110 urte etengabeko eraldaketan
Mitxel Lakuntza, ELAko idazkari nagusia
ELAk 110 urte betetzen ditu gaur, uztailaren 23an. "Langile batasuna eta euskaldunen elkartasuna", hori izan zen 1911n sortze-leloa. Mende bat baino gehiagoren ostean, Euskal Herriko langileria antolatzen jarraitzen dugu, gizarte justuagoa eta nazio burujabea defendatzeko, gero eta prekarioagoa eta desberdinagoa den mundu honetan.
Sindikatuak funtsezko tresna izaten jarraitzen du errealitate horri aurre egiteko, eta egokitzeko eta eraldatzeko izan duen gaitasuna oinarrizkoa izan da indar kolektiboa batu eta Euskal Herriko sindikatu nagusia izateko. Horregatik, 110. urteurrena aukera paregabea da gure erabaki historikoen egokitasuna eta gaurkotasuna aldarrikatzeko.
1936ko kolpe militarraren ondoren ELAk, beste hainbatek bezala, errepresioa (indarkeria, fusilamenduak, kartzela...) eta desjabetzea jasan zituen. Erbestera eta klandestinitatera kondenatu gintuen 40 urtez.
Urte gogor horien ondoren, III. Kongresuak (Euba-Eibar 1976) ezarri zituen ELAren proiektuaren oinarriak. Honako hauek: politikoki sindikatu autonomoa izatea, afiliazioaren kuotekin finantzatuko zena, eta abian jartzea erresistentzia kutxa, elkartasunerako ezinbesteko tresna. Erabaki horiek dira ELAren bizkarrezurra. Horregatik, sindikatuaren autonomia eta kanpoko esku-hartzerik gabe eta askatasunez pentsatzeko eta jarduteko gaitasuna gakoa dira ulertzeko 101.000 afiliatuz osatutako egungo erakundearen bilakaera.
ELAk beti elkarlotu ditu langileen interesak eta balio demokratikoen defentsa, gatazka politikoak konpontzeko bide bakar gisa. Hala, Nafarroan eta EAEn autogobernuaren inboluzioa salatu du ELAk. 1979an Gernikako Estatutua babestearen aldeko apustua egin zuen, gizarte eta lan arloan muga larriak zein Hego Euskal Herriaren lurralde zatiketa suposatu arren. Handik gutxira, Nafarroako Foruaren Hobekuntzaren aurka egin zuek ELAk, zatiketa hori betikotzen zuelako, eta, gainera, inolako berrespen demokratikorik gabe.
Estatuko Gobernuak ez zuenez Estatutua betetzen, 1997an ELAk adierazi zuen Estatutua hilda zegoela, Gernikan. 24 urteren ondoren, salaketa hori are nabarmenagoa da, eta agerian uzten du ELAk subiranotasunaren alde egindako apustu irmoa.
Kontraboterearen sindikalismoa
Azken urteotan, kontrabotererako bokazio argia duen sindikatua eraiki du ELAk: autonomismoa eta neoliberalismoa txanpon beraren bi alde bihurtu dira, gero eta nabarmenago.
ELAk 80ko hamarkadaz geroztik garbi ikusi zuen politika neoliberalek ondorio kaltegarriak zituela langileengan. Aberastasunaren banaketaren desorekak, zerbitzu publikoen pribatizazio mailakatuak eta murrizketek gero eta ageriago uzten dute hori. Horregatik, prekaritatea da sindikatuaren egungo lehentasuna.
ELA konfrontazioko sindikalismo baterako prestatzen joan da, alternatiba bakar gisa. Antolaketa, mobilizazioa eta greba ezinbestekoak dira langile klasearen baldintzak hobetzeko, eta erresistentzia kutxa funtsezko elkartasun tresna da hitzarmenak hobetzeko, enplegua defendatzeko eta prekarietatearen aurka borrokatzeko.
Era berean, kontraboterearen eredua bateraezina da elkarrizketa sozialerako mahaiak deitutakoak legitimatzearekin; bertan patronalak erabakitzen du zer negoziatzen den eta zer ez, txandakako gobernua zuritzen da, eta parte hartzen duten sindikatuek eragiteko gaitasun itxurak egiten dituzte (finantzaketa publikoa jasotzearen truke, Nafarroako Enplegu Planean banatuko diren 700 milioiak bezala). Euskal gehiengo sindikalak ez du mahai horietan parte hartzen, eta hortik kanpo eta ekintza bateratuekin bultzatu ditu ekimen eta mobilizazio garrantzitsuak. ELAk, abagune desberdinen gainetik, aliantza bakar gisa ikusten jarraitzen du bide hori.
Lantokietara mugatzen ez den sindikatua
Etxebizitza, osasun, hezkuntza, enplegu eta ingurumen politikek langilerian duten eraginaren ondorioz, sindikatuak bere egin ditu beste gizarte eredu baten aldeko aldarrikapenak. ELAk gai sozialen aldeko apustua egin du, gizarte-mugimendu anitzekin elkarlanean. Gaur egun, ezin da ELA ulertu eraldaketa sozial, demokratiko, ekologiko eta feministaren aldeko konpromisorik gabe.
Horregatik, etengabeko eraldatze horretan, ELA sindikatu feminista bilatzeko bide betean da. Ezinbesteko apustu estrategiko horrek erakunde osoaren egokitzapen irmoa eskatzen du, sindikatuak hain berezkoa duen berdintasuna praktikan errealitate bihur dadin. Borroka sindikala, egoitzetako grebak, garbiketak eta merkataritza, gero eta gehiago, emakumeek zuzentzen dituzte. Emakumeen afiliazioaren hazkundeak (guztizkoaren % 46) bide horri jarraitzera garamatza.
Urteurrena, gainera, 15. kongresuaren prestaketa betean dator. ELAk gure belaunaldiari dagozkion erronkei buruz eztabaidatuko du, indibidualismoaren, diskriminazioaren, desinformazioaren, desberdintasunen eta abarren aurrean proiektu baliotsua duela jakitun.
Beraz, 110 urteko eraldaketa soilik ulertu daiteke ELAren proiektuaren indar kolektiboan sinetsi zuten eta duten militanteen konpromisoari esker.