Sozialdemokraziaren krisia

2018/02/23
ItunSoziala.jpeg
Europa osoan eztabaidatzen da sozialdemokraziaren krisiaz. Ez da harritzekoa: tradizionalki indartsu izan diren alderdi hauetako batzuk, berriki edo etengabe, birrinduak izan dira zenbait hauteskundetan. Nahiz eta Norvegia/Eskandinavian egoera ez hain dramatikoa izan, krisia ere eztabaidatzen da hemen. Izan ere, azken bi hamarkadetan Norvegiako Alderdi Laboristak inoizko bi emaitza txarrenak izan baititu (2001 eta 2017) 20. hamarkadatik. [...]

Asbjorn WahlAsbjørn Wahl, sindikalista norvegiarra (artikulua Social Europe-n argitaratu da)

Dudarik gabe nazioarteko esparruan sozialdemokraziak krisi sakona pairatzen du, nahiz eta, herrialdeka, baldintzak oso desberdinak izan. Azken urteetan hainbat alderdi sozialdemokratek hauteskundeetan digitu bakarreko emaitzak lortu dituzte (Grezia, Irlanda, Islandia, Herbehereak, Frantzia), beste batzuek beherakada nabarmena izan duten bitartean. [...] Krisiaren zergatia ulertu nahi badugu apur bat sakondu beharko dugu. Gogoeta historiko bat baliagarria izan daiteke.

Europa zabalean sozialdemokraziak garai batean zuen nagusitasuna eta egun bizi duen krisia ulertzea oso zaila izango da, mugimendu sindikalak patronalarekin edo eskuineko indarrekin zuen harremana konfrontaziotik kontzertaziora nola aldatu zen aztertu gabe. Lana eta kapitalaren itun historikoa klase borroka globalen emaitza izan zen, indar harremanak lanaren alde egin baitzuen. Enplegatzaileentzat itun hau urrats taktikoa izan zen gorantz zihoan mugimendu sindikal indartsuaren erradikaltasuna baretu eta atzera botatzeko. [...]

Lana eta kapitalaren itun historikoa klase borroka globalen emaitza izan zen, indar harremanak lanaren alde egin baitzuen. Enplegatzaileentzat itun hau urrats taktikoa izan zen gorantz zihoan mugimendu sindikal indartsuaren erradikaltasuna baretu eta atzera botatzeko

Itun honek, 30. hamarkadako depresioarekin, II mundu gerran faxismoa garaitu izanarekin eta Ekialdean beste sistema ekonomiko baten existentziarekin batera, sozialdemokraziaren urrezko garaiaren oinarriak ezarri zituen. Benetako ituna izan zen, enpresariek hainbat kontutan amore eman behar izan baitzuten mugimendu sindikalaren aurrean, merkatuan esku hartze politiko nabarmena onartuz besteak beste. Honela, langile klasearen garapen sozial esanguratsu baterako oinarriak ezarri ziren. Horrela sortu zen eredu norvegiarra edo iparraldekoa.

1887ean sortu zenetik 1935ean patronalarekin klase ituna sinatu zuen arte, Alderdi Laborista justizia sozialaren aldeko alderdi gisa aurkezten zen, sozialismoa epe luzeko helburu zuena. Sozialdemokraziaren taktika eta estrategiaren inguruan ezkerrean izan den desadostasun etengabea albo batera utzita, laborismoa masa organizazio erreal gisa nabarmendu zen langile klasearentzat. Haatik, klase itunak ez zuen garapen soziala soilik ekarri, espero ez ziren ondorioak ere izan zituen. Ituna aurrera eramateko alderdi laboristak hartu zuen rolak alderdiaren organizazioa eta politika eraldatu zituen: alderdiaren izaera epeldu zen, besteak beste kontzertazioaren ideologia bereganatuz. Denbora gutxian alderdia eraldatu egin zen; langile jendearentzat masa organizazioa izatetik klase itunaren administrari izatera pasa zen. Horra hor sozialdemokraziaren egungo krisiaren sorburua.

Klase itunak ez zuen garapen soziala soilik ekarri, espero ez ziren ondorioak ere izan zituen. Ituna aurrera eramateko alderdi laboristak hartu zuen rolak alderdiaren organizazioa eta politika eraldatu zituen: alderdiaren izaera epeldu zen, besteak beste kontzertazioaren ideologia bereganatuz

Eredu norvegiarra” deitua kontzertazio sozialaren fruitua da. Gutxik eztabaidatuko du eredu sozial hau itun sozialean oinarrituta garatu zela. Beste kontu bat da eredu hau nola ulertzen den. Lana eta kapitalaren arteko norgehiagokaren garapenaren emaitza zehatz bat izan zen arren, alderdi laboristaren kontzepzioan interes talka oinarrizko honetatik aldentzen joan zen apurka-apurka. Patroientzat mugimendu taktikoa zen, langile mugimenduaren indarra eta norabide sozialista ahultzeko. Sozialdemokraziarentzat, ordea, arrazoiaren estadio goragoko bat zen, zentzu kolektibo berri bat honoko ustean oinarrituta: “enplegatzaileek ere ulertzen dute lankidetza interesatzen zaiela, gatazkaren ordez” (behin eta berriz sozialdemokrata norvegiarrek dioten moduan).

Ideologia honetatik abiatuta, sozialdemokraziak gizartearen kontzepzio global bat garatu zuen, zeinean ekonomia (kapitalismoa) erregulazio politikoak zuzendu zezakeen merkatuan esku hartuz (keynesianismoa). Hala, kapitalismo arautu eta krisi gabekoa eraiki zitekeen, langabezia orokorra, pobrezia eta miseria, 30. hamarkadan ezagutu zen moduan, aspaldiko kontuak izatera pasako ziren bitartean. Klase borroka bera apalduta, areriotasun instituzional batera mugatzen zen bi urteroko negoziazio kolektiboan, esaterako.

Kontzepzio hau guztia frogan jarri zen 70. hamarkadan kapitalismoa, berriro, krisian sartu zenean. Petrolio krisiak, moneta krisiak, lehengaien krisiak -eta ondorioz, eskala handiko krisi ekonomiko bat- amaiera eman zion gerraosteko hazkunde ekonomikoari eta egonkortasunari. Merkatuak arautzea eta merkatuetan esku hartzean oinarritzen zen politika sozialdemokratak emaitzak emateari utzi zion. Estankamendua eta inflazioa paraleloan hazi ziren (estanflazioa) eta desenpleguak gora egin zuen. Halako krisia Alderdi Laboristaren teoria sozial eta ideologia nagusiaren kontra zihoan. Gauza bera gertatu zen patronalaren eta eskuin politikoaren erreakzioekin, “arrazoi kolektibo”tik sindikatuen eta ongizate estatuaren kontrako eraso gero eta bortitzagoetara pasa zirenean. Neoliberalismoa, ez klase ituna eta adostutako irtenbideak, izan zen enpresariek eta eskuinak krisiari eman zioten erantzuna. Hau da, ofentsibak ezustean harrapatu zuen kontsentsura bideratua zegoen mugimendu laborista.

Sozialdemokraziaren eraldaketak, langileentzako masa organizazio izatetik klase itunaren kudeatzaile izatera, erasoei aurre egitea galarazi zuen. Erantzuna ofentsiba neoliberalari sumisioa izan zen. Gradualki, alderdi sozialdemokratek agenda neoliberalaren gero eta zati handiago bereganatu zuten: pribatizazioak, sektore publikoaren kudeaketa eredu merkantilista, desarautze eta berregituratzeen bitartez, Kudeaketa Publiko Berrian inspiratuta. Honek eragin zuen neoliberalismoa are gehiago indartzea alderdi laborista barruan, eraldaketa hau aurrera eraman zuen geruza burokratiko estatalaren zati handi bat alderdikideak baitziren, soldata oneko zuzendari izaten amaitu zutenak, interes partikular indartsuekin... Hori dela eta alderdiaren oinarri soziala aldatu egin zen, edozein biraketa edo norabide aldaketa egiteko gauzak asko zailtzen duena.

Izan ere, ez da erraza organizazio politiko bat aldatzea. Interes sozial, ekonomiko eta politiko asko daude jokoan, karrera egiteko gurariaz gain, jakina, kasu askotan ikusi dezakegun moduan.

Dena den, sozialdemokrazia ez da egoera konplikatuan dagoen bakarra. Gerraosteko panorama politikoko bi indar nagusiek arazo larriak dituzte zurrunbilo politiko garrantzitsuez gain. Europako herrialde askotan sozialdemokrata eta kontserbadore “arduratsuen” arteko lehia zen nagusi, eta normalean txandaka gobernatzen zuten. Bi indarrak modu desberdinean lotuak zeuden klase itunei eta itun horiek beren politikak ezaugarritzen zituzten. Egun, ordea, itun historiko hori apurtu egin da guztiz ia, nahiz eta prozesua iparraldeko herrialdeetan motelagoa izan.

Horregatik, hau ez da soilik sozialdemokraziaren krisia, kontzertazioan oinarritutako gerraosteko Europako ereduarena baizik. Krisi politiko honen hasieran eskuin muturreko alderdiak sortu ziren: Front National Frantzian, “askatasunaren alderdiak” deituak Austria eta Herbeheretan, eta Garapenaren Alderdia Norvegian. Sozialdemokraziak eta ezkerra alternatibarik ez aurkeztu izanak eboluzio honen arduraren zati bat onartzera behartzen ditu. Ez zituzten ongizate estatuak ekarri zituen konkista sozialen kontrako eraso neoliberalei aurre egiteko politikarik proposatu. Dena den, azken urteetan ikusi dugu zenbait alternatiba ari direla sortzen ere ezkerretik (Syriza Grezian, Podemos Espainian, Momentum Erresuma Batuan, eta sortu berria den Boterea Herriarentzat Italian). Hauek ekimen gazte eta osatugabeak dira, kale egin (Syriza bezala) edo arrakasta izan dezaketenak, baina edonola, beren borroken eta esperientzien, garaipen eta porroten, arabera garatuko dira.

Ez dirudi Alderdi Laborsitak gaitasunik izango duenik bizi dugun egoeran behar dugun askapen mugimenduan bihurtzeko. Berrikuntza erradikal baterako oinarri soziala ahulegia da eta erakundearen antolakuntza hesiak gotorregiak. Kontua da ere sozialdemokrazia berreraikitzeak zer san nahi duen. Norvegiako alderdiko ideologoak dioen “sozialismoa da Alderdi Laboristak momentu oro egiten duen politika”. Arazo sozialak larritzen diren bitartean, gero eta jende gehiagok segurtasun falta nabari duenean, ezkerreko edozein alderdik alternatiba, ikuspegi eta soluzio erradikalagoak izan beharko ditu; zentro politikotik edo eskuinetik oso urrun.

Benetako alternatiben faltan, sozialdemokrazia eremuko alderdiek, aldaketa asko egin gabe, jarrai dezakete hauteskunde batzuk irabazten, beren bozkatzaileek aukera politiko batetik bestera jauzi egiten dutenean hauteskundeetako promesak betetzen ez direla ikustean. Arraroa litzate hau lasaigarri izatea krisiak jotako alderdi sozialdemokraten liderrentzat. Gero eta langile eta gazte gehiago irtenbide erradikalagoak eskatzen hasi dira. [...]