Gu ez gara turistak gure hirian

2018/05/11
turismoa.jpg
Donostian turismoaren jarduera, gutxi batzuen mesedetan eta gehiengoaren kaltetan garatu izan da. Donostiarroi onura eta aberastasuna ekartzen digula sinetsarazi digute, baina, datuek beste errealitate bat aurkezten dute. Legeak eta arauak komenentziara egokituz, hiriak alfonbra gorria luzatu dio turismoa “diru erraza” dela otu zaion horri. Herritarrok, aldiz, gure hiria eta gure bizimoduetan aldaketak, ondorioak eta kalteak sumatzen ditugu turismo masiboaren ondorioz.

Asier Basurto, Argia 2018/05/09

Irudia @xabimurua bidez

trtrtrHiria enpresa bat balitz bezala kudeatzen da. Munduko hirien “merkatuan” lehiatu nahi da, Donostia (eta Basque Country) markarekin. Marka horri ezaugarri zehatz batzuk emateko moldatu nahi da hiria eta honek gure auzoak, gure bizi-baldintzak eta gure bizimodua moldatzea dakar sarritan. Etekin ekonomiko zuzena sortzen ez duen guztia baztertzen da eta bizia eta bereizgarria dena folklorizatu, ikono bihurtu eta salgai eskaini nahi da.

Turismoak hiria inbertsoreen morroi bihurtzen du. Inbertsio publikoen norabidea higiezinetan inbertitzen dutenek, kapital finantzarioak, eta erakarri nahi izan diren enpresa transnazionalek erabakitzen dute, eta baita errentaren egitura eta banaketa baldintzatu ere.

Turismoak dakarren lana lan prekarioa da. Turismoaren zerbitzura dauden aktibitate ekonomiko berriak hiriaren egitura produktiboa eraldatzen ari dira. Gertuko komertzioa suntsitzen ari da, souvenir eta modako multinazionalek ordezkatu dute. Zerbitzuen azpikontratazioa nagusitu da flexibilitatearen eta kostuen gutxitzearen mesedetan. Eta une berean, aldi baterako lan kontratuak edo kontraturik gabeko lana, kobratu gabeko lanaldiak, esklabutza soldatak, hots, prekarietatea. Langilego ikusezina, eta batez ere, emakumezkoek osatua.

Turista bat gehiago, bizilagun bat gutxiago. Turismoaren industriak etxebizitzen prezioa neurri gabe igotzen du, baita alokairuak ere. Hotel eta apartamentu turistikoak (AirBnB eta bestelakoak) bertan bizitzeko etxebizitzak ordezkatzen ari dira, bizilagunak auzoetatik kanporatuz. Aisialdiko zerbitzuen prezioak ez ezik, premiazko edo eguneroko gaien prezioek ere gora egiten dute. Inguruko herrietara kaleratuak diren donostiarren errealitatea hazten ari da. Eta gurpildun maletek erosketa gurdiak ordezkatu dituzte.

Espazio publikoa kontsumorako moldatzen da. Jarduera komunitarioak, “kontratuzko harremanik gabe” edo kontsumoa eragin gabe espazio publikoan garatzeko zailtasunak gero eta handiagoak dira. Turismo handieneko garai eta lekuetan, berriz, erraztasun handiak ematen dira hiri osoa zentro komertzial bihurtzeko.

Turismoak homogeneizatu egiten gaitu. Inbertitzaileak eta turismoa erakartzeko gure kultura eta ezaugarrien berezitasuna baliatzen da. Baina aldi berean, horrek dakar merkatu globalean nagusi diren multinazionalak eta kapital fondoak hirian masiboki sartzea. Sarrera honek eta bertako biztanleriaren kaleratzeak tokian tokiko komunitate-sareak desegin eta kultura eta identitateak homogeneizatzeko joera du: saltoki berdinak hemen eta Berlinen, kultur eskaintza estandarizatua eta bisitariei begirakoa, bisitarien hizkuntzei bertakoari baino toki gehiago egitea…

Guzti honek kezkatuta gauzka. Donostiarrak gara, hiri honetako bizilagunak. Hirian indarrean dagoen turismo ereduak kezkatzen gaituzten pertsonak elkartzen dituen plataforma osatu dugu. Donostian turismo ereduaren inguruan eztabaida zintzoa, gardena eta irekia eragin nahi dugu. Eta donostiarron bizi-baldintzak hirian garatzen diren estrategia eta jarduera ekonomiko orotan lehentasuna eman beharreko elementu bezala aldarrikatzen ditugu.

Ez daukagu ezer bere oporraldietan Donostia bisitatzen duten pertsonen aurka. Gaur egun indarrean dagoen turismo ereduak herritarrengan sortzen dituen eraginek kezkatzen gaituzte: etxebizitzan, lan-badintzetan, auzo-harremanetan, komertzio txikian, paisaia linguistikoan… Arazo hauek turisten ardura baino gehiago, gaur egungo turismo eredua diseinatu eta muga-gabe sustatzen dutenen ardura dira: bertako eta nazioarteko zenbait inbertsore eta hauei ate guztiak zabaltzen dizkieten arduradun instituzionalak.

Kezka guzti hauen aurrean, gure babes bakarra bizilagunekin bat egitea da. Gure BIZItzak defendatzea, donostiarron artean LAGUNtzea eta itxoiten geratu beharrean EKINtzara pasatzea. Maiatzaren amaieran Munduko Turismo Erakundeak Donostian egingo du bere bilera exekutiboa. Hainbat eragile sozialek beren aldarrikapenak kaleratuko ditugu egun horietan. Eta turismo ereduaren ondorioekin kezkatuta gaudenok bertan bizi garela eta bertan bizi nahi dugula ozen aldarrikatzeko baliatuko dugu.