Aldebiko Inbertsio Hitzarmenak: Globalizazio Neoliberalaren funtsezko tresna
Jarraian, Aldebiko Inbertsio Hitzarmenen harira Latino Amerikako Multinazionale Behatokiak (OMAL) 2013ko abenduan argitaratutako artikulu baten laburpena aurkezten da. Artikulu osoa, gaztelaniaz dago eskuragarri.
Aldebiko Inbertsio Hitzarmenak (AIH), bi herrialdetako inbertitzaileen artean segurtasun juridikoa bermatzen duen akordioak baino ez dira. [...] Agian, AIHen xedapen nabarmenena, Estatu-Inbertitzaile auziei dagokiena litzateke. Xedapen honen bidez, atzerritar inbertitzaileei bidea irekitzen zaie beste herrialderen bateko araudia saihestu eta salatzeko: nazioarteko epaitegietara joaz, edozein Estatu salatu dezakete AIH baten klausularen bat ez betetzea egotzita. Epaitegi hauek ezarritako kalte-ordainek, “galdutako etekinak” hartzen dituzte aintzat. Hau da, inbertitzaileak salatu dituen araudi eta legediak bere jardunean ekarri dizkion oztopoen ondorioz, herrialde horretan zenbateko etekinak “galdu dituen” kalkulatzen da.
Laburki, gisa honetako inbertsio-akordioek hiru arazo nagusi planteatzen dituzte, Estatu-Inbertitzaile auziekin lotuta:
1) Batetik, testu hauen lausotasuna dela medio, praktikan, edozein Estatuako edozein proposamen politiko auzitara eramateko arriskuan geratzen da. Adibidez, oso zaila da AIHtan aipatu ohi den “tratu justua” zertan datzan jakitea. Hori dela eta, oso era zabalean interpretatu izan dituzte nazioarte arbitroek klausula honekin lotutako auziak.
2) Estatu-Inbertsore auziak erabateko opakutasunean ebatzi ohi dira. Bestelako prozesamendu juridikoren aldean, AIHtik eratorritako Estatu-Inbertsore auziak “ateak itxita” gertatu ohi dira; politika publikoak jokoan dauden arren, ez da gizarte zibila informatzen. Gainera, nazioarteko arbitraian diharduten pertsona gutxien artea interes-gatazka handiak daude. Arbitroek, kasu bakoitzeko kobratzen dutenez, pizgarri handiak dauzkate salaketa berriak sustatzeko. Nazioarteko arbitraiaren negozioak kasuko 5 milioi dolar mugitzen dituela kalkulatzen da eta abokatuen lana, orduko 1000 dolarretara irits daiteke.
3) Estatu-inbertitzaile arteko auziak, norabide bakarrekoak eta esklusiboak dira. Hau da, batetik, inbertitzaileak estatuak salatu ditzaketen arren, ez da alderantziz gertatzen inbertitzaileek AIHren atalen bat betetzen ez dutenean, edota giza eskubideak urratzen dituztenean. Bestetik, atzerriko inbertitzaileak dira Estatuak salatu ditzaketen bakarrak. Gisa honetako prozeduren kostu handia kontuan hartuta, praktikan, enpresa multinazionalak dira bide honetara jotzeko gaitasuna duten bakarrak. Gainera, multinazionalek erabaki dezakete, munduan dituzten egoitza guztien artean, zein Estatu salatzen duten. Munduko Bankuan berak ere onartu izan du epaiketa hauek “asimetria itzela” sortzen dutela “Aldebiko Inbertsio Hitzarmenen (AIH) eratorritako Atzerriko Inbertsio Zuzenaren fluxurik handiena, norabide bakarrean mugitu ohi delako”.
Finean, AIHak enpresen mozkinak oztopatzen dituzten politika publikoei desafio egiteko tresna bilakatu dira. Dagoeneko multinazionalek prozesu legegileetan presio sartzeko zuten gaitasunari, presio-talde hauek gustuko ez duten edozein lege salatzeko gaitasun hertsatzailea gehitu beharra dago.
Juan Fernández Armesto espainiar arbitroak, AIHek interes publikoaren gainean dituzten ondorio larrien inguruan bere iritzi zintzoa eman zuen: “oraindik ere harritzen nau, Estatu burujabeek gisa honetako arbitraia onartu izanak [...] Hiru pertsona partikularri, inongo mugarik gabe eta gerora gora-jotzeko aukerarik gabe, gobernu baten akzio guztiak, Estatu baten auzitegien erabakiak eta Parlamentutik eratorritako lege eta araudi guztiak, errebisatzeko ahalmena ematen zaie”.
AIH eta Estatu-inbertitzaile Auzien eztandak eta Globalizazio Neoliberalaren une gorenak bat egin izana, ez da kasualitate hutsa. Gus van Hartenek adierazi du “ puzzle neoliberalaren pieza juridiko eta instituzional garrantzitsuak dira” AIH eta auzitegiak, izan ere “gobernuei murrizketa legal eta ekonomiko zinez indartsuak inposatzen baitizkiete”.