Norabide egokian begiratu: Baiona

2013/10/03
azkarraga2.jpg
Joseba Azkarraga Etxagibel.- Zein garrantzitsua den norabide egokian begiratzea. Are gehiago, estimulu eta zarata gehiegiko aroan. Hainbatek aurreikusi zuen kolapso finantzarioa, ez da egia inork ikusi ez zuenik. Gehienek, ordea, ez zuten norabide egokian begiratu. Jar gaitezen eraikitzaile: zer da uneotan “norabide egokian begiratzea”? Zeintzuk dira gaur bistatik galdu behar ez diren joerak, goitik behera baldintzatuko dituztelako gure mundua, ekonomia eta gizartea?

Joseba Azkarraga EtxagibelJoseba Azkarraga Etxagibel

Euskal harriak. Trantsizio sozioekologikorako gogoetak saiakeraren egilea

Zein garrantzitsua den norabide egokian begiratzea. Are gehiago, estimulu eta zarata gehiegiko aroan. Hainbatek aurreikusi zuen kolapso finantzarioa, ez da egia inork ikusi ez zuenik. Gehienek, ordea, ez zuten norabide egokian begiratu. Jar gaitezen eraikitzaile: zer da uneotan “norabide egokian begiratzea”? Zeintzuk dira gaur bistatik galdu behar ez diren joerak, goitik behera baldintzatuko dituztelako gure mundua, ekonomia eta gizartea?

Lehendakariaren ahotik entzun dugu Espainian energiaren faktura igotzeak euskal enpresak utziko dituela ondo izorratuta, galduko baitute lehiakortasuna. Notiziak salto egin eta egun batzuk daramatzagu belaunetako dardarizoa konbinatuz izerdi hotzarekin. Arazo espainiarra da inor gutxik ulertzen duen faktura energetikoarena, ondorioz gure herriaren gehiengoarena, baina tamaina ezin globalagoa du energiaren auziak.

Ez, ez da batere estetikoa solemne jarri eta begi barkaberekin “guk abisatu genuen” diotenen posea, zigarroari zupadatxoa eman eta ke-bafada aurpegira jaurti bitartean sistemaren kudeatzaileari. Baina, kasu honetan ere, hainbatek aspaldi jaurti zuen abisua, hitzok erori baziren ere sistemaren kudeatzaileen hanketara, batere indarrik gabe. Hainbatek. Aspaldi.

Beste behin ere: krisia ez zen hasi burbuilak eztanda egin zuenean, ezpada petrolio upelak hartu zuenean 150 dolarreko balioa, garbi utziz hazkundea ezinezkoa zela lehengai ezinbestekoa hain garesti egonik, nabarmenaraziz ilusio optikoa zela gain-zorpetutakoek zorrak eta horien interesak ordain zitzaketela pentsatzea. Kapitalismo finantzarioa nola ekonomia erreala, biak daude loturik ekonomia erreal-errealarekin, material eta energia fluxuekin, alegia. Ekonomia erreal-errealak ez beste inork kendu digu irribarrea aurpegitik, berorrek utzi baititu agerian erraldoiaren buztinezko oinak. Berorrek erakutsi dizkigu ilehori natural gisa aurkeztu zitzaigun panpoxak sustrai ilunak dituela bekokiaren goialdean.

Krisi energetiko globalaren gauzatze historikoak txiki utz lezake krisi finantzarioaren zartakoa

Beste behin: itxarotekoa da datozen urte eta hamarkadatan energiaren kostuek nabarmen egitea gora, bestelako lehengai eta material askoren kostuarekin batera. Laino trinkoei euriak jarraitzen baitie. Dagoeneko ezin baita handitu denbora unitate batean erauzten den petrolio kopurua, gora eta gora doan bitartean eskaera (gorabidean diren herrialdeak ere inoizko egarrien egonik). Dagoeneko atera dugu ateratzen errazena, onena eta merkeena den petrolioa. Sartu gara petrolio garesti, urri eta kalitate txarreko aroan. Gauza bitxi hori gertatzen baita finituak diren baliabideekin: agortuz doaz, aizu.

Beste behin: mundu moderno-urbano-industrial globalizatua eraiki da energia iturri fosilen esku-hartze masibo eta merkeari esker (ikatza, petrolioa eta gas naturala), horixe du beharbada ezaugarririk berezkoena. Bada, petrolio konbentzionalaren mundu mailako ekoizpenak dagoeneko sabaia jo izanak (gas naturalaren sabaia pixka bat geroago etorriko da) kondena gaitzake orain arte ikusi gabeko beheraldira. Ez baitago gaur gaurkoz pareko alternatiba energetikorik. Izatekotan, izan dadila beheraldi ordenatua, antolatua, ongi planifikatua, justiziaz egina, lankidetzan oinarritua.

Beste behin: krisi energetiko globalaren gauzatze historikoak txiki utz lezake krisi finantzarioaren zartakoa, baina ez lituzke berdin kolpatuko lurralde guztiak. Euskal lurraldeari, hain izanik itzela bere dependentzia energetikoa, irudi dakioke txikikeria gaurko belaunen dardarizoa izerdi hotzarekin konbinatua.

Gurean despistea ez da makala izan garapen ereduari dagokionez. Euskal etxeko bizilagunok sarri elkarri begiratu diogu igogailuan lehenengoz topo egin duten ezezagunen antzera, begi bazterrarekin, haserre antzean, arrasto barik nondik datorren denon igogailua mugitu eta etxea sostengatzeko indarra. Falta izan zaigu norabide egokian begiratzea eta, horrenbestez, minbizia artatu beharko ote dugun tiritekin.

Faktura energetikoaren igoeragatik entzun ditugun aieneek balio dezatela, gutxienez, iraultzailea bezain azkarra izan beharko litzatekeen trantsizio energetikoari heltzeko. Barneratuz akats larria litzatekeela matrize fosilistan tematzea, demagun fracking-aren norabidean begiratuz. Haustura hidraulikoak eragingo lukeen hondatze ekologikoa baztertuta, oso zalantzazkoa da bere eraginkortasuna, bere Itzulkin Energetiko Tasa, alegia (zenbat energia erabili beharko den zenbat lortzeko).

Enpresak ez, ikusten ari gara poligono osoak ixten, argaltzen administrazioa, jausten ongizatearen pieza oinarrizkoak. Beherako bidean gara. Gure gizarteak konplexutasuna galtzen ari dira, Tainter-ek kolapso hitzari eman zion definizioa erabiltzearren (The Collapse of Complex Societies). Burbuila finantzarioaren eztandak galtze horren zati bat azaltzen du, baina, begiak norabide ekosozialari atxikiz gero, galtze hori azkar liteke etorkizunean. Planeta finituan ezintasun fisikoa baita hazkunde etengabea, aizu.

Barneratu dugu itzulezinak direla urte loriatsuak, baina jarraitzen dugu pentsatzen helduko diogula gorako bideari, berau malkartsuagoa izango bada ere, beheralditxoren batek tarteka bortxa badezake ere grafikoko geziaren gorako joera, apala baina gorakoa. Eta kontrakoa balitz? Beharbada jaitsiera graduala dugu destino, igual eztialdi txikiz zipriztindutako beheraldi jarraitua. Beharbada uste baino indartsuagoa da sistemari darion galtzetin zikinen usaia.

Galderetako bat da: zer egin herritarrok? Euskal erakundeek hartu beharreko erabakiez gain, Europa mailako jardun-ildoez aparte, herritarroi badagokigu tenkatzea giharrok. Bost urte pasa dira festa aretoko argiak itzali eta kolpean utzi genionetik edateari. Eta dagoeneko pasa zaigu azken alkohol tanta edan osteko mozkorraldiaren fase nahasi hori, non jakitun garen ezin dugula ezer egin alkoholaren efektuak leuntzen hasi arte.

Horixe izango da Baiona igandean, mozkorraldiaren osteko gogoeta zentzuduna. Energiaren eta klima aldaketaren norabidean alternatiba errealei begiratzeko unea. Baiona norabidea, norabide bai ona.