Mugatu egingo dira alokairuen prezioak Hego Euskal Herrian?

2024/07/12
FVr0TGXWUAIKzkU.jpg
ELA sindikatuaren Azterketa Bulegoak etxebizitzaren auziari buruzko azterketa bat egin du. Bertan tentsio handiko eremuek alokatutako etxebizitzen prezioan duten eragina aztertu eta hainbat neurri proposatzen dira du arazo horri aurre egiteko. Ikerlanak dioenez, errenten prezioak mugatzeko hartzen diren neurri politiko urriek “ate ugari irekita uzten dituzte merkatua nagusitu dadin, unibertsala izan beharko lukeen eskubide bati esker aberasten jarraitzeko”.

Irakurri azterketa osoa

Maiatzaren 24ko 12/2023 Espainiako Estatuko Etxebizitzaren Legean jasotako neurriak, ELAk argitaratutako aurreko txostenetan aztertuak, ez dira nahikoak alokairuko etxebizitzen prezio altuei, hipoteken igoerari edo alokairuko etxebizitza publikoen gabeziari aurre egiteko. Lege berriak ez du etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzen, ez du higiezinen espekulazioarekin amaitzen, eta uko egiten dio etxebizitza turistikoak arautzeari. Horri eskumen eztabaida gehitu behar zaio, ibilbide laburrekoa; izan ere, etxebizitza arloko eskumena autonomia erkidegoen esku dagoenez, autonomia erkidegoen borondatearen araberakoa izango da hura aplikatzea edo ez, eta, ondorioz, haren norainokoa.

Legeak horien esku uzten ditu tentsio eremuak deritzenak finkatzea eta jabe handitzat ulertzeko jabeen esku egon behar duten etxebizitza kopurua zehaztea. Era berean, alokairuaren prezioen igoera mugatzen du, baina dagoeneko, etxebizitzen alokairuaren prezioak oso altuak eta neurrigabeak direla jakinda. Arazoa ez da konpontzen, ezta desagertzen ere. Alegia, ez da ahaztu behar tentsio eremuetan bakarrik aplikatuko dela.

Oraindik ere laguntzen eta hobari fiskalen aldeko apustua egiten da. Hobari horiek, etxebizitza eskuratzeko bermea izan beharrean, jabeen poltsikora egindako diru publikoaren transferentzia baino ez dira, ez dute diru bilketa handitzen eta, ondorioz, ez dira etxebizitza eskuratzeko egoera hobetzen lagunduko duten neurriak. Esan genuen, baita, etxegabetzeei buruzko neurriak ez zirela nahikoak, EAEn edo Nafarroan etxebizitza hutsei buruz ezarri ziren edo indarrean zeuden arau asko ez zirela aplikatzen eta legeak hutsuneak zituela oraindik.

Testuinguru horretan osagai juridiko bat agertzen da: Espainiako gobernuak Konstituzio Auzitegira jotzen du edozein autonomia erkidegok bere eskumenak erabiltzeko edo etxebizitzaren arloan aurrera egiteko legeak egiteko eskatzen duen neurri ororen aurka. Nafarroako Legea eta Andaluziakoarekin horrela egin zen eta, berriki, Kataluniakoarekin. Kataluniakoa, alokairuen prezioak arautzen zituen lehen lege autonomikoa zen. Alokairuen prezioei muga jarri nahi zien, igoerak mugatuz eta Kataluniako Etxebizitza Agentziak ezarritako erreferentzia-indizeraino jaistea sustatuz. Bartzelonako eskualde-hiriburu eta metropoli-eremuko udalerri ia guztietan mugatu nahi zen prezioa, horrela, 5 milioi pertsona ingururi (biztanleriaren % 70) onura emanez. Sinatzaileek gutxieneko akordio gisa hartu zuten arren, merkatuari mugak jartzeko bidean aurrera egin zen, horrela, errentaria eta jabe txikia babestuz eta etxebizitzarako eskubidea lortzera gehiago hurbilduz.

Ba ez da posible izan. Nahiz eta prezioak pixka bat jaitsi merkatuan eragina izan gabe, Konstituzio Auzitegiak Legea baliogabetu zuen, kontratu betebeharrak arautu behar dituzten printzipioen izendatzaile komun bat betetzeko premian oinarrituta, Espainiar Estatuko lurralde osoan berberak izanik. Hau da, Espainiako Estatuan lege bat behar zen alokairuen mugaren inguruko neurriak hartu ahal izateko.

Orain, legea existitzen denez, autonomia erkidegoen borondatearen esku dago alokairu-prezioak mugatzea. Orain arte, Katalunia da tentsio eremuak (eta herriren bat modu isolatuan) izendatzeko urratsa eman duen bakarra. Hala ere, EAEn egoera oso bestelakoa da. EAJk, Eusko Jaurlaritzaren bitartez, Etxebizitza Legearen kontra Auzitegi Konstituzionalean errekutsoa aurkeztu du eskumenak urratzen zituela zioelako, beste autonomia erkidego batzuek, Andaluziak kasu, egin zuten bezala.

Eusko Jaurlaritzaren errekurtsoa ebatzi bitartean, Andaluziako Juntak aurkeztutako ia errekurtso osoa ezetsi du Auzitegiak, eta lege berria bermatu du alokairu mugari eta tentsio eremuei dagoz- kien gaietan. Eusko Jaurlaritzaren erabakia ELAk planteatzen duenaren kontrakoa da, funtsean, hemen erabakitzeko eskubidearen eta hobeto bizitzeko aldarrikapenaren kontrako norabidean baitoa. Nafarroan ere ez dirudi gehiegizko presarik dagoenik alokairuaren mugak ezartzeko, 2022ko bere legeak gai hori aurreikusten bazuen ere.

Egoera honen aurrean, orduan zer? Argi dago badirela alternatibak etxebizitza politikei dagokienez. Badira Europako beste herrialde batzuetan, baina badute izendatzaile komun bat; alokairua lehenesten dute oinarrizko jabetzaren gainetik, eta, ondorioz, errentarien interesak nagusitzen dira interes pribatuaren eta kapitalaren gainetik.