Lan kostuak eta gutxieneko soldata: ezberdintasun nabarmenak

2015/05/20
primero gazte.png
Europako Estatistika Institutuak (Eurostat) 2014an Europar Batasunean izandako lan kostuen datuak argitaratu ditu. Bertan, lan egindako ordu bakoitzak estatuka daukan kostua ageri delarik, Hego Euskal Herrian ordu bakoitzak 25,33 euroko prezioa duela zehazten da; Europar Batasuneko kostua baino 0,76 euro garestiago (batezbeste 24,6 euro baita) baina Eurogunean baino 3,67 euro merkeago izanik (txanpon bakarreko eremuan 29 eurokoa baita).

Dokumentu osoa: Azterketa bulegoko buletina 41

Europako Estatistika Institutuak (Eurostat) 2014an Europar Batasunean izandako lan kostuen datuak argitaratu ditu. Bertan, lan egindako ordu bakoitzak estatuka daukan kostua ageri delarik, Hego Euskal Herrian ordu bakoitzak 25,33 euroko prezioa duela zehazten da; Europar Batasuneko kostua baino 0,76 euro garestiago (batezbeste 24,6 euro baita) baina Eurogunean baino 3,67 euro merkeago izanik (txanpon bakarreko eremuan 29 eurokoa baita).


Gehiago zehaztu ezkero, EAEko datua (26 euro orduko) eta NFEkoa (23,3 euro orduko) Europar Batasuneko kostutik oso hurbil daude, lehena hain justu gainetik eta bigarrena azpitik (batasuna 28 estatuk osotzen dutelarik); baina biak geratzen dira Euroguneko datuaren azpitik (eremu hau 19 estatuko eratzua dagoelarik).

Gainera, ikuska daiteke Irlanda (29,8 euro orduko) edota Finlandia (32,3 euro orduko) bezalako estatuek gure kostuak baino askoz ere altuagoak dituztela; are gehiago, Estatu frantsesak ere kostu altuagoak ditu gureekin alderatuta (9,26 euro gehiago orduko).

Izatez, kostu altuenak dituzten lurraldeak Estatu frantsesa (34,6 euro), Herbehereak (34), Finlandia (32,3), Austria (31,5) eta Alemania (31,4) dira. Estatu hauek dira bizi baldintza eta kalitate maila altuenak dituztenak, eta ez da kasualitatez. Aitzitik, lan kostu baxuenak dituzten herrialdeak Europa hegoalde eta ekialdeko estatuak dira, bizi baldintza eta kalitate mailak kaxkarragoak diren tokiak hain zuzen.

Argi dago, beraz, herrialde "lehiakorrenak" ez direla soldata eta lan kostu baxuenak dituztenak. Ezin ditzakegu helburuak lan kostuak murriztera bideratu lehiakortasuna hobetzeko premiagatik: gizabanako guztien bizi baldintzak eta kalitatea hobetu beharra dugu, soldaten igoeraren bidez ongizate gizartea garatu dadin.

Europar Batasunean arrakasta gehien izan duten estatuak ikuskatzean, gurekin konparatzean denek lan kostu altuagoak dituztela ageri da; horregatik, ereduren bat jarraitzekotan, beraiena jarraitu beharko dugu eta ez lan kostu baxuagoak dituztenen eredua: lan kostuak murrizteak langileen eros ahalmena txikitzen du, gizarte eta ekonomian eraginez barne eskaria eta ekoizpena murrizten den heinean; honek, beherapen espirala sortzen du, bertatik ateratzea oso zaila izanik.

Bestalde, Eustatek 2014 urtean estatu bakoitzean egondako gutxieneko soldataren datuak ere argitaratu berri ditu. Aipatu beharra badago ere estatu guztiek ez dutela legez ezarrita gutxieneko soldata, daukatenak hiru taldetan sailkatu ditzakegu.

Horrela, lehen taldean dauden estatuen gutxieneko soldata hilero 1.379 euro baino gehiagokoa da, herrialde guzti horiek Europako mendebalde eta iparraldekoak direlarik. Bigarren taldean dauden estatuak Portugalen datutik (589 euro hilero) Estatu espainiarrekora (757 euro hilero, berez 648 euro 14 epetan kobratu beharrean 12tarako hainbanatuaz) bitartean daudenak dira, eta estatu guzti hauek Europa hegoaldean daude. Azken taldean daudenak, aldiz, Europa ekialdeko herrialdeak dira eta denek dute hileko gutxieneko soldata 410 euroren azpitik.

Bertatik ondorioztatzen da gutxieneko soldata baxuenak duten estatuak Europar Batasuneko herrialde txirotuenak direla, gainontzeko estatuek baino bizi baldintza eta kalitate baxuagoa duten estatuak direlarik.

Estatu espainiarreko gutxieneko soldataren konparaketak egitean, Estatu frantsesak duen minimoa ia bikoitza dela ageri da: 1.458 euro hilero dira Estatu frantsesean, espainiarrean 757 euro hilero diren bitartean.

Hori gutxi balitz, Estatu espainiarra eta Erresuma Batuaren arteko alderaketa egitean (biek baitituzte orduko lan kostu oso antzekoak, lehenak 21,3 euro orduko eta bigarrenak 22,3 euro orduko dituztelarik, hurrenez hurren) gutxieneko soldata oso ezberdinak dituztela egiaztatzen da: Erresuma Batuak hileroko gutxieneko soldata 1.379 euroan baitu (Estatu espainiarrekoa baino %82 altuagoa). Honek erakusten du gutxieneko soldata altuago batek ez dituela lan kostuak areagotzen, baina bai berdintasuna eta ekitatea hobetzen dituela.

Gainera, esan beharra dago Estatu espainiarreko gutxieneko soldatak ez dituela bermatzen pobreziatik ateratzeko bizi baldintza duinak, ezta eros ahalmen onargarria ere. Hori dela eta, nahitaezkoa da gutxieneko soldata altuago bat ezartzea langile guztiak bizi daitezen pobrezia mailatik at.

Azkenik, eta soilik adierazle gisa, Irlanda edota Esloveniako gutxieneko soldatak Estatu espainiarrekoaren gainetik daudela aipatu daiteke.