Nekearen aurka
Sarah Babiker, El Salton argitaratua
"Ez dira inoiz nekatzen eta!", esan du harro eta lur jota haur-parkeko hondarra zabaltzen ari den haurraren amak, 8 ordu eta gero eskolatik korrika batean irten diren neska-mutilak zipriztinduz. Emakumeak irribarre egiten dio bere ume kementsuari, irribarre nekatu bat, edo behintzat hori sumatzen da maskararen atzean. Ikusgarriagoak dira begiak, haiek ere borroka egin behar dute akidurazko horma baten kontra. Badirudi haurrek erakusten ez duten nekea, zenbait begiradatan bikoiztuta islatzen dela.
Bakoitza banku batean eserita daudela eta segurtasun-tartea utzita, amek apenas komentatzen dituzte albisteak. Mundua txikitxoa da, haurrak dira jolasean, burbuila taldearen ideia parkeko hondarrean lurperatzen ari dira, inork hori egitera zuzendu gabe. Erosketak egin behar dira. Gero etxera itzuli beharko dute, etxeko lanak eta afaria, bainua eta bihar gauza bera: errutina, egunak joan egunak etorri. Kutsatze kopuruan artean errutinak aurrera doaz, tinko. Dagoeneko inork ulertzen ez dituen neurriak. Murrizketa aldakorren atzetik ibiltzea zaila da. Urruneko oihartzun bilakatu diren eztabaida politikoak. Mundu txikiak nekatzen baldin badu, mundu handiak ez du gehiago eutsiko.
Hiria begiz josita dago, edonon topa daitezke. Lehen ere bazeuden baina ez zuten halako protagonismorik. Begiak adierazkortasunaren bunker gisa, baita distantziaren isla gisa ere. Hilabete asko daramatzagu hirian zehar dabiltzan aurpegi gehienak ikusi gabe. Eta, tarteka, begiak ere mozorrotuta agertzen dira, distantzia soziala fisikoa baino handiagoa balitz bezala.
Nekagarria da hilabete hauek gogoratzea. Hari narratibo bat topatzeak, zentzu normatibo bat aurkitzen saiatzeak, zer gertatzen den ulertzen saiatzeak nekatu egiten du. Geroan pentsatzen saiatzeko, horretarako ez ia da indarrik geratzen.
Jendeak ahal duen moduan eusten dio. Kalean zehar galdetzen duzu “nola zoaz?”, maskara higieniko edo telazko baten atzean, erabileraren poderioz nekatutako maskara baten atzean. “Hemen gaude” erantzuten dizute. Badirudi gure gorputzak “egote hutesera” baino ez direla iristen. Egon eta ziurgabetasunaren linboaren eta denbora azeleratuaren urakanaren artean abaildu gabe.
Hau nahi ez dugula esateko ere nekatuta, hor jarraitzen dutenak txalotzeko ere nekatuta, arpilatze lotsagabean jarraitzen dutenei aurre egiteko nekatuta, parte hartzeko nekatuta, Ayusoren meme gehiago ikusteko nekatuta. Aldarrikapenak entzun, diskurtsoak egin eta onartezeina dena seinalatzeko nekatuta.
YouTube mindfullness inguruko bideoz beteta dago. Berreskuratu zure indarra bost minutuan, saltzen zaigu. Eguna kementsu hasteko, meditazio espresa. Arnasa hartzea zer den gogorarazten digute emakume iradokitzaileek beren azentu desberdinekin. Badirudi pandemiaren aurretik ere ez genuela hain argi, arnastea zertan zetzan. Agian maskarekin are gehiago korapilatu da kontua.
Arnasa hartzea ere kostatzen ari zaigun honetan, zer esan gure proiektuak, prozesuak eta bideak mantentzeari buruz. Neke kolektibo hau pandemia bat da, guztiok zaurgarriago egiten gaituena. Denbora dutenak ere, noiz bukatuko den ez dakiten Erte baten babesean daudenak, orduak telesail eta sare sozialen artean banatzen dituzten haiek ere nekatuta daude. Izan ere, nekea ez da jada gaitz indibidual bat, ez da norberak egindako zuloa, ezta gure sorbalda indibidualen gaineko gehiegizko karga baten emaitza ere. Taupada eta atmosfera komun bihurtu da, maskaren atzean ezkutatzen diren begirada horien atzean.
Nekatuta kanpoko zarata eta barruko aginduetatik. Neurri zoroekin gainezka gauzkate, bizitzan lurreratzen ez duten eztabaidekin gainezka. Erantzukizunari buruzko erretolika hutsalak. Egoera honi aurre egiteko baliabideak ebasten dizkiguten bitartean, politikari sutsuen adierazpen burugabeak. Akituta gauzkate lan prekarioekin, zainketa jasanezinekin, nekatuta txiroenek apurrak eskuratu ahal izateko egin beharreko karrera burokratikoekin. Gu menderatuta izateko modu bat da guzti hori, erantzunak artikulatzeko astirik gabe, gure errutinen babesean, gure mundutxoetan murgilduta gauden bitartean, mundu handiak gure kontrolpetik ihes egiten duen bitartean.
Emakumea parkeko bankutik altxatzen da, denok altxatzen gara harekin batera, txikiak etxera etor daitezen konbentzitzen saiatuz. Etxean zeregin gehiago zain ditugu. Denborak ihes egiten digu eta nekea besterik ez digu uzten. Agian planto egitea pentsatu beharko genuke, gelditzea. Gelditzea, ez patroiaren aurrean pultsu bezala, edo kapitalari oxigeno gehiago eskatzeko klase-estrategia bezala. Baizik eta gelditu eta atseden hartu, gehiegizko erregimen honen aurrean greba gisa.Telebista egun batzuetarako isildu, errutinekiko intsumisioaren aldeko apustua egin, lasterketa inozo hau geldiarazi. Gelditu. Planto egin. Inurritegia iraultzea moteltze militantearekin. Gure mundutxo txikietan uzkurtzen gaituen nekearen nagusitasunari aurre egitea.