Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialistak
Urgentzia ekologikoa eta larrialdi soziala: erronka ekosozialen aurrean alternatibak eraikiz
Humanitatea bidegurutzean dago: edo sistema ekonomiko eta politikoa aldatzen dugu edo hondamendira goaz. Zaintza, ekologia eta gizarte arloko krisialdi latza pairatzen ari gara, bere adierazpen nabarmena aldaketa klimatikoa izanik. Ildo horretan, larriak ere badira bioaniztasunaren galera, baliabide naturalen agortzea eta baso eta oihanen suntsipena. Interkonektaturik dauden krisi multzo baten aurrean gaude, humanitatearentzat eta, oro har, izaki bizidunentzat orain arte ezagutu ez den mehatxua dakarrena. Horretaz gain, aberastasuna geroz eta esku gutxiagotan pilatzeak, desberdintasun ekonomikoa areagotzen duen banaketa geroz eta injustuagoa dakar, gure gizarte eta herrietan bizimodu duina eragotziz.
Ekintzaile belaunaldi berri bat eta erresistentzia forma desberdinak jaiotzen ari dira. Euskal Herrian ere esperientzia eta proiektu alternatiboak dauzkagu, baina arau kapitalista indartzen duten salbuespenak bihur ez daitezen, kontzientzia ekosozialista sortu behar dugu eta benetako eraldaketa lortu asmoz indarrak metatu behar ditugu
Hondamendiaren sustraian, etenik gabe metatzearen dinamika hedakorrean, kontsumismoan eta merkantzien fetitxismoan oinarritzen den ekoizpen, birsorkuntza, banaketa eta kontsumo sistema dago, kapitalismo heteropatriarkala. Sistema horrek desberdintasunen hazkundea, injustizia soziala, pobrezia eta bazterketa dakar. Logika hedakor hori ez da naturaren eta gizakiaren babesarekin bateragarria. Mugarik gabeko hazkundea, bizitza humanoa sostengatzen duten oinarri materialekin guztiz kontrajarria da. Norabidea aldatzen ez badugu, gero eta maiztasun handiagoarekin jasango ditugu hondamendi ekologikoak. Horiek guztiek, hildakoak, sufrimendua eta humanitatearen multzo geroz eta handiagoen desplazamenduak eragingo dituzte. Baliabide natural geroz eta urriagoak kontrolatu asmoz pizten diren gerrak ugarituko dira, eta herrien kontrol eta militarizazioan sakonduko da. Kapitalismoa, edozein modutara hazteko eta mozkinaren logika horrekin, humanitatea ekosuntsipenera bideratzen ari da. Kapitalismoa suntsipen handiko arma bat da. Orainaldia lapurtzen ari zaigu, eta gaur egungo eta hurrengo belaunaldien etorkizuna eragozten ari da.
Deialdi hau sinatzen dugunok, krisiari sistema kapitalistak emandako erantzunak (kapitalismo berdea, garapen iraunkorra, karbonoaren merkatua, energia nuklearra, TISA edo TTIP tankerako komertzio askeko hitzarmenak, hirigune handien mesederako, lurraldearen (des)ordenamendua, lurrak esku gutxitan pilatzea, nekazaritza industriala, azpiegitura erraldoi suntsitzaileak, gehiegizko erauzketak, eta abar) konponbide faltsuak direla uste dugu, azken finean, planetaren suntsipenaz baliatzen diren negozio eredu berriak baitira.
Sistema politiko eta ekonomikoari alternatibarik ez dagoela sinestarazi nahi digute, baina azken urteetan, ehunka esperientzia, proiektu eta alternatiba sortu dira munduan zehar. AEBn, Keystone XL Ubidearen aurkako mobilizazioak, Parisko bilkuraren (COP 21) testuinguruan eginak, TTIParen kontrako mugimendua edo justizia klimatikoa aldarrikatzen duena alternatiba honetan sinisteko itxaropena dira. Alternatiba dinamikaren esperientziak ere (Euskal Herrian eta Frantzian) horren lekuko dira. Hein berean, Afrika, Asia eta Hego Amerikan garatzen ari diren eraldaketa ekonomiko eta sozio-politikoak. Horiek, neurri handi baten, Bizitza Onaren eta gizakiaren eta naturaren arteko orekaren paradigmetan oinarritzen dira.
Ekintzaile belaunaldi berri bat eta erresistentzia forma desberdinak jaiotzen ari dira. Euskal Herrian ere esperientzia eta proiektu alternatiboak dauzkagu, baina arau kapitalista indartzen duten salbuespenak bihur ez daitezen, kontzientzia ekosozialista sortu behar dugu eta benetako eraldaketa lortu asmoz indarrak metatu behar ditugu. Herri erakunde eta botere ekonomikoen arteko harreman bihurriekin bukatu behar dugu, beste eredu instituzional bat indarrean jarriz, herritarren ongizatea lehenetsiko duena, eta merkatu eta espekulatzaileen aurretik, interes kolektiboak hobetsiko dituena, lanak lehentasuna izan dezan kapitalaren aurrean. Garaia da, herriek euren burujabetza indarrean jarriz gaur egungo egoera aldatzearen ardura har dezaten. Emari ekosozialista eta feminista sortzeko garaia, suntsipen aroa aldatuko duena.
Guk, Euskal Herriko, Estatu Espainiarreko, Suitzako eta Europako beste herrialde batzuetako mugimendu sozial, sindikatu eta erakunde politiko desberdinetako pertsonok, 2016ko irailaren 23tik 25era Bilbon (Euskal Herrian) izango diren Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialistetara gonbidatzen zaituztegu. Euskal Herriko III Topaketa hauek, Genevan 2014ko urtarrilean I. Topaketen eta Madrilen, 2015eko ekainean izan ziren II. Topaketen jarraipena dira.
Nazioarteko deialdi honekin bat egitera gonbidatzen zaituztegu zuen erakundeetako ordezkari edo norbanako gisa, berau zabal dezazuen eta eztabaidetan aktiboki parte hartzera animatuz.
Eztabaidarako 2 ardatz proposatzen ditugu:
- Urgentzia ekologikoaren eta larritasun sozialaren aurrean trantsizio ekosozialistak
- Troika ala Europako herriak: demokrazia, burujabetza eta justizia soziala
Sistema kapitalistaren eraldaketa sakona ardatz duen herritarren gehiengoak babestu eta bere gain har ditzan, gure lana koordinatu eta mobilizazio eta lan amankomunak programatu behar ditugu. Beste batzuen artean, COP-21 delakoaren ondorengo eta Europarako B Planaren ekimenetatik eratorritako mobilizazioen agendetan koordinatu eta bertan txertatu nahi dugu geure burua.
Gure proiektu ekosozialistan, eta beraz antikapitalistan, jendarte parekide, iraunkor eta antipatriarkal bateranzko norabidean lerratu nahi duten pertsona eta mugimendu orok du lekua.
Bilbon elkar ikusiko dugu.
Deialdiaren lehen sinatzaileak
Nazioartean: Alfons Perez (ODG, Països Catalans), Amaia Pérez Orozco (Eje de Precariedad y Economía Feminista, estado español), Christine Poupin (CGT et NPA, France), Christophe Aguiton (ATTAC, France), Conrad Kunze (Rosa Luxemburg, Deutschland), Daniel Süri (eskisto-gasaren aurkako kolektiboa, Suitza), Daniel Tanuro (LCR-SAP, Belgique), Elizabeth Peredo (Observatorio Boliviano de Cambio Climático y Desarrollo, Bolivia), Éric Toussaint (CADTM, Belgique), Jordi Roca (Universitat de Barcelona, Països Catalans), Jorge Riechmann (Podemos, estado español), Juan Tortosa (SolidaritéS, Suitza), Manuel Garí (Fundación Viento Sur, estado español), María Eugenia Rodríguez Palop (Universidad Carlos III, estado español), Marianne Ebel (Emakumeen Mundu Martxa, Suitza), Nicolas Haeringer (350.org, France), Pascoe Sabido (Corporate Europe Observatory, Belgique), Payal Parekh (350.org, Suitza), Tadzio Mueller (justizia klimatikoaren aldeko aktibista, Deutschland), Tchenna Maso (MAB, Brasil), Txetx Etcheverry (Bizi! Mugimendua, Euskal Herria), Vincent Gay (Ensemble, France), Yayo Herrero (Ecologistas en acción, estado español), Zoe Konstantopoulou (Grezia).
Euskal Herrian: Adolfo Muñoz, Txiki (ELA), Ainhoa Etxaide (LAB), Ayem Oskoz (Alternatiba), Dani Maeztu (Aralar), Iratxe Alvarez (ESK), José Ángel Elgezabal (Antikapitalistak), Marije Etxebarria (Steilas), Miren Zabaleta (Sortu), Purificación Pérez (Mugarik Gabe), Ricardo Hernández (Hitz & Hitz), Rosa Lago (Ekologistak Martxan), Rosa Martínez (Equo), Xabier Benito (Podemos)