Laborantza Ganbara alternatiboa hor da!
“Memento berezi huntan hitza hartzera noa. Momento berezia Euskal Herriko Laborantza Ganbararentzat, 10 urte betetzen baititu. Momento berezia ere, aitortzen dut, neretzat, lehendakaritza uztera bainoa.
Hamargarren urtemuga hontan, ainitz ainitz baliteke erraiteko. Mugatuko naiz hemen lau mezu edo gogoetetan.
Lehenik, gure gogoa doa hamar urte hotan galdu ditugun bide laguneri. Ez dira hemen fisikoki, bainan askotan gogoan ditugu, askotan…. Gure Historian dira, eta gaur garena bagera, heieri esker da ere. Historia hori segitzea, bereri ohore egitea da, beren engeiamendua bizirik atxikitzea da.
Eta, eskerrak ELA-ko laguneri, egin duten konfiantzagatik gure iniziatiban, gure proietoan, gure estrategian. Eta, hori guztia, baldintza izpirik gabe!
Bigarren mezua izanen da guziak eskertzeko: proietoan sinetsi duten laborariak, bainan ere, laborari izan gabe, sustengatu gaituzten guziak, agerian emanez laborantza ganbara eta laborantza, gizarte osoaren gaiak direla. Eskerrak sustengatu eta konfiantza egin daukuten hautetsi, partaide publiko edo pribatu, eta instituzionaleri: Akitania eta Jaurlaritza gure lehen partaideak, Departamendua eta Gipuzkoako Foro Aldundia laister juntatu zirenak. Eskerrak Garapen eta Hautetsien Kontseilueri, gure errekonozimendua lagundu baitute. Eskerrak lehen oreneko eta azken oreneko langileeri. Norbaitek erran zuen sari bera merezi dutela! Lehen orenekoak gabe, ez ginen izanen…. Azken orenekoan gabe, ez ginen zabaldu nahi ginduen bezenbat zabalduko….
Eta, eskerrak ELA-ko laguneri, egin duten konfiantzagatik gure iniziatiban, gure proietoan, gure estrategian. Eta, hori guztia, baldintza izpirik gabe! Etxe hunen erosteak eman du gure proietoari araberako gorputza!
Laborantza ganbara alternatiboa sortu dugu: alternatiboa helburuetan, alternatiboa funzionamenduan!
Hirugarren mezua da, hamar urtez egin bideak frogatu daukula tresna hunen beharra: Euskal Herriko Laborantza ganbarak 8.500 interbenzione egin ditu Iparraldeko 1.6OO etxaldeetan: edo instalazio, edo normetan sartze, edo juridiko, edo formakuntza edo beste gai batean.
Herri, herri elkargo, instituto, instituzio, elkarte edo agentzia, guzientzat partaide natural eta estimatuak gira, edozoin gai, izan dadin errexa edo zailena, prest garelakoan eskutan hartzeko, demagogiarik gabe! Gure ingurutik heldu zauzkigun oihartzunek hori agertzen daukute.
Laugarren mezua, geroari begira. Bidea segitu behar dugu, oraino eskas ditugun sail bakar batzu gehituz, bainan desafio nagusia bi mail hauetan izango da: laborantza iraunkorra garatzen segitu, eta hasierako izpiritua eta helburuak zaindu!
Laborantza iraunkorra garatzen segitu behar dugu, ahal bezain kopuru haundian izan ditezen laborariak, bihar ere gure lurralde huntan. Laborariak kopuru haundian mantentzea da gakoa. Horrek baitu posible bihurtzen laborantza atraktiboa gazteentzat, izan ditezen laborari seme alabak edo ez. Gazteek laborantzan sartzeko behar dute perspektiba ekonomikoa bainan ere oinarri soziala, beste laborariekin harremanak eta elkar trukaketak izan ahal ditzaten. Laborariak kopuru haundian mantentzeak du permetitzen gure bazterren eta paisaien edertasuna. Horrek du ere permetitzen kalitatezko desmartxak. Desmartxa horiek nahi ditugu lokalak, kolektiboak, balio geigarri sortzaile laborari eta lurraldearentzat. Hori guzia da laborantza iraunkorra. Horrek du bakarrik uztartzen ahal efikazitate ekonomikoa, efikazitate soziala eta efikazitate ekologikoa.
Laborantza iraunkorra garatzea lehen eguneko helburua zen, gaurkoa da, eta biharkoa izaten segitu behar du! Horri lotzen dugu ere hasierako beste helburu hau: iparraldeko laborantzarentzat lortzea kuadro instituzional bat, non Euskal Heriko Laborantza Ganbarak, arkitektura instituzional hortan, bere lekua aurkitu beharko duen!
Hasierako izpiritua eta helburuak zaintzea eguneroko desafioa izan behar du: laborariekilako hurbiltasuna eta konpeten-tzia uztartuz, egiten dugunaren zentzua eta baloreak beti galdezkatuz, gure barne funzionamendu berezia haziz eta aberastuz, arduradun eta langileek elgarrekin definituz lan sailak.
Laborantza ganbara alternatiboa sortu dugu: alternatiboa helburuetan, alternatiboa funzionamenduan!