(Azterketak 49) Feministak garelako: zaintza publikoaren alde
(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)
PROPOSAMENAK
Egoera horren aurrean, ELAk ezaugarri hauetan oinarritutako zaintza-sistema bat ulertu eta aldarrikatzen du:
1. Publikoa
Zaintza-sistemak publikoa izan behar du, pribatizatutako eta azpikontratatutako zerbitzuak publifikatuz eta zerbitzuak zabalduz. Helburua pertsonak eta zaintza erdigunean jarriko dituen sistema bat izatea da, eta ez enpresa-irabazia. Horretarako, zaintza-lan profesionalizatuak desmerkantilizatzea beharrezkoa da. Lankidetza publiko pribatuaren kontzeptua tranpatia da, enpresa pribatuek agintzea eta sektore publikoak finantzatzea onartezina da, eta desagertu beharko luke.
2. Unibertsala
Gizarte Zerbitzuen legeek administrazio eskudunek menpekotasun-egoeran dauden pertsona guztien beharrei eta eskubidez behar bezala erantzungo diotela bermatu behar dute. Legeek administrazioak zerbitzu horiek ematera behartu behar dituzte.
3. Doakoa
Zaintza-sistema menpekotasuna duen pertsonaren gaitasun ekonomikoa kontuan izan gabe egituratu behar da, koordainketa ezabatu, eta zerga bidezko finantzaketa osoa ezarri behar da.
4. Kalitatezkoa
Enpleguaren kalitatea eguneko zein gaueko ratioak eta arreta-orduak hobetzea da. Ratioak handitzeak eta zerbitzuen estaldura handitzeak 10.000 lanpostu berri baino gehiago sortzea ekarri behar du. Beharrezkoa da, halaber, lan-baldintzak hobetzea eta sektore horietako emakume langileen prekarietatea etetea, besteak beste, honako neurri hauek hartuta: baldintzak arlo publikoarekin
parekatzea, lanaldi partzialak luzatzea, lanpostuak finkatzea eta subrogazioa bermatzea, txanda-kontratuak zabaltzea, bajak lehen egunetik betetzea, soldata-arrakala ezabatzea, lan osasun eta segurtasuna hobetzea edo emozioak lantzeko planak aurkeztea. Premiazkoa da, halaber, zaintzaile guztiak erregularizatzea, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean sartuz, eta Atzerritarri buruzko legea indargabetuz. Neurri horiekin, zainduek jasotzen duten arretaren kalitatea nabarmen hobetuko litzateke; haiekin igarotzen den denboran, jasotzen dituzten zerbitzuetan, bizi diren espazioetan etab., azken finean, zaindu ditzagun zaintzaileak.
5. Erantzunkidea
Zaintza-lanak gizonen eta emakumeen artean modu zuzen eta bidezkoan banatzen direla bermatu behar da. Ildo beretik, kontziliazioa hobetu dadin lanaldia murriztea eta zaintzarako lan-baimenak
luzatzea beharrezkoa da. Neurri horiek guztiak garatzeko, gastu publikoa nabarmen handitu behar da. Horretarako, dirusarrerak handitzea ezinbestekoa da. ELAren ustez erreforma fiskal bat onartu behar da kapitalari, enpresa-irabaziei eta errenta handiei zergak nabarmen handitzeko. Zentzu berean, iruzur fiskala, soldataz kanpoko errentetan oinarritzen dena etetea ezinbestekoa da.