Zeinek beteko ditu estatu hutsuneak?

2012/12/13
ultraaktibatu.JPG
Sindikalismoak bere bekatu originalak ditu. Sindikalismoaren urre aroa deiturikoa, adibidez, ongizate estatuaren garaian gertatu zen, baina ongizate estatu hau posible izan zen neokolonialismoari, eta natur baliabide zein emakumeen esplotazioari esker. Bakoitzak bere erruak onartu behar ditu beste mugimenduekin konplizidadeak bilatzen hasteko, eta hau izan da gurea, sindikalismoarena.

Xabi AnzaAbenduko Landeiatik hartutako artikulua (Demokrazia+ kongresuan emandako hitzaldiaren transkripzioa)

Xabier Anza, ELAko formakuntza arduraduna

Baina sindikatuak badauka zer eskaini XXI mendean. Jakintza historiko bat dauka konpartitu dezakeena. Konpartitu dezake, alor ideologikoan, ongizate estatuaren sorreraren kontradikzioak adibidez, bera parte izan den neurrian. Eta badauka, adibidez, esperientzia organizatibo bat. Mugimendu berri askok ez dituzte  guretzat oinarrizkoak diren mobilizazio egitura eta organizazio gaitasunik. Zentzu horretan daukagun esperientzia historiko hori beste mugimenduekin partekatu behar dugu.

Baina konplizidadeak bilatzeko bestelako motibazioak ere badaude, motibazio negatiboak. Bizi dugun krisi garaian, ezartzen ari zaizkigun murrizketa politikek, probrezia masiboa ekartzeaz gain, estatu hutsuneak eragingo dituztelakoan nago. Estatu hutsuneak aipatzerakoan gutxienez hiru esparrutan aipatu behar ditut: ordezkaritza politikoaren esparruan, babes sozialaren esparruan eta segurtasunaren esparruan.

Argi ikusten ari gara murrizketa politikak   ezartzen ari diren lekuetan, alderdi politiko tradizionalak gainbehera doazela, eta alderdi hauek uzten duten hutsune hori edozer gauzak bete dezake etorkizun gertu batean. Izan daiteke Falange berri bat, edo izan daiteke ejerzitoa, edo zergatik ez, XXI. mendeko sozialismo berri bat. Ojala hau izango balitz. Baina edozer gauzak bete dezake, eta horrek arrisku handia dauka.

Agian etorkizuna ez da etorriko sindikatuak babes instrumentu guztiak ematetik, baizik eta hortan dabiltzan mugimenduekin konplizidadea sortzetik

Bigarren hutsunea babes sozialaren esparruan gertatzen ari da ene ustez. Babes sozialarekin berdin gertatzen da. Yayo Herrerok esan bezala, eta igandeko egunkari batek zioen bezala, Valencian adibidez nazi talde bat babesa soziala eskaintzen hasi da herritarrei. Estatuta ez den babes sozialeko esperientzia andana daude: Hamas eta Hizbulak ere babes sarea antolatua daukate. Sindikatuak berak, ELAk berak, ere egiten zuen hori 36ko altxamenduaren aurretik: bere kontsumo zein produkzioa kooperatibak zituen, ekonomatoak, mutuak, aseguru medikoak, greba-kutxa… Sindikatua bera zen babesa eskaintzeko gaitasuna zuena. Egun, gauzak dauden bezala, galdera berehala dator: babes sozialik ez dagoenean nork emango du babesa? Zeinek edo zerk okupatu du hutsune hori. Horren inguruan hausnartu behar dugu.

Eta, hirugarrenik, segurtasunaren gaia ere hor dago. Atzo kongresu honetan emandako hitzaldi batean Greziako kasua aipatzen ziguten. Grezian, adibidez, mugimendu neonazia ere hazten ari da segurtasuna bilatzen duen jendearen artean bereziki, jendeak segurtasuna ematen duen edozertan bilatzen baitu babesa. Izan daiteke mafia bat, ejerzito bat... dena delakoa.

Zentzu honetan, hiru hutsune horiek sortuko diren garai batera gerturatzen ari gara, eta gizarte mugimenduek izugarrizko ardura daukagu. Geure esparrutik begiratuta, sindikatuok lehen mailako ardura nazionala daukagu, lehenik alternatibak beste mugimenduekin lantzeko. Agian etorkizuna ez da etorriko sindikatuak babes instrumentu guztiak ematetik, baizik eta hortan dabiltzan mugimenduekin konplizidadea sortzetik. Eta bestetik, izugarrizko ardura nazionala daukagu, ezin duelako edozer gauzak bete sortuko diren hutsune horiek. Ardura nazionala ikuspegi demokratikotik, faxismo berri batek ez dezan bete demokrazia biziberrituak bete behar duen lekua.