Menu berriak dastatuz... aniztasunaz goza dezagun!
Ekainaren 28an Nazioarteko Sexu Askapenerako eguna ospatzeko hitzaldia antolatu dugu. Bilborocken izango gara goizeko 10ak eta 12:30ak bitarte, Jone Bengoetxea, Aingeru Mayor (ChrysalisEH) eta Sarai Montes (Errespetuz) gonbidatuekin.
Jone Bengoetxearen iritzi artikulua:
Menu berriak dastatuz... aniztasunaz goza dezagun!
Emakumea edo gizona. Zuria edo beltza. Heterosexuala edo homosexuala. Aberatsa edo txiroa. Gaixoa edo osasuntsua. Atzerritarra edo bertokoa. Zaharra edo gaztea. Pribilegioduna edo baztertua... Menu itxi bat ematen duen zerrenda dikotomiko honekin jolastuz jarraitu genezake, bi aukera besterik eskaintzen ez duen menu zurruna etengabe elikatuz.
Zaila da ohiko eskemetatik ateratzea, nola ez! Errealitate anitzak irudikatzeko zailtasunak ditugu eta norbanakoen ezagugarri propioetatik abiatu ordez, ohikoa da oso ezberdinak diren errealitateak homogeneizatzea, denak gauza bera balira bezala. Irakurketa bakarra egiteko tentazioa handia da.
Aniztasunean bizitzea edo bizi nahi izateak besteen tokian jartzera garamatza, eta horrek deserosotasunak eragin ditzake. Izan ere, geure burua zapaldutzat izan ohi dugu, konturatu gabe, zenbait egoeratan, gu geu garela zapaltzaile. Azken batean, langilea oro zapaldua izan daiteke baina zuria, gizona, erdalduna eta heterosexuala izateak ez al dakartza pribilegioak bere gain? Horixe bera da aniztasunak egiten digun ekarpena: geure burua eraiki eta deseraikitzeko prest ote gauden galdetzera behartzen gaitu.
Gurean ere bada tentazio hori. Izan ere, sindikalgintzan, eta, beraz, baita ELA sindikatuan ere, langile-klaseaz hitz egiterakoan, askotan zapaldua den langile-klase homogeneo bati buruz hitz egiteko joera dago. Argi dago nortasun kolektiboa duen klase-borroka “gu” (langileok) eta “besteak” (boterea) dikotomian oinarritzen dela, baina ez dezagun ahaztu zatiketa horretan, errealitate, pertsona eta kolektibo batzuk bazterrera eramateko arriskua dagoela. Akaso ustezko langile klase “orohartzaile” batek pertsona eta kolektibo desberdinek pairatzen dituzten desberdintasun eta diskriminazio egoera guztiak barne hartu ditzake? Hau da, akaso gauza bera da langile zuria ala beltza izatea; emakume langilea edo gizon langilea; langile elbarria izan edo ez; transexuala izan edo ez?
Ez larritu, sindikatu batek ez dio uko egingo klase borrokari, bere nortasuna eta funtsa bertan sortua eta eraikia baita. Baina ezin daiteke ukatu langile-klase horren baitan dagoen heterogeneitate eta aniztasuna: zapalduen artean ere desberdintasunak daude.
Aurtengo ekainaren 28an, LGTBIQ+ aren aldarrikapen egunean, ELA sindikatutik aniztasunari egin nahi diogu aparteko keinu eta aipamena. Hautu sexual eta afektibo zein genero identitate anitzak oinbarrian hartuta, normalean erdigunetik ateratzen diren pertsona, identitate eta nortasun anitzekin entsalada koloretsuan bizi nahi dugula aldarrikatu nahi dugu: zakila duten emakumeak edo alua duten gizonak; ez emakume eta ez gizon bezala definitzen diren pertsonak; harreman sexual eta afektiboak edozein generorekin dituztenak; gizontasun eta feminitate tradizionala kolokan jartzen dituztenak…
Kultura heteropatriarkalak markatzen gaitu, eta gure bizitza pertsonalaz haratago, erakunde, eragile edo edozein kolektiboren balore, funtzionamendu, arau edo sinesmenetan zuzenean eragiten du, eta, noski, gizartearen parte den heinean, baita ELAn ere.
Aniztasuna “rollo ona” ematen duen hitza da, nor ez dago ba aniztasunaren alde? Diskurtsoaz haratago, ordea, zaila da aniztasuna modu kolektiboan praktikara eramatea.
Aniztasunean bizitzea edo bizi nahi izateak besteen tokian jartzera garamatza, eta horrek deserosotasunak eragin ditzake. Izan ere, geure burua zapaldutzat izan ohi dugu, konturatu gabe, zenbait egoeratan, gu geu garela zapaltzaile. Azken batean, langilea oro zapaldua izan daiteke baina zuria, gizona, erdalduna eta heterosexuala izateak ez al dakartza pribilegioak bere gain? Horixe bera da aniztasunak egiten digun ekarpena: geure burua eraiki eta deseraikitzeko prest ote gauden galdetzera behartzen gaitu.
Zentzu honetan, kontrabotere indar izan nahi duen sindikatuak ere badu horretan ardura politikorik; alde batetik, erakundearen kultura, funtzionamendu eta sinesmenak berrikusi, eta bestetik, gogoan izan beti langile zapalduen artean ere badirela desberdintasunak, eta, beraz, begirada anitzen beharra dugula une oro.
Iruditeri berriak eraiki eta menu berriak probatzeko prest gaude! Goza dezagun aniztasunaz!