Berriro ere ikusezinek kaleak hartu dituzte

2018/10/24
ErresidentziakTxaran.jpg
Gipuzkoako erresidentzietako langileek grebak eta mobilizazioak hasi zituzten joan den irailaren bukaeran eta abendura arte jarraituko dute beraien sektorea duintzen lagunduko duen hitzarmen baten alde. Horren harira, eta aurretik beste batzuen artean Bizkaiko erresidentzietako emakumeek egin bezala, langile hauek kaleak hartu izana ez da protesta soila, baizik eta ekintza politiko bat da bere horretan eta, are gehiago, demokraziarentzat beharrezkoa den ekintza bat da.

Maia BeitiaMaia Beitia, ELA eskuhartze soziala Donostia

Emakume hauek beraien lan baldintzak defendatzeko kalera ateratzen direnean identitate berri baten sorreraren lekukoak gara, baina identitate hau ez da soilik pertenentziazkoa (futbol talde jakin bateko jarraitzaileak izatea bezala), baizik eta identitate hori politikoa da. Kasu honetan “politiko” hitzaren esanahia ez da bakarrik modu arruntean ulertzen, baizik eta Ranciére pentsalari frantsesak ulertu eta erabiltzen duen modura da Politikoa.

Nola da posible, esaterako, erregeak jainkozko zilegitasuna daukala pentsatzetik, burua moztearen pentsaerara (eta ekintzara) pasatzea?

Ranciére-n arabera badago gizartean ordena bat edo sailkapen bat eta, aldi berean, sailkapen horren pertzeptzioa. Alegia, komunitatea parte desberdinetan sailkatuta dago eta guk parte horiek subjektu guztiak barne-hartzen dituztela uste dugu. Ordena edo sailkapen hau le partage du sensible da (hautemangarriaren (elkar)banaketa: hautemangarria dena banatu (partir) egiten dugu eta aldi berean elkarrekin elkarbanatu (compartir)).

Le partage du sensible kontzeptua Foucaulten aurki daitekeen arren, Ranciére-k beste esanahi bat ematen dio, gauza hori pentsagarri nola izan daitekeen eta nork pentsa dezakeen azpimarratuz. Mundua hauteman eta gure zentzumenetara datozen datuak sailkatzeko sistemarik oinarrizkoenari buruz ari da. Beste hitz batzutan, le partage du sensible jasotzen dugun pertzeptzioaren araberako ordena da; zertaz ohartzen garen eta zer alde batera utzi, zer entzuten dugun zarata bezala edo diskurtso bezala edo zerk egiten duen zerbait pentsagarri. Nola da posible, esaterako, erregeak jainkozko zilegitasuna daukala pentsatzetik, burua moztearen pentsaerara (eta ekintzara) pasatzea? Le parte du sensible ez da zerbait finkoa, aldagarria da eta identitate kolektibo berri baten sorrera da, hain zuzen ere, aldarazten duena.

Demokraziak desadostasuna esan nahi du; ez dago demokraziarik desakordiorik gabe. Ekintza demokratikoa kontatzen ez ditugun horiek egiten dute, hain zuzen ere komunitateak ikusten ez dituen horiek

Izan ere, komunitatearen kategorizazio horretan beti daude kontatzen ez dutenak, ikusezinak direnak, sailkapen horretatik at egonik, gure pertzeptzioetan ere lekurik ez dutenak. Horregatik, erresidentzietako emakumeen kasuan bezala, “gu” berri horren sorrerak orain arteko gizarte eskemak aldatzen ditu eta ikusezinak zirenek kaleak hartzen dituzte beraien aldarrikapenak ozen zabaltzeko. Erresidentzietako emakumeek “gu” esaten dutenean, gu horrek esan nahi du orain arte eman zaien lekuario uko egiten diotela, bai emakume bezala eta baita langile bezala eman zaien rolari. “Gu” berri horrekin, beraien lan-baldintzak erabakitzerakoan zeresana duen taldea direla aldarrikatzen dute. Ekintza horrekin, le partage du sensible itxuraldatzen duen subjektu kolektiboa dela erakusten dute.

Eta horrela, Ranciére-n Politikara helduz, autore honen ustez Politika komunitateari emandako ordena hausten duena da, bertako muga eta identitate definituak lausotuz. Politika da le partage du sensible itxuraldatzen duena. Komunitate neurgarria neurgabe bilakatzen duena eta ikusezina ikusgarritasunaren eremura ekartzen duena; isiltasuna ozen egiten duena eta zarata ulergarri; pentsaezina zena txalogarri bihurtzen duena. Politika baztertuek beraien berdintasuna hizketan erakusten dutenean hasten den prozesu bat da.

Erresidentzietako langileak bezala, gizartean ikusezinak diren talde asko daude modu prekarioan lanean. Eta erresidentzietako langileekin bezala, ELA horiekin guztekin egongo da subjektu politiko bihur daitezen

Ekintza Politiko hauek Ranciére-n demokraziarekin lotura estua dute, pentsalari honentzat demokrazia ez baita ez gobernu mota bat, ezta erakunde bat ere: demokrazia subjektu politikoek gauzen ordena “normala” eteten duten espazioa da. Demokraziak desadostasuna esan nahi du; ez dago demokraziarik desakordiorik gabe. Ekintza demokratikoa kontatzen ez ditugun horiek egiten dute, hain zuzen ere komunitateak ikusten ez dituen horiek. Izan ere, dena adostasuna eta akordioa bada eta le partage du sensible eraldatzen ez bada, ordenak bere horretan dirau, bakoitzaren rolak eta lekuak ondo definituta daude eta zapalduek, baztertuek, ikusezinek ez dute beraien bizitzak duintzeko aldarrikapenerako lekurik.

Erresidentzietako langileak bezala, gizartean ikusezinak diren talde asko daude modu prekarioan lanean. Eta erresidentzietako langileekin bezala, ELA horiekin guztekin egongo da subjektu politiko bihur daitezen, beraien lan-baldintzak aldarrikatzeko ikusgarri egiten dituen “gu” bat sortzen lagunduz. Bizkaiko eta Gipuzkoako erresidentzietako langileekin bezala eta beste hainbat kolektiborekin egon den bezala, ELAk ikusezinekin lanean jarraituko du mundua eta baita beronen pertzeptzioa aldatzen laguntzen, bai le partage du sensible eraldatuz baina baita pentsaezinak ziren garaipenak lor daitezkeela erakutsiz.