Nola sindikalizatu eta politizatu ezkerretik urrun dauden pertsonak
Oharra: 2025eko abenduaren 1,2 eta 3an Parisen izan den "Le syndicalisme face au nationalisme autoritaire/Sindikalismoa nazionalismo autoritarioaren aurrean" nazioarteko unibertsitate sindikalaren barruan "Sindiquer pour politiser/Sindikalizatzea politizatzeko" mahai-inguruan parte hartzeko ELAren trebakuntza eta estrategia subiranistaren arduradun Unai Oñederrak prestaturiko testu da hau.
Hasteko, esan nahi dut ezkerretik urrun dauden langileak antolatzea dela sindikatuan egiten dugun lanik arruntenetako —eta beharrezkoenetako— bat. Sistema eraldatu nahi duen sindikatua bazara, eta langile ezkertiarrak bakarrik antolatzen badituzu, galduta zaudela esango nuke. Azalduko dut: lantokietara joaten garenean, edo langile batzuk guregana etortzen direnean, ez dugu jada politizatuta dauden pertsonekin topo egiten. Ohikoena da arazo zehatzak dituzten eta horiei irtenbidea bilatu nahi dieten langileekin topo egitea. Nik esango nuke langile klasearen gehiengoa ez dagoela politizatuta. Izan ere, politizatua balego, beste egoera batean geundekeela iruditzen zait.
ELA sindikatu sozialista da, ezkerreko lidergo eta koadro politizatuekin, eta proiektu ideologiko argia du. Baina badakigu ezinezkoa dela gizartea eraldatzea ideologia horrekin bat datozenak bakarrik antolatuz. Gure zeregina langile klasearen gehiengoa antolatzea da. Zenbat eta langile gehiago antolatu, orduan eta indar handiagoa dugu. Horregatik, lan zentroetara goazenean, edo langileak guregana datozenean, ez diegu galdetzen zer ideologia duten, baizik eta zein arazo dituzten.
Funtsean, hori da sindikatu bat: langile klasearen arazoak konpontzeko antolaketa kolektibo bat; lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko tresna bat; eta kapitalismoa eraldatzeko eta gizarte justuago bat eraikitzeko erakunde bat.
Badakigu bi bide nagusi daudela sistema eraldatzen saiatzeko. Batetik, instituzioetatik eta botere politikotik datorrena. Bestetik, kaletik eta lan zentroetatik sortzen dena: gizarte zibilak, herri mugimenduek eta kontrabotere sozialak eraikitzen dutena. Biak dira ezinbestekoak. Sistema ezin da instituzioetatik solik aldatu, baina ezta kaletik edo zentroetatik bakarrik ere. Badakigu ezkerreko alderdi bat gobernura iristen denean botere ekonomikoak gogor presionatzen duela eta gobernuak eskuinerantz bultzatzen dituela. Gobernu batek benetan botere ekonomikoari aurre egingo dioten ezkerreko politikak aplikatu ahal izateko, kontrabotere sozial indartsu bat behar du. Horregatik uste dugu hain beharrezkoa dela sindikatuak eta gizarte mugimenduek alderdi politikoekiko autonomia politiko eta ekonomikoa mantentzea.
Hori da gure aukera eta gure erantzukizuna: independentzia politiko eta ekonomikoa izango duen sindikatu bat eraikitzea, kontrabotere hori sortzeko gai izango dena. Independentzia hori 105.000 afiliatuk bermatzen dute —milioi bat enplegatu dituen populazio batean—, hilean 27 euroko kuota ordainduz. Kuota horren %25 erresistentzia kutxara bideratzen da, eta gainerakoak sindikatuaren diru-sarreren %93 suposatzen du. ELA masen sindikatua da, eta bere afiliazioak gizartearen aniztasuna islatzen du: badago ezkerrari botoa ematen diona, eskuinari ematen diona eta baita bozkatzera joaten ez dena ere. Gure afiliatu guztiak ez daude politizatuta —afiliatua izateko hori ez da baldintza—, baina politizazioa ezinbestekoa da gizartea eraldatzeko.
Batzuetan esaten digute: «Espero dut ez dituzuela izango eskuinari botoa ematen dioten afiliatu asko!». Eta guk erantzun ohi dugu: «Nahiago genuke gehiago izango bagenitu». Ez dugu “Zazpi bikainak” edo "puru" eta "ortodoxoen" talde bat izan nahi; gizartea eraldatu nahi dugu, eta horretarako, zenbat eta gehiago izan, orduan eta hobe. Beraz, galdera nagusia ez da egon behar duten ala ez; galdera da nola politizatu ezkerretik urrun dauden langileak. Hori da eztabaidaren muina.
Jendea ELAn afiliatzen da, sindikatua laneko arazoei aurre egiteko eta baldintzak hobetzeko tresna eraginkorra dela uste duelako. Eta zer eskaintzen du sindikatuak? Laguntza politikoa, teknikoa eta emozionala; aholkularitza eta laguntza pertsonala; antolaketa kolektiboa; ekintza kolektiboa; greba; eta greba horiek luzaroan mantentzeko aukera ematen duen erresistentzia kutxa.
Langileak beraiek dira, kolektiboki antolatuz eta patronalari aurre egiteko gaitasuna garatuz, beren arazoak konpon ditzaketenak. Eta antolaketa, borrokaren prestaketa eta greba prozesu horretan bertan gertatzen da politizazioa. Greba batean parte hartzeak kontzientzia politikoa sakontzen du, harreman ekonomikoak zalantzan jartzen ditu eta langile klasearen interesekiko identifikazioa indartzen du.
Egia da uste ideologikoek pertsona bat borrokara edo grebara eraman dezaketela. Baina kontrakoa ere gertatzen da: borrokak berak sor ditzake kontzientzia ideologikoa. Grebek eta gatazka kolektiboek kontzientzia soziala azkartzen dute, indibidualismoa gainditzen laguntzen dute, oinarriko lidergoak aktibatzen dituzte, esanahi politiko partekatuak eraikitzen dituzte eta konpromisoan, elkartasunean eta elkar laguntzean oinarritutako harremanak sendotzen dituzte.
Guretzat, hor dago benetako botere eraldatzailea. Bere lan-baldintzak hobetzeko antolatu nahi duen edozein pertsona ongietorria da eta ELAren komunitateko kide izatera gonbidatua dago. Bidea ez da erraza. Baina langile horiek zurekin badaude, bidea egiteko aukera dago; zurekin ez badaude, ez dago aukerarik. Are gehiago: pertsona horiek guk antolatzen ez baditugu, askok eskuin muturrerantz joko dute. Izan ere, jende prekarioena —abstentzioan geratzen dena, gertatzen zaienaz inor arduratzen ez dela sentitzen duena— da diskurtso erreakzionarioak errazen erakar dezakeenetakoa.

Greba bidezko politizazioaren bi adibide
Politizazio prozesu horien bi adibide oso argi partekatu nahi ditut: bata Bizkaiko egoitzen sektorean, eta bestea ehungintzako merkataritzan.
Bizkaiko egoitzak: 5.000 langile. ELAko 500 afiliatu greban 378 egunez 2016 eta 2017 artean. Aparteko hitzarmen kolektibo bat lortu zuten. 2022 eta 2023 artean beste 68 greba egun egin zituzten, eta beste garaipen garrantzitsu bat eskuratu zuten.
Ehungintzako merkataritza: 50 greba egun H&M dendatan Euskal Herrian. 19 eguneko greba sektoriala Gipuzkoan. 3.000 langile, horietatik 300 ELAko afiliatuak.
Bi sektoreak prekarizatuta eta oso feminizatuta daude. Emakume langile gehienak ez zeuden politizatuta. Asko ez ziren feministak; batzuek “feminismoaren aurkakoak” zirela ere esaten zuten hasieran. Askok esaten zuten ezin zirela manifestazioetara joan, seme-alabak zaindu behar zituztelako edo senarrentzako afaria prestatu behar zutelako. Haiekin greba edo piketeak aipatzen zirenean, askok erantzuten zuten: «Hori ez da guretzat». Eta, hala ere, azken lerroan hasi ziren emakume horiek beraiek amaitu zuten megafonoa eskuan, oihuka: «Gora, gora, gora borroka feminista!»
Nola lortzen da eraldaketa hori?
Lan zentroetara bisita ugari eginez, elkarrizketa askorekin, asko entzunez eta lantokietan presentzia etengabearekin. Hauteskunde sindikaletan gehiengo absolutuak lortuta, patronalak bere aldeko sindikatu merkeak erabili ez ditzan. Beraien lantokia ez den beste zentro batzuetara joaten diren ordezkari liberatuz osatutako bisita taldeen bidez. Plangintza serioarekin. Batzarretan oinarritutako negoziazio kolektiboarekin. Irudimen handiarekin. Langileak eroso sentituko diren mobilizazioak antolatuz. Eta greba egun ugarirekin, erresistentzia kutxari esker eutsi daitezkeenak.
Eta, jakina, aliantzak bilatuz: egoitzetan, egoiliarren familien babesa funtsezkoa izan zen. Mugimendu feministarekin ere bai; baina ehungintzaren kasuan, askotan berandu iritsi zen, edo ez zen iritsi ere egin. Feminismoaren esparruko sektore askok oraindik ere langile horiek Owen Jonesek «chavs» deitu zituen horien antzera ikusten dituzte: politizatu gabeko klase popularrei buruz hitz egiteko erabiltzen den termino klasista eta mespretxuzkoa.
Nola politizatzen dira prozesuan?
Gatazkari esker. Grebari esker. Zuzeneko esperientziari esker. Beren nagusien benetako aurpegia ikusten dute, irribarre atseginaren atzean ezkutatzen den hori. Ulertzen dute kapitalak nola funtzionatzen duen, nola lerrokatzen diren gobernuak eta hedabideak patronalaren alde, eta baita poliziak ere maiz enpresen interesak langileen eskubideen gainetik jartzen dituela.
Eta funtsezko zerbait deskubritzen dute: beren botere kolektiboa eta prozesuan garatu duten eragiteko gaitasuna. Konturatzen dira borrokatzeak merezi duela. Langile batek esan zuen bezala: «Borrokatzen baduzu, galdu egin dezakezu; baina borrokatzen ez baduzu, jada galduta zaude».
Pertsona horiek lehen pertsonan bizi izan dute langile klasekoak direla, beren interesek kapitalaren interesekin talka egiten dutela eta ekintza kolektiboak beren bizitzak alda ditzakeela. Sindikatuaren erronka da prozesu horri jarraipena ematea: ulertaraztea klase borroka ez dela lantokian bakarrik gertatzen. Etxebizitza, zergak, zerbitzu publikoak, feminismoa, arrazakeriaren aurkako borroka, krisi klimatikoa… horiek guztiak borroka beraren parte dira.
Lantokitik harago antolatzea
Gure bizi-baldintzak hobetu nahi baditugu, lantokitik kanpo ere antolatu behar gara, edonor delarik ere gobernatzen duena. Hori da gure helburua. Baina ez da erraza; egia esan, oso zaila da.
Denboraldi batez pentsatu izan dugu ELAn afiliatutako langile bat, bere lantokian aktibista edo lider bihurtzen denean, erraz bihur litekeela aktibista sozial edo komunitario ere. Baina hori oso gutxitan gertatzen da. Arrazoi garrantzitsuetako bat da ELAko aktibista edo lider sindikal izatea oso exijentea dela, eta ia ez duela indarrik uzten beste eremu batzuetan inplikatzeko.
Amaitzeko, esango nuke errazagoa dela jada politizatuta dagoen gizarte-aktibista bat lantokiko aktibista sindikal bihurtzea. Baina gure ustez, hori ez da kontrako bidea bezain eraldatzailea. Benetako erronka —eta benetako eraldaketa— pertsona arruntak politizatzea da, bereziki langile klaseko kideen artean prekarioenak, eta ez daitezela eskuin muturraren eskuetan erori.
