Koronabirusa: erregea biluzik dago

2020/04/14
Macron-le-Roi.jpg
Txetx Etcheverry-k, apirilaren 13an Enbata Aldizkarian argitaratutako artikulua.

Aurreikusi zitekeen arren, egungo izurriteak berau saihestea lortu ez duen sistema baten gabeziak ikusarazi ditu. Krisi historiko honen kostu sozial, humano eta ekonomikoak datozen hondamendien seinale da, eta gobernuak aurreratu ezin izan duen klima aldaketarekin dago lotua.

Zerbait historikoa dago egun  pairatzen dugun krisian. Eskolak, ostatuak, jatetxeak eta funtsezkoak ez diren dendak itxita, ezin imajina ahal genezaken, ez baita suertatu halakorik den mendeko bi mundu gerletan ere.

Bereziki bitxia egiten zaidana, Bizi! eta Alternatibako ekintzaile gisa, osasun-krisi honen eta klimaren zein biodibertsitatearen krisi honen aurrean gure buruzagien jarrera eta gure sistemaren funtzionamenduan aurkitzen ditugun antzekotasunak dira. Badago kezkatzeko arrazoia etorkizunerako, aurrekaririk gabeko une honetako lezioak ikasi ezean.

Gure buruzagiei ohartarazi zitzaien: lehen krisiek, txostenek eta zientzialariek alarma piztu zuten, baina ez zieten jaramonik egin. Ez dituzte beren politikak egokitu, eta iragarrita zegoen izurrite baten hedapena ahalik eta gehien aurre hartu eta kontrolatzeko neurririk ez zuten ezarri.

Ekintza ezak beti du ekintzak baino kostu handiagoa. Klima-aldaketaren aurkako borrokan, egungo osasun-krisian beretsu, arintze- eta egokitze-politika handinahiak posible eta beharrezkoak izan dira luzaroan, baina kostu bat dute, eta berehalako irabazi-iturri gutxi edo bat ere ez multinazionalen eta akziodunen munduarentzat. Ondorioz, gure liderrek ez dituzte ezartzen, iragarritako hondamendia baldintza okerrenetan gertatzen da eta azken emaitza askoz ere garestiagoa da ororentzat, sozialki zein ekonomikoki.

Aurre-hartzeko eta aurrera egiteko gai ez den sistema

Aditu askok zehatz-mehatz formulatu zituzten arriskuak, batez ere SARSen 2003ko krisiaz geroztik, eta ohartarazi zuten gure gizarteak kalteberak direla epidemien aurrean: "gaixotasun infekziosoen epidemiarik ohikoenak, urbanizazio azkarraren, planifikatu gabeko eta luzatutako krisi humanitarioen eta gizakiak aurrez ustiatu gabeko lurretan sartzearen ondori dira, baita, bidaien hedapenaren, nazioarteko merkataritzaren eta klima-aldaketaren ondorio ere".

2005ean, Marie-Christine Blandin ingurumen-senatariaren "Epidemia arriskuari buruzko" txosten parlamentarioak ohartarazi zuen arnas motako birusak mehatxu handia zirela globalizazioan, hegazkin-bidaien ugaritzea medio, eta ohartarazi zuen ez zegoela Frantzia arrisku horretarako prestaturik, baliabideei, ikerketa zientifikoari eta txertoei dagokienez.

Txosten horrek deskribatzen zituen halako epidemia baten aurka babesteko baldintzak, botika bat, eta ondoren txerto bat, aurkitu bitartean: "Kutsatzea pertsonatik pertsonara doan pandemiaren fasean, epidemiaren aurka borrokatzeko hiru metodoetako bat hesi fisikoak jartzea da, eta horrek esan nahi du publikoarekin harremanetan dauden pertsonek pandemiari egokitutako maskarak edukitzea." (...) "Bere errelatoreek galdekatutako agintariek uste dute bai ohiko maskarek, bai zirujau maskarek babes mugatua baino ez dutela eskaintzen. Eredu eraginkorragoak izatea desiragarria litzateke, baina garestiagoak dira. "(...) "Behar adina maskara jartzea kostu handia litzateke, baina, aldi berean, herrialdearen paralisia mugatzen lagunduko luke. Prespektiba horretatik begiratu behar zaio kostuari".

Oraintsu, OMEk, zehaztasun handiz, Beijing eta Wuhan hirietako animalia basatien merkatuek planteatutako arriskuak aipatu zituen, non egungo koronabirus epidemia hasi zen.

Wuhan berrogeialdian jarri zuten 2020ko urtarrilean, eta, ondorioz, mundu osoko buruzagiak erabat jakitun ziren egoeraren larritasunaz eta hemen muturreko erabaki horietara ez iristeko hartu behar ziren neurriez. Oso gutxik aprobetxatu zituzten bi hilabete horiek behar zena egiteko.

Gaël Giraud Frantziako Garapen Agentziako ekonomialari buru eta zuzendari exekutibo ohiak honela adierazi du itzulingururik gabe: "Hasteko, berriro esan behar dugu, nahiz eta gaur hau esateak jendea hunkitu dezakeen, Covid-19ko pandemiak berez dena izaten jarraitu behar luke: urtaroko gripea baino apur bat biralagoa eta hilgarriagoa den pandemia bat, ondorio arinekin herritar gehienengan, baina oso larriak frakzio txiki batentzat. Aldiz, duela hamar urte baino gehiagotik hasitako Europako eta Ipar Amerikako osasun sistema publikoaren ahultzeak, gure sistema ekonomiko guztiak mehatxatzen dituen aurrekaririk gabeko hondamendi bihurtu du birus hau." (...) "Nahiko erraza zatekeen pandemia geldiaraztea, lehenengo kasuak agertu bezain laster kutsatutako pertsonen detekzio sistematikoa eginez, haien mugimenduak arakatuz eta kaltetutako pertsonen kopurua (oso txikia) berrogeialdi selektiboan jarriz. Hori guztia, kutsatzeko arriskua duten pertsonei maskarak masiboki banatzearekin batera, hedatzeko arriskua are gehiago murrizteko. Hori da Hego Koreak eta Taiwanek arrakastaz egin dutena, gaitzari amaiera emanez inolako konfinamendu kolektiborik gabe."

Eta amaiera urrun dago

Laburbilduz, erregea biluzik dago. "Funtzionatzen duen" sistema bakar bezala saltzen diguten sistema kapitalista hori, berez, gure hilobi kolektiboa zulatzen ari da. Pandemia-iturri berriak sortzen dituen desoreka ekologiko eta klimatiko handiengatik biderkatzeaz gain, haien aurrean inpotentea dela erakutsiko du. Sistema honek eta gure egungo liderrek  zientziari entzuteko erakutsi duten ezintasunak, aurrea hartzeko eta arintzeko, (kasu honetan osasun arloan, baina gauza bera egin dute 25 urtez klima-aldaketaren gaian) emaitza hauek utzi ditu: politika neoliberalek hainbeste urtez nahita ahuldu duten osasun sistema bat saturatuta eta izugarrizko kostu sozial, ekonomiko eta humanoak dituen biztanleriaren itxialdi orokor bat. Adinekoak, euren erasotzailearekin itxita dauden emakume eta umeak, migratzaileak, etxerik gabeko pertsonak, beldurrez lan egiten duten supermerkatuetako kutxazainak eta beste asko prezio altua ordaintzen ari dira zabarkeria horrengatik. Zenbat merkatari, artisau eta nekazari txiki geldituko bere lanbidea berreskuratu ezinik? Zer eginen dute akziodunek soldatapekoek euren galerak konpentsatzeko, epe honetan munduko merkatuaren kapitalizazioaren heren bat desagertu denean? Gaël Giraudek uste du milioi bat langabe gehiago egon daitezkeela Frantzian krisi honen ondoren.

Eta konfinamendu orokor hori alferrikakoa izango da urtarrilean eta otsailean hartu beharko liratekeen neurriak martxan jartzen hasten ez bagara: detekzio-probak eta maskara babesleak masiboki banatzea, positibo eman duten pertsonak berrogeialdian jartzea, haien ingurukoekin batera; oinarrizko higienea mantendu eta probekin jarraitzea, ziur aski, uda osoan zehar. Konfinamendutik ateratzen garenean birusa oraindik hor egongo denez, mundu osoan zehar zabaldu baita, haren presentzia eta izan ditzakeen mutazioak kontrolatu beharko ditugu gutxienez urte oso batez.

Aurrekaririk gabeko krisi honetatik lezioak atera behar ditugu, zeintzuk izan diren bere arrazoiak, neoliberalismoaren eta gure egungo liderren ezintasuna berau prebenitzeko, geldiarazteko eta arrazionalki kudeatzeko. Era berean, gero eta autonomia eta erresilientzi gutxiago duen gure gizartearen hauskortasunetik ikasi beharko dugu. Baina horretaz hurrengo Enbatan arituko naiz.