Artikulu hau Enbatan argitaratu da
Berrikuntza bati buruz?
Azken denbora hauetan berrikuntza, «innovation» delakoa, anitz aipatzen da laborantza arloan ere. Duela ez aspaldi, Frantses estadoak bideratu duen TIGA proiektua aipagai zen. Euskal Herriko laborantza munduko aktore ezberdinek lan ildo berritzaileak presentatu zituzten, hautagaitza deialdi baten barne.
Elgarrekin kausitu dugun berritze handiena izan da laborantza bere kuadrotik ateratzea eta gai frango (izan elikadura, kontsumitzaileekin lotura, ura, ingurumena, klima aldaketa, lurraren zaintza,etab.) lantzea gizarteko beste eragilekin batera.Bainan, zer da berritzaile izaitea gaur egungo kontestuan? Zer zentzu har lezake berritzaile izaiteak, laborarien kopurua apaltzen ari denean, etxaldeak gero eta handiagoak bilakatzen direlarik edo segidarik gabe gelditzen eta araberan erreparoa ttipituz doalarik? Izan laborantza produktibista ala herrikoia, biak berritzaile izan daitezke, alta eragin ondorioak ez dira batere berdinak lurralde batentzat. Hala ere, frangotan entzuten da ez direla bi modeloak elgarren aurka jarri behar.
Badu orain 13 urte berritzaileak girela Euskal Herriko Laborantza Ganbaran, sail ainitzetan alternatibak bideratuz, Arrapitz federakuntzak egiten duen bezala 1980-az geroztik. Elgarrekin kausitu dugun berritze handiena izan da laborantza bere kuadrotik ateratzea eta gai frango (izan elikadura, kontsumitzaileekin lotura, ura, ingurumena, klima aldaketa, lurraren zaintza,etab.) lantzea gizarteko beste eragilekin batera.
Bide luze hortan, lan parte bat egina dugu bainan politikariekin badugu oraino zer egin. Euskal Herri elkargoak laborantzaren ardura bereganatu du. Duela urtea, egituratze ofizial bat proposatzen ginduen nun juntatuko diren laborantza munduko aktore guziak bai eta herri elkargoko hautetsiak eta gizarte zibilaren arduradunak, honen egin beharra litekelarik laborantzaren politika eta orientabidea plantan emaitea. Osaketa anitza horrek, orain arte departamendu mailan ezagutu ditugun sindikat indar jokoetarik atera behar gaitu.
Lurralde antolaketak ekarri dauku berrikuntza, Euskal Herriko 158 herriak juntatuz. Pusa dezagun urrunago laborantzaren egitura publikoa sortuz. Berritzaileak izan gaiten hor ere. Ideiek eta asmoek beren bidea egiten dute, horien berri emanen dautzuegu heldu den urtarrilaren 20an, Ainiza Monjolosen, gure urtebetetze kari. Jin nunbre handian eta anartean urte berri on bat deneri!
Beñat Molinos
Euskal Herriko Laborantza Ganbarako Ko-lehendakari