Euskal Y-a: irtenbiderik gabeko atakan
Euskal Y-a: irtenbiderik gabeko atakan
Lan hau EKOPOLek koordinatu du; Euskal Herriko Unibertsitateko talde honek ekonomia ekologiko eta ekonomikoari buruzko ikerketa egiten du. Txosten honen helburua izan da Euskal Herriko Trenbide Sare berriaren proiektua , Euskal Ya, aztertzea, estatuko abiadura handiko trenbide politikaren baitan, diziplina arteko ikuspuntutik, horretarako analisi ekonomikoa eta soziala, lurraldeari buruzkoa, politikoa, energetikoa eta kulturala konbinatuta.
Analisi ekonomikoaren ikuspuntutik:
-
Euskal Y-aren eta abiadura handiko trenbide proiektu espainiar guztien errentagarritasun sozial negatiboak esan nahi du hauek eraikita ongizate sozialak okerrera egiten duela.
-
Euskal Y-aren eta abiadura handiko trenbide proiektu espainiar guztien finantza-errentagarritasun negatiboak adierazten du linearen ustiaketak emango dituen diru-sarrerak sekula ez direla nahikoak izango eraikitze kostua osatzeko.
-
Areago, zerbitzuaren kostu aldakorrak ere osatuko ez direnez, euskal Y-aren ustiaketa komertzialak defizita emango du, hots, etengabeko laguntza publikoak beharrezkoak izango dira funtziona dezan.
Zein da ondorioa ikuspuntu sozialetik?
Tren lasterra garestia da eta, horrenbestez, errenta altua duten pertsonek soilik ordain dezakete. Eskura daukagun ebidentziak erakusten du ustiaketa kostuak osatzeko gauza ez den linea -euskal Y-arekin hala gertatuko dela uste dugu- zerga bidezko transferentzia bat dela gizarteko multzo txiroenetatik aberatsenetara. Hots, herri-erakundeak sustatzen ari diren inbertsioek areago egiten die mesede errenta altuei eta, horrela, aberatsen eta pobreen arteko arrakala soziala gero eta handiagoa da.
Gainera, AHTaren zerbitzuak martxan jartzearekin batera ohikoa da zerbitzu konbentzionalak kentzea; ondorioz, betiko trena erabiltzen ari zirenak errepidera botatzen dituzte.
Ingurumen analisiari dagokionez, esan dezakegu AHTko inbertsioa ez litzaiekeela herritarrei saldu beharko politika berdea bailitzan. Garrantzitsua da nabarmentzea Euskal Y-a eraikitzeak ingurumeneko hainbat kontutan eragiten duela (habitat zatikatua, bioaniztasuna, lur emankorraren okupazioa, eragin bisual eta paisajistikoa, zarata, bibrazioak, etab.), eta txostenak ondorioztatzen du -baita bidaiari eta merkantzien demandari buruzko agertoki baikorrenetan ere- euskal Y-ak ez lukeela CO2rik aurreztuko 100 urte igaro baino lehenago, ezta energiarik ere 55 urte pasa arte.
Analisi politikoaren ikuspuntutik, gure txostenak egiaztatzen du iraunkortasunari buruzko erabaki publikoak hartzerakoan oinarriak ofizialki gardentasun informatiboa eta parte hartze demokratikoa diren arren, oraindik ere amaitu gabe dagoen euskal Y-aren moduko gatazka hain luzeak, komunikazio molde berriak eskatzen dituela, bere konponbiderako irizpide demokratikoak baliatuko dituelarik.
Azkenik, ikuspuntu kulturaletik, euskal Y-aren proiektua aldaketa paradigmatiko baten atalasean egon liteke; batzuk diote une hau dela prometeismoaren, gehiegikeriaren kultuaren eta mugarik ez izatearen amaiera. Aldaketa kulturala gertatzen ari da iraunkortasunaren aldera; hau gizartean emeki-emeki hedatzen ari da eta proiektuaren sinesgarritasunari kalte egin dio. (...)
Berriro nabarmendu nahi dugu txosten honen helbururik behinena dela inoiz egin ez den eztabaida bat piztea, hau inoiz baino premia handiagoa baita. Gainera, ikertzaile garen aldetik, salatu egin behar dugu herri-erakundeek datu eta ikerketa ofizialak ezkutatu egiten dizkigutela; hau beste herrialde batzutan ez da gertatzen.
Eztabaida sozialerako deia
Ez gaude ados tren honek ordezkatzen duen mugikortasun ereduarekin, inguruarekiko eta gizartearekiko dakartzan ondorioengatik.
Eusko Jaurlaritzaren estrategia AHTren gaian gardentasun eza izan da. Zer esan nahi du “gardentasun eza” kontzeptuak? Gaur egungo herritarrek ez dakite gehiegi azpiegitura erraldoi honen finantza egoerari buruz, euren zergak horretan erabili arren, eta oinarrizko zerbitzuetara zuzendu beharko liratekeen arren: osasun, hezkuntza edo gizarte zerbitzuetara. Ez daukagun informazio hori nagusiki ekonomikoa da (adibidez, zenbat diru zuzendu da Gipuzkoako adarrera? Edota beste hitzetan, zenbat diru ari gara sistematikoki aurreratzen Madrilek bueltatzeke? Zenbatekoak dira AHT-ren aparteko kostuak?), ingurugiroari buruzkoa ere falta zaigu (zenbat kutsatzen duten egiten ari diren obrak?) Eta gizartearen ingurukoa, adibidez: zenbat enplegu sortu dira? Zein baldintzetan ari dira enplegatzen? Kalitatezko enpleguak ote dira?
Gainera, Eusko Jaurlaritzaren politika zaharkitutzat hartzen dugu. EAJ-aren aburuz, hiritarrok gure iritzia emateko aukera bat soilik baitaukagu lau urtetan behin: hauteskundeetan. Eta hauteskundeen artean geure jarrera izan behar da iritzi politikorik ez ematea, bere iritzian politika egin behar duten bakarrak alderdi politikoak baitira. AHTri dagokionez, egoera honek hiritarrak posizio oso desatsegin batean jartzen ditu, bi aukera baino ez digulako ematen: edo egin den guztia ontzat hartu edo guztia txartzat kritikari lekurik eman gabe.
Mahai honetan dauden bi sindikatuak beti saiatu dira, nahiz eta beharrezko informazioa ez eduki, Euskal Trenbide Sareari zuzendutako analisi kritiko eta proaktibo bat egiten, mugikortasunaren inguruan dauden arazoak beti kontuan harturik. Hau da, alde batetik, komarken arteko mugikortasuna, eta bestetik, merkantzien garraioaren arazoa, gehien kutsatzen duenetarikoa dena. Bi gai hauek konpondu gabe geratuko lirateke AHT-ren lanak bukatzearekin (Arantza Tapiaren azkenengo deklarazioen arabera hau 2023an gertatuko da) eta, ondorioz, trenaren funtzionamenduarekin. Tren hau kapitalen arteko mugikortasunari mugatuta baitago (hau bidaien %0,67 baino ez da), eta bakarrik erretiratuko du (aldi berean merkantziak eta bidaiariak eramateko balioko badu) merkantzien %10a errepideetatik.
Ikuskaritza independente bat aurrera eramatea beharrezkoa izango litzateke, honako ardatzez osatutakoa: finantza, ingurumena eta gizartea. Ezkutukeria hau gainditu behar dugu eta, funtsean, zenbakiak jarri aparteko kostuei jatorrizko aurrekontuari dagokiona, batetik, eta EAEk sistematikoki aurreratutako diruari Madrilek itzuli gabe daukana, bestetik. Oso interesgarria den beste puntu bat izango litzateke galdera honi erantzutea: zer da egin gabe geratzen ari dena AHT-ri lehentasuna ematearen ondorioz?
AHT ezin da lehentasun bat izaten eta diru gehiagorik jasotzen jarraitu; hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren jarrera lanak gelditzea izan beharko litzateke:
- Gehienbat, Madrilek erantzun arte eta Gipuzkoako ardatzera aurreratutako dirua bueltatu arte.
- Gaur egun pairatzen ari garen ekonomiko krisialdi gogor honek jarraitzen duen bitartean, egungo krisialdiko egoeretan ekonomiko baliabide publikoak oinarrizko gaietara bideratu behar dira, hau da, hezkuntzara, osasunera eta gizarte zerbitzuetara. Adibidez, aurreko asteetan ikusi dugu, euskal ospitaleetako larrialdiak kolapsatu zirela, Darpon sailburuak hori guzti hori ezeztatu arren. Edota, ari gara ikusten nola Eusko Jaurlaritzak uko egin dio Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) gutxieneko soldata gorakada araberan igotzeari, legeak eskatzen duen bezala.
Euskal Trenbide Sarearen gaiari buruz dagokion eztabaida soziala egon behar da. Bere sozializazioa behar handikoa delako trena ahalik eta sozialen egiteko eta guztion artean gai honetan sortzen ari diren gai polemikoenak eta gure poltsikoari gehien eragingo dietenak konpontzeko: tiketaren prezioa, mantentzearen kostua… eta horretarako hiritarrek benetako informazioa izan behar dute.
Txosten osoa deskargatu hemen: