Antonio Cuesta: "Esango nuke ekimen arrakastatsuenak ekonomia sozialarekin zerikusia dutenak izan direla"

2014/11/17
SolidaridadAutogestionenGrecia.JPG
Uda baino lehen Antonio Cuestaren liburu interesgarria argitaratzeko ohorea izan genuen: "Elkartasuna eta autogestioa Grezian". Jarraian datorren elkarrizketan, liburua idaztera zerk eraman zuen azaltzen digu Antoniok eta beronen puntu aipagarrienak nabarmentzen ditu. Liburua gure webean eskuragarri duzu. Oraindik ez duzu irakurri?

Anna Giralt Grisek egindako elkarrizketa, Xpressed.

Liburu osoa hemen: Elkartasuna eta autogestioa Grezian.

antonio cuesta1. Zerk bultzatu zintuen Greziari buruzko liburu hau idaztera?

2011ko udan Greziara heldu nintzenean, herrialdea bere historia garaikideko boladarik latzena bizitzen ari zen. Langile mugimendua eta eragile sozialak pil-pilean ziren une berean. Era batera edo bestera, borroka politiko eta sindikalen berri eman zuten komunikabide handienek. Ez zen horrela izan baina, auzo mailan sortu ziren hainbat eta hainbat ekimenen kasuan. Kronika soila baino azterketa zabal eta sakonagoa idazteko bizpahiru saiakera egin nuen, eta azkenik, joan den urtearen amaieran Manu Robles-Arangiz Institutuak liburua argitaratzeko aukera eman zidan.

2. Grezian bizi izan zaren urte hauetan zer aldatu da gizarte egitura eta auto-antolakuntza molde berriak jorratzen dituzten ekimenei dagokienez?

Harremana izan dut ekimen askorekin eta orokorrean, gehienak, hazi eta indartzen ikusi ditut. Kasu batzuetan, haien heldutasun maila harrigarria izan da, berauen ibilbide laburra eta muga ekonomiko nabarmenak kontuan hartzen baditugu. Hala ere, tokian tokiko biztanleriaren zati handi batek antolatzeko eta konpromisorako gaitasuna erakutsi du eta elkartasun ekimenek egundoko dimentsioa hartu dute. Besteak beste; klinika sozialak, kooperazio klinikak, edota ekoizle eta kontsumitzaileen arteak elkartruke sareak. Ideia bat egin dezazuen, nahikoa da guzti honek greziar familiei zer ekarri dien ikustea; iaz familien %22ak “bitartekorik gabeko” sareetan eskuratu zituen oinarrizko elikagaiak eta %6ak denda sozialetan.

3. Zure ikuspegitik, zein ekimenek funtzionatu du ondoen?

Esango nuke ekonomia sozialarekin zerikusia duten ekimenak izan direla. Kooperatiba batzarkidearen eredua kideen auto-enplegura bideratuta dago baina, era berean, sistema kapitalistak inposatzen dituen muga eta mehatxuak aintzat hartuz, goranzko ibilbidea izan du lege berria aldarrikatu zenetik. Krisia gora-behera, bere horretan irauten eta emaitzak hobetzen asmatu du. Gisa honetako erakundeekin batera, denda eta ekimen sare zabala aipatuko nuke; orokorrean izaera ekologikoa duten ekoizle txikiak eta kontsumitzaileak jartzen dituzte harremanetan herrialde osoan zehar sakabanatuta dauden hainbat puntutan.

4. Zein punturaino dira jasangarriak ekimen hauek? Batez ere elkartasunean oinarritzen diren farmazia, klinika...

Ekimen ekonomikoei dagokienez esango nuke beren kide direnen trebetasun eta lanerako gaitasunaren arabera izango dela, printzipio etikoek tokian tokiko biztanleekin sortzen duten hurbiltasunarekin batera. Elkartasun proiektuek bi baldintza dauzkate: jende askoren elkarlan eta parte-hartzean oinarritzen da arazo larriei aurreko egitera bideratuta dauden esku-hartzeak. Nik dakidala, ekimen batzuk egoerara moldatzeko egokitu egin dira, baina desagertu, ez dira desagertu. Parte-hartzaile anonimoen inplikazio maila eta proiektuak finantzatzeko proposatzen diren ideia originalak ikustea besterik ez dago, ekimenok aurrera egiten dutela konturatzeko.

5. Orokorrean ezagutzen al dira gizartean? Elkartasunean oinarrituta, oinarrizko beharrizanak asetzera bideratuta dauden forma berri hauen inguruan, nolabaiteko eztabaida publikorik piztu al da?

Nire ulertzeko moduaren arabera elkarren alboan, era paraleloan doazen bi errealitate existitzen dira; batetik politika instituzionalaren mundua, komunikabide handienek jasotzen dutena eta bestetik, herritarrek bizi duten errealitatea, edozein ekimen edo talde sozialetan suma daitekeena. Komunikabide korporatiboek ez dute behintzat benetako eztabaida irekirik planteatu alternatiba egingarrien inguruan edota, herri mugimenduen eskarien gainean. Tarteka proiekturen baten berri eman duten arren, aldarrikapen ikusmira batetik baino, ikuspuntu humanitario batetik egin dute.  Normala da, “iritzi sortzaile” hauen logika, bete- betean txertatzen da sistema neoliberalean eta ez dute haien interesekiko kontrajarria den diskurtsorik. Dena den, herri mailan komunikazio bide berri propioak ireki dira eta informazio eta deialdiak zabaltzeko balio izan dute. Era nahiko eraginkorrean funtzionatu dute.

6. Zer iritzi duzu emakumeen parte-hartzeaz? Krisia behar al izan dute feminismoa gogoan izateko eta beren bizitzan birkokatzeko?

Grezia oso herrialde matxista da eta beste esparru askotan gertatu den bezala, bizi garen ereduaren porrota ikusirik, krisiak eredu alternatiboak planteatzeko balio izan du. Zentzu horretan elkartasun proiektu asko martxan jarri eta mantentzerako orduan, emakumeen papera funtsezkoa izan da, eta baita ere, pairatzen dute esplotazio bikoitza salatzerako orduan. Alde batetik, langile diren heinean, gizonek baino soldata-maila baxuagoa dute eta langabezia tasa handiagoa. Baina gainera, familia barruan, emakumeak dira haurren, gaixoen, pertsona nagusien, ezgaitasunak dituzten, edota enplegurik ez duten gazteen ardura hartzen dutenak. Zerbitzu sozialen murrizteak, zaintza karga horren handitzea ekarri du, eta horrek erantzun kolektiboak emateko mugitzera eraman ditu emakumeak.

7. Zure ustez, kaltetuenengana zuzenduta dauden ekimen hauek (lehen mailako arreta eskaintzen duten klinikak, farmaziak, jangela sozialak, haurtzaindegiak) gai dira Egunsenti Urrekararen aldetik sortu diren ekimen arrazista eta xenofoboei aurre egiteko? Nork irabaziko du, “kaltetuenen-bataila”?

Ekimen sozialek, zalantzarik gabe, pedagogia politikoaren esparruan lan handia egin dute.  Asmatu dutela uste dut, eta honek auzo mailan fruitua emango du. Era berean, esango nuke, Egunsenti Urrekara ez dela arazoa, erortzen ari den -eta oraindik ere sufriaraziko digun- eredu sozioekonomikoak eragindako minbiziaren sintoma dela baizik. Baina ultraeskuinaren ekintza bortitzak baino kaltegarriagoak dira gizarteko sektore ahulenekin grinatzen diren austeritate politika krudelak -immigratuak zein bertokoak-.

8. Grezia eta Espainiar estatuko kasuak, konparagarriak al dira? Zer dute amankomunean eta zertan dira ezberdin?

Alderatu baino, kasu bietan errepikatzen diren gertaerak badaudela esango nuke, eta bi herrialdeen arteko ezberdintasun sozial eta ekonomikoak alde batera utzita, gehiengoaren erantzun soziala piztu da, gaitzespen-erantzuna alegia. Bai Espainia eta baita Grezia ere, Kapitalismo alemaniarrak gidatu duen Europaren eraikuntza ren proiektuaren menpekoak izan dira. Biek pairatu dute ekonomiaren finatzarizazio prozesu sakona, etxebizitza-burbuila (Espainia) eta neurrigabeko barne kontsumoaren (Grezia) bidetik. Krisiak maila handiagoan eragin du greziar ekonomia, Espainia baino egitura produktibo ahulagoa zuelako, baina emaitza oso antzerakoa izan da: pareko langabezia-tasak, gizarte-koberturen desagertzea, zerbitzu publikoen pribatizazioa, lan esparruko araudiaren desartikulatzea ... Guzti horren aurrean sortu den gizarte erantzunak ere antzekotasunak izan ditu, baina kasu honetan ere, Espainiar estatuan garatu diren gizarte mugimenduen atzetik joan da Grezia. Edozelan ere, ezarritako oinarri eta helburuak bat datoz. Esango nuke injustizia eta ezberdintasuna dakarren eredu ekonomikoa gainditzera datozela eta sistema politiko ustela eta antidemokratikoari aurre egitera zuzenduta daudela. Espero dut, hiritarren nahiak amesgaizto honekin amaituko duten gobernu popularretan islatuko direla.

9. Zein mezu nahiko zenieke bidali antzerako egoerak bizi dituzte herrialdeei? Espainiari adibidez? Zer dauka ikasteko Espainiak?

Lehenik eta behin nabarmendu nahiko nuke zeinen garrantzitsua den aliantza eta elkargune zabalak bilatzea austeritateari aurre egin ahal izateko; herrialde bakoitzaren barruan eta baita eurogunean edota Europako Batasunaren esparruan ere. Europako herrialde periferikoek elkartasuna indartu behar dute eta elkarri laguntza eman, bestela, edozein “estatu-errebelderen” aurkako presioa, jasanezina izango litzateke. Zentzu horretan uste dut Greziako herritarrek erresistentzia-gaitasun itzela erakutsi dutela, beren desioei uko egin gabe, eta orain antolatzeko eta alternatibak proposatzeko gaitasuna demostratzen ari dira. Argi gelditu da ezin dela amore eman, galtzen den bataila bakarra abandonatzen den hori dela.