionean, edo eragin ziezaiokeenean, murrizketak ezartzen ziren. 1995eko urtarrilaren 1ean AMFaren ordez MMEaren Ehun eta Jantziei buruzko Akordioa sartu zen indarrean; honek trantsizio prozesu bat abiatu zuen harik eta kontingenteak erabat desagertu arte.