TTIP eta kapitalaren aurrean Alternatibak martxan!
Zer da GoiEner?
Irabazi asmorik gabeko herritarren kooperatiba energetiko bat, herritarrena. Jendeak ezagutzen gaitu argindar hornidura ematen duen enpresa garelako; eta argindar horren jatorria energia iturri berriztagarriak dira, bertokoak. Kito. Noski, guk ez dugu normalean gure burua era horretan aurkezten. Hori guretzat tresna da. Energiaren alorrean demokratizazioa nahi dugu.
Gaur egungo sistema demokratikoa ez dela salatzen duzue, hortaz...
Gabezia handiak daude, bai alde ekonomikoan bai energetikoan, izan ere biak oso lotuta daude, eta ez gara konturatzen. Tira, konturatzen gara fakturak geroz eta garestiagoak direla, eta beraz badakigu zer eragin duen energiak gure eguneroko ekonomian, baina ez dugu orokortasuna ikusten. Petrolioaren gailurraz hitz egin genezake. Ezin esan baliabide naturalak agortzen ari direla, baina produkzio prozesuak bai, gailur batera heltzen ari dira. Eskariaren eta eskaintzaren arteko oreka galtzen ari da; eskaria gero eta handiagoa da, batez ere BRICS direlako herrialdeetan, Txinan, Indian, Brasilen... nahiz eta Mendebaldean eskaria pixkanaka jaisten ari den, eta Espainiako Estatuan nabarmen. Batzuek diote: baliabideak daude ia-ia betirako. Baina baliabide horiek erauzi eta merkatuan jartzeko behar diren prozesuak beherantz doaz.
Beherantz doazela esanda, zer adierazi nahi duzu?
Zailagoa eta garestiagoa dela erregaia ateratzea. Erauzketak daude Artikoan, ur sakonetan... eta etekina gero eta txikiagoa da. Energia unitate bat ateratzeko gero eta energia gehiago behar dugu. Hori gertatzen da frackingarekin, petrolio astunekin...
Eta horrek badu zerikusirik GoiEner sortzearekin?
Bai, badu. Gure helburua da gauza horiez hitz egitea, jendeari ikusaraztea zer eragin daukan eguneroko bizimoduan dugun kontsumo ereduak. Eta ez dela batere jasangarria. Hainbat krisi ari gara jasaten, handiena ekonomikoa, 2008tik datorrena, baina ez dakigu krisi horren atzean krisi energetiko bat dagoela. Ez dugu ikusten energiak ekonomian daukan eragina. Irtenbideak bilatu behar dira, irtenbide jasangarriak eta tokikoak, ahal den neurrian.
Kostatu egiten da Espainiako Estatuko sistema elektrikoa ulertzea. Horren barruan GoiEnerrek zer egiten du, zehazki?
Kateak lau begi ditu: ekoizpena, garraioa, banaketa eta merkaturatzea. 1997an liberalizazioa eman zenean, lehenbizikoa eta azkenekoa baino ez ziren liberalizatu –teorian gehiago praktikan baino–: ekoizpena eta merkaturatzea. Gu merkaturatzaileak gara. 2012 hasieran egin genituen lehen bilerak proiektua martxan jartzeko, eta asmoa ekoizle hutsak izatea zen. Beste herrialde batzuetan asko egiten ari dira hori. Erresuma Batuan, adibidez, komunitate energetikoak sortzen ari dira crowdfunding bidez. Hainbat pertsona elkartu, bakoitzak 1.000 euro-edo jarri, eta teilatuetan plaka fotovoltaikoak instalatu, edo geldirik zegoen zentral hidrauliko txikia berreskuratu, edo... Ekoizpena ez dadin izan urrutiko gune batean –Garoñan, esaterako–, baizik eta norberaren etxetik gertu.
Azkenean, ordea, ekoizpenari uko egin eta merkaturatze-enpresa sortu zenuten. Zergatik?
2012ko urtarrilean Espainiako Gobernuak berriztagarriei “moratoria” ezarri zielako. Hau da, ez da diru-sari gehiagorik energia berriztagarri instalazio berrientzat. Ordura arte, zuk instalatzen bazenuen energia berriztagarrien planta bat, alde batetik jasotzen zenuen salmentatik zuzenean ateratzen zenuen dirua, eta horri gehitzen zitzaion estatuak buletin ofizialaren bitartez ezarritako saria: hainbeste produzitu, hainbeste jaso. Horrela aitortu egiten zen berriztagarriek sisteman duten eragin ona. Izan ere, 2012 aurretik jarritako instalazioek segitzen dute diru-saria jasotzen. Hori bai, murrizketekin eta atzerapenekin.
Eta zein da berriztagarriek sisteman duten eragin ona?
Ez duzu hainbeste erregai fosil inportatu behar, ez duzu CO2 isuriengatik ordaindu behar, tokiko ekonomia bultzatzen duzu... Dena den, berriztagarrien sektoreak askotan aldarrikatu du nahiago lukeela diru-sari hori ez jaso, eta aldiz, “kutsatzen duenak ordaindu egiten du” printzipioa ezartzea. Hau da, berriztagarrien errentagarritasuna sarien bidez puztu beharrean, besteei, kutsatzaileei (ikatza, gasa...) ezar diezaietela isuna. Baina erregai fosilen sektorea oso boteretsua da, eta ez ziren ausartu halako zigor neurririk ezartzera. Horregatik asmatu zituzten diru-sariak, nolabait aitortzeko berriztagarrien onura.
Eta 2012an kendu, hala ere. Hain zuzen, UNESAk, argindarraren alorreko konpainia indartsuenak biltzen dituen elkarteak, esaten du herritarren faktura hainbeste garestitzearen errua berriztagarriei emandako sariena dela.
Bai, fakturaren zati bat sari horiek ordaintzeko da, baina ez da esaten berriztagarriek argindarraren prezioa jaisten dutela. Guk fakturan ordaintzen dugu merkatuan ateratzen den prezioa batetik, eta berriztagarrientzako diru-saria bestetik. Haize-errota batek ez duenean ezer ekoizten, ez diogu saririk ordaintzen, baina merkatuan prezioa igotzen da. Aldiz, iturri berriztagarriek energia ekoizten dutenean argindarraren prezioa jaisten da, baina saria ordaindu behar zaie. Non dago oreka puntua? Ikerketak egin dira eta ikusi da kilowatt-ordu bakoitzeko ia 40 zentimoko saria ordaindu genezakeela, eta berriztagarririk gabe argindarrak merkatuan hartuko lukeen prezio berean egongo ginateke. Baina berriztagarrien onura guztiekin.
Zenbat ordaintzen zaie orain?
Hamabost zentimo. Oraindik askoz gehiago ordaindu ahal izango genieke, eta balantzak kontsumitzailearen aldekoa izaten jarraituko luke.
Hori horrela bada, zergatik eten dira diru-sari horiek?
Energia iturri berriztagarrien hazkundea gelditzeko. Berriztagarrien ezaugarrietako bat da energia askoz modu demokratikoagoan eskuratzeko aukera ematen dutela; instalazio handiek ez dute hori. Edonork jar ditzake plaka batzuk teilatuan, edo lagun batzuekin elkartu eta zerbait handixeagoa muntatu. Era horretan, kontsumitzailea da kontsumitzen duen energiaren jabea, eta enpresa handiei ez zaie hori interesatzen. Berriztagarriek garapen azkarra izan dute, eta konpainia handiak sumatzen hasiak ziren ez zirela gai izango egoera berrira garaiz egokitzeko. Ondorioz, negozioa galduko zuten.
Asko esatea dirudi, Iberdrola batek, esaterako, negozioa galduko duela...
Kontuan izan behar da Espainiako adreiluaren boom-ean gas ziklo konbinatuko 25 gigawatt inguru instalatu zirela estatuan (pentsa, energia mota guzti-guztiak batuta 100 gigawatt daude instalatuta). Eraikuntzaren hazkundeak jarraituko zuela uste zutenean egin zuten inbertsioa. Baina 2008an burbuilak eztanda egin zuen, elektrizitate eskariak behera egin zuen, eta aldi berean berriztagarriak zeharo zabalduta zeuden ordurako. Argindarra sarean sartzeko garaian, ekoizle batzuek lehentasuna dute, eta hain zuzen ere sartzen den azkenetako bat gasa da. Jakina, gas zentrala errentagarria izateko, gasa erre behar du, ze gainera, gasa aldez aurretik erosita dute, urte batzuetarako. Zentral gehienak UNESArenak dira, eta UNESAk pentsatzen du: nola edo hala nire inbertsioa errentagarria izatea lortu behar dut.
Hortik dator Espainiako Estatuan eman den erreforma elektrikoa?
Bai. UNESAko enpresek botere handia dute. Madrilgo Kongresuko diputatuek onartu dute eragin handiena duen lobbya energiarena dela. Egoera iraultzeko berriztagarrien kontrako kanpaina abiatu dute, bi fronte dituena. Batetik, hedabideen bidez –ez da ahaztu behar hedabide nagusietako iragarle handienetakoak direla– ospea kendu diete berriztagarriei: garestiak dira, ez dira fidagarriak... Mezu horrek izugarrizko arrakasta lortu du herritarrengan, eta berriztagarrien sektoreak ez du kontraerasoa egiten jakin. Konpainia handien beste lan ildoa botere politikoarekiko harremana da. Gobernuko presidente eta ministro ohiak daude enpresa horien zuzendaritza-karguetan. Nork ezartzen du energia politika, azken batean? Enpresa pribatu batzuek. Eta haien interesen arabera egiten dira legeak.
Hitzaldi batean esan zenuen egoera horren aurrean erresistentzia egiteko sortu direla GoiEner bezalakoak.
Honelako kooperatiba bat sortzeko arrazoien artean daude jasangarritasuna, klima aldaketari aurre egin beharra... Baita efizientzia ere. Gaur egun argindarraren fakturan ordaintzen dugunaren %15 garraioan gertatutako galerak dira. Kontsumitzen den lekutik 100 edo 200 kilometrora ekoizten bada elektrizitatea, goi-tentsioko lineen bidez garraiatu behar da, eta asko galtzen da. Etxe ondoan ekoitzita galera ez da hainbestekoa eta ez dugu ordaindu behar. Kontua da beste energi eredu bat behar dugula. Arraroa eman dezake baina gure helburua gero eta gutxiago kontsumitzea da. Batetik efizientzia handituz, bestetik alferreko gastuak saihestuz. Ezin da garapena lotu energia gehiago kontsumitzearekin, kontrakoa baizik. Baina eskema klasikoekin gabiltza oraindik: “Kontsumoa handitzeak BPG igoarazten du, eta hori ona da”. Bada, ez. Energia onena gastatzen ez dena da. Kontsumoa murriztu behar dugu bizi-kalitatea galdu gabe.