Botere elitea, elite estraktiboa Nafarroan

2013/11/07
La Navarra Eterna.JPG
Fernando Mikelarenak bere blogean 2012ko irailaren 16an idatzi zuen posta dakarkigu hona, datorren asterako Iruñan antolatu dugun mahai ingurua berotzeko. "La Navarra eterna ¿Quién manda aquí? Betiko eliteak erregimenaren ardatz" mahai inguruan hitz egingo direnak aipatzen ditu Mikelarenak artikulu honetan. Gogoan izan mahai inguruan Ignazio Aiestaranek, Ricardo Feliuk eta Patxi Zamorak hartuko dutela parte Iván Giménezen gidaritzapean.

Fernando Mikelarena, (elblogdefernandomikelarena.blogspot.com.es) 2012/09/16

Egungo gizarte nafarrean izatezko boterea duen talde sozialaren ezaugarriak bildu ditu Ricardo Feliuk 2009an defenditu zuen doktore-tesian: “La distribución social del poder: la élite navarra en el cambio de siglo (1999 – 2004)”. Tesia sarean dago eskuragarri, oso-osorik zein Hermes aldizkarian argitaratu zen laburpen gisa.

Talde hau botere-sare nagusi batzuk egituratzen dute, zeinak elkar-elikatuz hainbat esparrutan hedatzen diren (politikoa, administratiboa, ekonomikoa, intelektuala eta mediatikoa); funtsezko nodoak, berriz, hauek dira: UPN, Nafarroako Gobernua, Diario de Navarra, bi unibertsitateak (Opusekoak NUPek baino pisu askoz handiagoa duelarik), Nafarroako Kontseilua, Kontseilu Ekonomiko eta Soziala, fundazio eta sozietate publikoak, CAN zena, Nafarroako Enpresarioen Konfederazioa, Merkataritza eta Industria Ganbera eta Empresa-Universidad fundazioa. Bigarren mailan daude, ostera, beste nodo batzuk, esaterako UGT eta Comisiones Obreras sindikatuak, zeinen eginkizuna talde nagusi haien esana esparru sindikalean legitimatzea baita.

Kopurutan, nafar elitea 114 bat pertsonak osatua omen da; erdia arlo ekonomikoan dago kokatuta (%55 goi arduradunak, %22 enpresarioak, %16 sindikatu eta patronalaren moduko eragile eta interes-taldeak, eta %7 besterik ez kapitalista finantzieroak), herena, elite burokratikoan, eta gainerako bostena, berriz, klase politikoan: Nafar gobernuko goi karguak eta UPN zein PSNko kide nabarmenak.

114 pertsona horien artean 90ek osatzen dute benetako aginte-elitea; oso multzo homogeneoa da jatorri sozialari eta balio normatibo eta ideologikoei dagokienez. Gehienak klase ertain-altu zahar bateko kideak dira, zeina baliatu egin baitzen desarrollismo frankistan izan zen goranzko mobilitateaz, eta ez da %20ra iristen aitzinagoko oligarkia tradizionaletik datorren sektorea. Gehienak bat omen datoz politika-ekonomiaren, erlijio-moralaren eta identitatearen esparruetako sistema normatiboan, hain zuzen nortasun kolektiboaren inguruan dutelarik adostasun handiena, eta bera delarik pisu handien duen ardatza. Guztiek beren burua nafar-espainiartzat hartzen dute, ia ez dago sentipen euskaltzale baten inongo aipamenik, eta euskal nazionalismoaren aurkako joera nabarmena antzematen zaie. Hogei lagunek sentipen navarrista badute, euskal osagai kulturalekiko nolabait matizatuagoa, baina aurrekoen menpekoak dira eta UGT eta CCOO sindikatuetako zuzendaritzan daude; izatez langileak eta ezkerreko pentsamoldekoak badira ere, beren praxia medio gure erkidegoan boterea benetan kudeatzen dutenen interesak iraunarazten dituzte, eurentzako eta afiliatuentzako lorpen batzuren truke.

Beraz, plano guztietan diharduen zinezko elite horrek eta bere menpeko azpieliteak -arlo sindikalera mugatua, baina beste esparru batzutan adarrak dituena- daramaten jokabide estrategikoaren ardatz nagusia da ustez euskal nazionalismoaren tesien aldeko diren, edo izan daitezkeen, eragile guztiak baztertzea, kordoi sanitarioaren teoria zorrotz eta modu erradikalean aplikatuz. Masa baztertzaile honek alde inplikatuen loturak indartzen omen ditu, izan ere, jokabide diskrezional eta oskurantistak interes material hutsak elikatzen baititu, bukle-harremanen bidez.

Horrenbestez, jakingarria da Cesar Molinasek El País egunkarian duela gutxi argitaratu duen artikulua, “Teoría de la clase política española”. Eragile nagusiak krisiari erantzunak emateko ezgauza zergatik izan ote diren galdetu ostean, nabarmentzen du espainiar eliteak, oro har, elite estraktibo gisa jokatu duela, Acemogluk eta Robinsonek landu duten kontzeptuaren arabera, hots, sistema bat eraiki dutela euren eta beren alde egiten duten taldeen mesedetan errentak metatzeko, eta bigarren mailan utzi dutela nazioaren interes orokorra. Molinasek dio batik bat elite horrek eragin dituela hiru burbuila (higiezinena, energia berriztagarriena eta behar ez diren azpiegiturena), baita aurrezki-kutxen kolapsoa ere. Nabarmendu egiten du zenbateko kaltea eragiten duen hainbat errealitatek: hauteskunde-zerrenda itxien sistemak; alderdi politiko nagusiek erakunde politiko, ekonomiko, sozial eta judizialak kontrolpean izateak; ardurak saihesteko jokabideak nahiz giza-kapitalari lotutako epe ertain eta luzeko apustuekiko ezinikusiak, edota itxuraz epe laburrean errentagarri diren estrategiei ematen zaien balio handiak.

Ez da estrapolazio ahalegin handirik behar ikusteko hori guztia Nafarroari aplikatzerik badagoela. Halere, beste zenbait zertzelada ere gehi litezke, eta horiek gauza areago okertzen dute gure erkidegoan: esaterako, nolako iluntasuna hedatu den Nafarroako Kutxaren desagerpenaren eta Volkswagengo BEZa itzultzearen arazoari eman zaion irtenbidearen inguruan, zeina ezkutuko erreskate bat izan baita. Lehena medio kreditu-egitura baten iraupena geopolitika finantziero jakin baten menpe jarri da; bigarrenak, aldiz, Hitzarmen Ekonomikoaren sinesgarritasunari kalte egin dio eta oinarri sendoak dituen ekonomia baten berme izateko aukera mugatu egin dute, areago kontutan izanik Espainiako gobernuaren tutelak aurrekontu nafarraren %10eko finantziazio gehigarri irregular bat ahalbidetzen duela.

Haatik, Molinasen artikuluak azaltzen duen oinarrizko teoriaren beste ezpal batzuk ere gehi daitezke, hemen indarrean baitira. Acemogluren eta Robinsonen ikuspuntu instituzionalistak bereziki aipatzen ditu sistema instituzionalek eta estrategiak eragin kaltegarria dutela gizarte batean dauden sentsibilitate desberdinak integratzeari muzin egiten diotenean, mesfidantzaz hartzen dutenean aginteko elitean ordezkatuta ez dauden eragile sozialen leialtasuna zein ekarpenak, eta eragileok baztertzen dituztenean. Gizarte modernoak, pluralak izanik, ezin dituzte oinarritzat hartu boterea eta instituzioak gutxi batzuren mesedetan monopolizatzeko estrategiak. Nafarroaren kasuan, non esparru politikoa sei eremu elektoral desberdinetan zaituta baitago (PP, UPN, PSN, I-E, GB eta EHBildu), eta galdeketek iragartzen dutelarik ordezkaritza politikoa areago zatikatuko dela, minoria batek boterea usurpatzeko ereduei eusteko seta ez dagokie, inondik ere, krisiak jotzen dizkigun erronkei, ezta datozen hamarkadetan herritar nafarrek esparru sozioekonomikoan aintzat hartu beharko dituzten arazoei ere.