Ea nork duen txikiena
Aitor Murgia Esteve, ELAko Azterketa Bulegoa, Uriolan argitaratua.
Benetan uste nuen tamainaren eztabaida aspaldian itxitako gai bat zela. Tamainak inporta du, bai, baina ez da baldintza nahikoa beharrak asetzeko. Handia izateaz gainera, erakargarria izan behar da, efizientea, helburuak nola bete jakingo duena. Ba, egi unibertsal honen bueltan nahikoa quorum zegoenean, bat-batean buelta eman zaio gaiari. Hain handia ez bada ez da ezer gertatzen. Kontrakoa, ona izan daiteke. Edota bikaina. Jendea ingurura erakartzeko modukoa.
Izan ere, azken astean fiskalitatearen inguruko eztabaida piztu da Urkulluren EAE eta Ayusoren Madrilen artean. Azken honek hainbat neurri hartu ditu zergen inguruan, errenta altuen mesedetan. Horien artean, PFEZean puntu erdiko jaitsiera zergapeko guztientzat, Oinordetza-zergaren %99ko bonifikazioa eta Ondare-zerga kentzea. Eskuineko neurri tipikoa: zergak jaitsi, zerbitzu publikoak urratu eta zerbitzu pribatuak sustatu. Ondorioa, txiroak txiroago eta aberatsak aberatsago.
Grafikoa: EB-27ko presio fiskala (BPG %) 2019an
Iturria: Azterketa bulegoak egina, Europar Batasuneko Argitalpen Bulegoaren, Gizarte Segurantzako Diruzaintza orokorraren, Eustaten, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Sailaren eta Nafarroako Ogasunaren datuekin.
Eta aberatsez ari garela, Confebask, jeloskor eta anbiguo. Irabaziez ari direnean handiak nahiago dituztela, baina irabazien gaineko zergari buruz aritzean nahiago txikiak. Zubiaurreren esanetan, lehiakorragoak liratekeela, Madrilen bezala, zergak murritzagoak balira. Honen aurrean, Azpiazuk dio berea Ayusorena baino handiagoa dela, bai, baina baita erakargarria ere. Batez ere, enpresarientzat, ELAtik askotan salatu baitugu enpresa handiek oso gutxi edo ezer ez ordaintzen dutela Sozietateen Gaineko zergan.
Eta enpresarien interesez ari garela, Urkullu, jeloskor eta temati. Madrilek dumping fiskala egiten duela eta euskal enpresariak alde egingo ote duten beldur. Patronalaren mehatxu (gezur) tipikoak: zergak igotzen badira beste toki batera eramango dugu enpresa, soldata minimoa igotzen bada lanpostuak suntsituko dira, edo lan-gatazkek irudi txarra ematen diote gure herriari eta inbertitzaileak uxatzen ditu. Barkatu, azken hau ez zuen patronalak esan, Tapiak baizik. Batzuetan nahasten ditut.
Hobe litzateke Eusko Jaurlaritzak Madrilera baino Europako beste herrialde batzuetara begiratuko balu. Izan ere, Europako presio fiskalaren batez bestekoa, hau da, zerga-sarrerek ekonomian duten pisua, BPGren % 7,9 handiagoa da EAEn baino. Ideia bat izateko, EAEn Europako batez besteko presio fiskala bagenu, urtean 6.000 milioi gehiagoko diru-sarrerak izango genituzke, Eusko Jaurlaritzak 2022rako aurkeztu duen aurrekontuaren erdia. Urtero. Agian gurea ez da Madrilena bezain txikia, baina Europako herrialde gehienek baino txikiagoa daukagu.
Baina noski, inoiz ez da momentu ona erreforma fiskal justuago bat aurrera eramateko. Krisitik krisira doan sistema kapitalista honetan, Eusko Jaurlaritzak ez du ikusten zerga-sistema erreformatzeko unea, gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Eta horren isla aurrekontuetan ikusten dugu. Osasunean, hezkuntzan, etxebizitzan edo gizarte-prestazio murrizketak, zorraren ordainketari bideratutako zenbatekoa handitzen den bitartean. Pentsa nola indartuko lirateke zerbitzu publikoak aurrekontua %50 handituko balitz.
Zoritxarrez, fokua Madrilen jartzen du Urkulluk, barrura begiratu beharrean. Gai honekin enpresariak haien interesen alde egiten dutela, Eusko Jaurlaritza beti haien alde lerratzen denean. Gure zerbitzu publikoak espainiako estatukoak baino hobeagoak direla, arazo estrukturalak daudenean hezkuntzan edota osasunean. Aldaketa norberarengandik etorri behar du.
Artikulu honekin ezin da itxi tamainaren inguruko eztabaida. Bakoitzak erabaki dezala handiagoa edo txikiagoa nahiago duen. Baina, fiskalitatearen kasuan, ez handia, ez txikia, justua.
(Hego Euskal Herriko fiskalitateari buruzko txostena)