Bagoi sozialaz
German Kortabarria, hiruka.eus aldizkarian arigitaratua
Etxera itzuli nintzenean, aipatu kontzeptuaren larregizko lausotasuna gogotan, aurkitu nintzen Enbata.info astekari jaso berrian gaiari zetozkiola iruditu zitzaizkidan Txetx Etcheverry-ren adierazpen batzuekin: labur esanda, abertzaleen jarduna ezin dela identitate premiei erantzutera mugatu, hauek oso garrantzitsuak izanda ere, eta erantzun zehatzak eman behar dizkiela jendeak egunero pairatzen dituen krisi eta arazoei, hala nola, lana, osasuna, etxebizitza, garraioa, bizi baldintzak edota ingurugiroaren krisi eta arazoei. Horra hor, pentsatu nuen, bagoi sozialaren egitekoa: aipatu diren arazo eta krisiei erantzunak eratu ahala, identitate eta erabakitzeko eskubide hutsetik haragoko identitatea eta erabakimena eraikitzea.
Bagoi sozialaren egitekoa: aipatu diren arazo eta krisiei erantzunak eratu ahala, identitate eta erabakitzeko eskubide hutsetik haragoko identitatea eta erabakimena eraikitzea
Instituzioen segizio izan nahi ez duen bagoi sozialak, ordea, traba egiten die teorian erabakitzeko eskubidea aldezten duten kudeatzaile politiko askori ere. Hori eman du aditzera, esaterako, Urkullu lehendakariak "alarmatuta" azaldu denean “ardurarik gabeko mugimendu sozialak” Kataluniako prozesuan izaten ari diren eraginagatik: utikan demokrazia parte-hartzailea!, ulertzen zaio ardurarik gabeko botere ekonomikoen tiraniaz inoiz alarmarik erakutsi ez duen agintariari.
Demokrazia parte-hartzailea garatu behar du, haiz zuzen ere, bagoi sozialak, instituzioekin dialektikan, erabakitzeko prozesua bultzatzeko eta azkartzeko bere ikuspegia, exijentziak eta indarra jar ditzaten. Instituzioen atoian joan ordez, lokomotorra izan behar du bagoi sozialak.