ELAk dei egiten du frankismoaren aurkako manifestaziora joateko. Bilbon ekainaren 15ean

2013/06/12
e15 manifa kartela.jpg
ELAk dei egiten die bere afiliatuei frankismoaren aurkako manifestaziora joateko. Bilbon izango da, ekainaren 15ean —larunbata—, eta Frankismoaren Krimenen aurkako Salaketarako Euskal Plataformak antolatu du. Horren bidez gogora ekarri nahi diegu herri-administrazioei, erakunde politikoei eta justizia-erakundeei behar-beharrezkoa dela egia, justizia eta ordaintza bermatzea zigortutakoei, bai 1936ko uztaileko matxinada militarrak berak errepresaliatuei, bai erreboltaren ondoren Hego Euskal Herrira eta Estatu osora hedatu zen erregimen faxistak errepresaliatuei.

ELAk, manifestazioa bultzatu duten beste hainbat erakunde historikok bezala, errepresioa pairatu behar izan zuen, demokraziaren alde egiteagatik: afiliatu asko espetxeetara edo kontzentrazio-esparruetara eraman zituzten, beste asko fusilatu zituzten, edo atzerrira joan behar izan ziren iheslari; sindikatuak berak bere ondare osoa galdu zuen (egoitzak, ekonomatoak, lurrak, itsasontziak, kooperatibak, mutualitateak, elkartasun-funtsak, greba-kutxa, dokumentazioa...)

Benetako genozidio bat izan zen. Euskal Herri zuzenago, solidarioago, euskaldunago, amankomunago batekin amets egin zutenak modu sistematikoan garbitu zituzten. Izua eta beldurra barru-barruraino sartu zen gure artean, eta gainera hamarkada luzetan jasan behar izan genituen hiltzaileen nagusikeria eta umiliazioa. Urte haietan botere-egiturak eta eragin-sareak finkatu ziren. Ekonomian, nekazaritzan, finantzetan eta enpresari-arloan orduko hartan finkatu ziren oligarkien eragina oraindik sumatzen da gure herrialdeko gizartean eta politikan.

Biktimen oinazea, areago haietako asko biktima izan denik ere, inoiz ez da aitortu edo onartu. Biktimak eta haien senideak ezer gertatu ez balitz bezala bizitzera kondenatuak izan ziren, dolurik izan gabe, eta senide hilak ezponda ezezagunetan eta hilobi komunetan sakabanatuak edukita. Hala ere, diktadorea hil ondoren askok duintasunaren eta itxaropenaren bandera zabaldu zuten, demokraziaren eskutik oroitzapena berreskuratuko zelakoan. Baina, Espainiako trantsizio politikoari begira, aparatu frankistek baldintza batzuk ezarri zizkieten garaituei erregimen “demokratiko” bat ekarri ahal izateko, eta nazioarteko ordena hipokritan onartua izateko: amnesia, herrialde-zatikapena, monarkia eta alderdibitasuna.

ELAren iritziz zuzena da oroitzapena berreskuratzea eta ordaintzea. Bortxakeria hura guztiaren historia hurrengo belaunaldiei kontatu behar zaie, eta hildakoen senideei dolua eta egia zor zaie. ELAren ustez, gainera, oroitzapen hori ezinbestekoa da asmo duen aldaketa politikorako, horrela bakarrik geratuko baita ikusgai indarrean dagoen sistema politikoaren benetako izaera.

Alde horretatik, Argentinako epaile Maria Servini de Cubriak, Buenos Airesko 1. auzitegian, daramatzan jarduketak, aparatu frankisten genozidio eta gizateriaren aurkako delituengatik, urrats ausartak, beharrezkoak eta itxaropentsuak direla uste du ELAk. Ekainaren 15eko manifestazioa bultzada ere izango da epaile-jarduketa horietarako.