Ordezkapena prestatzen joan beharraz

2014/09/24
EconomiaIceberg.jpg
Iñaki Antiguedad, 2014/09/21 Berria; Trantsizio bidezko aldaketak eragin nahi ditugunok, marko juridiko-politikoa eta eredu sozioekonomikoa uztarrian, askoz ere gogoeta gehiago, gizarte-plazetan islatzen dena baino, zabaldu beharko genuke, bataz eta besteaz. Nik horren premia, eta kezka, sentitzen dut hemengo prozesuan.

[Trantsizioari buruzko material desberdinak gaian sakontzeko:
Euskal Herrirako energia- eredu iraunkor baterantz, Gorka Bueno
Ekonomiaren trantsizio ekologikoa. Zergatik? Zertarako? Nola?, Florent Marcellesi
Aldaketa klimatikoa,sindikatuak eta ezkerraren ajenda bateratua, Naomi Klein
Zer lan behar ditugu nahi dugun gizartea eraikitzeko?, Autore desberdinak
Hegemonia eta estrategia independentista, Unai Apaolaza
Euskal estatua eta nazioa, ekintza kolektibo gisa: euskal estatugintzaz, Mario Zubiaga]

Iñaki AntiguedadIñaki Antiguedad, EHUko irakaslea (artikulua Berria-n argitaratu zen 2014ko irailaren 21ean)

Susmoa dut ez ote ditugun aldaketa bideak sinpleegi irudikatzen; epe motz-ertaineko trantsizio bideak gutxietsi eta epe luzeko helburu-hitz handiak askiesten. Zer esanik ez, zentzuzkoagoa da geroaldi bidezko batetik egindako atzeikuspena orainaldi bidegabetik egindako aurreikuspena baino. Burutazio hau garapen iraunkor serioak lekarkeen apustuaz egin zuen aritu batek. Berdin balio du planetako iraunkortasunaz ari garela edo Euskal Herriko garapenaz. Nabardura bat; garatu aditzak esangura asko eta askotarikoak ditu, eta askoren ahoan benetan toxikoa delakoan nago, baina euskaraz badu adiera aproposa, gauzak egiteko gaitasunari lotua, desarrollismo kontzeptutik urrun. Hortaz, balia ditzagun euskarak ahoratutako hitzak eta sor ditzagun behar diren berriak; hori ere bada garapen endogenoa!

Asko hitz egiten da, plazetan ere, aberastasunaren bidezko banaketaz, baina ezer gutxi horren sorreraz; non eta nola sortzen den

Harira! helburuak funtsezkoak dira, baina gaurko helbideak ezinbesteko, gizartearen plaza zabalak helbideen sinesgarritasunaz lotuko baitira helburuetara, markoan eta ereduan. Eta hortxe kezka, ia gaurko apustu estrategikoetan oraina eta geroa modu kateatuan diren. Eta pragmatismoa den, azken batez oso desberdina baita pragmatismoa, atsekabez, helburu hartzea edo, perspektibaz, helbide. Beste batek esana gogoan, eraldaketarako behar den denbora baino askoz ere inportanteagoa da denbora hori zelan betetzen dugun. Gaur eta hemen bete, bihar eta hemen-han buruan.

Hidrologoa izanda ere ekonomia dut kezka-iturri nagusi bat, bestelako ekonomia zelan gauzatuz joan, hemen eta gaur, jakinda ere epe motzean beharrezkoak diren hainbat apustu ez direla epe luzera begira egokienak, inondik ere ez. Orduan? Tirabiren eremua da, derrigor, trantsizio bideena. Ekonomia esan dut, sozio-ekonomia esan nahian. Izan ere, asko hitz egiten da, plazetan ere, aberastasunaren bidezko banaketaz, baina ezer gutxi horren sorreraz; non eta nola sortzen den. Are hitz gutxiago, aberasteko gaurko moduek han-hemen luze iraun dezaketenentz, honen gaineko gogoetak halabeharrez eramaten baikaitu nazioarteko merkataritzaren eremu korapilatsuetara, eta horren aurrean hemengo subiranistek hartu beharreko jarrera, eta jarduera, zehaztera, traza nagusietan sikiera, barrura eta kanpora begira. Zehaztu, ez bakarrik gaurkoa baizik eta biharko nahi duguna ere; eta, inportanteena, trantsizio bidea bera zehaztu, perspektibaz, barruan eta kanpoan. Gerokoak geroko, edo, ezin da serio hartu aldaketa nahi dugunontzat.

Bestelako ekonomia, osasuntsua, Oikos aurrizkia bere horretan hartzen duena: nork bere etxea egoki gobernatzea. Ekonomia, benetan, giza-zientzia hartuta. Ez da kasualitatea ekologia hitza aurrizki berekoa izatea: etxea ezagutzea. Jakina, etxea ezagutzea derrigorrezkoa da etxearen gobernu onerako, ekosistemen ezagutza ezak horien hondamena dakarrelako; ekonomian zein ekologian dira kapitalak, maileguak eta mugak. Krisiak dira horren ondorio, nagusi den krisiaren adar direnak. Hortaz, ezagutza handitu behar dugu, eta gobernantza-bide berriak sortu. Indarrean den ekonomia-sistemak ondasunak sortzen ditu, bai, baina hondamenak ere bai, eta oso modu desberdinean banatzen ditu batak eta besteak, gizartean eta munduan; are larriago, denbora gogoan! Hamaika ikerketa dira plazan, planetan hondamenek ondasunei aurrea aspaldian hartu dietela egiaztatzen dutenak, datuak datu. Gure prozesuan eztabaidagai, planetan gara eta!

Gaurko ekonomia kritikatu beharra dago, osasunagatik ere, bestelakoaren bidean, baina kritikak ekoizpena-garraioa-kontsumoa kate osoa hartu behar du. Hazkundearen funtsa bera da kritikaren abiapuntua, eta ez bakarrik bere ondorio sozial zuzenetan. Pagotxa legez agertzen digute hazkundea oraindik ere krisiaren nondikoa ezagutu nahi ez dutenek. Poetak zuen esana, gaixo egotea baino okerragoa dela mediku txarra izatea. Hazkundea mito ukiezina dute, ezbaitik kanpokoa, lilura-iturri. Hala ere, ustezko gaitzen balizko botika izatetik benetako gaitzen egiazko minburu izatera pasatu dute. Ez dakit fakultatean ikasgai den, baina bada gogoratzea hazkundearen itzalean bi fluxu-mota direla, merkatuen bidezko ondasun eta zerbitzuena eta naturaren bidezko materia eta energiarena. Eta azken hau da haren ezinbesteko muga. Pikua ez da bakarrik petrolioarena, ez horixe! Orduan? Etengabeko hazkundea ezinezko da, eta deshazkundea ezegonkor gaurkoz. Kasurako, kontsumo arduragabea onartezina da luzera, baina lanpostuak ditu motzera. Dilema! Oraina eta geroa lotzen duen uztarrian kontuan hartzekoa, gaur hasita. Kontzeptu asko dira birpentsatzekoak, euskaraz egokitzekoak ere. Ordezkapena prestatzea funtsezkoa da, ekonomian batez ere, lur horretan gobernatzen baita etxea. Gaurko arduragabekeria antolatu-aren aurrean aldaketak eragin nahi ditugunok dugu horren beharra, ez beste inork. Jarraitzekoa.