Marmotaren eguna

2016/09/16
GM51Portada.jpg
Oroitzen dut, atzerrira joan eta euskalduna nintzela esaten nuenean, bi erreakzio mota jasotzen nituela parean nuen pertsonaren arabera: konplizitatea Estaturik gabeko nazio batekoa bazen, eta gurasokeria bere Estatua zuen norbait zenean. Are gehiago, eskoziarrek eta katalanek mirespenez begiratzen ninduten; portugaldarrek, suediarrek, italiarrek, alemaniarrek... barkatu egiten zidaten kaikukeria, interneten garaian burujabetzaz hitz egiten jarraitzea...

Unai OñederraUnai Oñederra, Manu Robles-Arangiz Institutua

Testu hau Gai Monografikoak 51: Burujabetzara bidean argitalpenaren sarrera da

Denbora aurrera doa, gauzak aldatzen dira, eta hemen gaude gu mirespenez begira Eskozia eta Kataluniara, eta hor ditugu greziarrak, ingelesak, frantsesak, holandarrak... burujabetzaz hitz egiten. Krisiaren gauzak. Baina kontuz, soberanismo guztia ez baita eraldatzailea. Itxaropenean eraikitzen den soberanismo progresistaz gain, bada beldurrean oinarritutako soberanismo bat: kontserbadorea. Eta zabaltzen ari da

Dena aurrera doa, bai, baina hemen estatutu berriaz eta aldebikotasunaz hitz egiten jarraitzen dugu, marmotaren egunean. Gauza bat da ekonomia zirkularra, sustatu behar dena, eta beste bat politika zirkularra, beti puntu berberera itzultzen dena. Komenigarria da ez nahastez.

Non gaude? Zer gertatu da azken 40 urtetan? Zer lezio ikasi ditugu? Nola eraiki burujabetza espazioak? Zer ari dira egiten munduko beste leku batzuetan? Non da aldaketaren motorra? Gobernuan dago? Gizarte mugimenduetan? Beharrezkoa al da Estatua izatea? Nahikoa al da?

Galdera hauek, eta gehiago, genituen buruan “Burujabetza nazionala eta auzi soziala” jardunaldiak antolatu genituenean ekainean Gasteizen. Bertan ezagutu genituen Solonek Bolivian, Arrufatek Katalunian eta Berhocoirigoinek Iparralden ateratako irakaspenak. Estatu egiturak berebiziko garrantzia dute, bai, baina azpimarratu zuten ahalegin berezia egin behar dela gizarte mugimendu autonomoa indartzeko eta burujabetza espazioak sortzeko, proiektu zehatzak eraikiz komunitatetik komunitatearentzat.

Lasagabasterrek euskal autogobernuaren (galeraren) errepaso historiko bat egin zuen, eta Madrilen jarrera Canadak Quebec-ekin izan zuenaren ispiluan konpaartu zuen: kontrako poloak. Madrildik zerbait espero dezakegu? Erantzun borobila eman zuen: “hemen ez du inork negoziatu nahi. Baina badakizue, askatasuna eta eskubideak ez dira oparitzen, hartu egiten dira.”

Puntu honetan Apaolazak, Etxartek eta Eskisabelek pista batzuk eman zizkiguten gehiengo zabala lortuko duen mugimendu soberanista bat eraikitzen joateko, abertzaletasunetik haratago, eta giza eskubideak, justizia soziala eta demokrazia bezalako balio unibertsaletan oinarrituz.

Amaiera Muñoak jarri zuen ELAren azken 40 urteetako ibilbidearen errepasoa eginez, sindikatuaren birfundaziotik hasi (III. Kongresua, 1976) eta aurrera begira ditugun erronka nagusiak marraztuz, bi bereziki azpimarratuta: genero parekidetasuna eta justizia klimatikoa.

Burujabetza nazionala eta auzi soziala txanpon beraren bi aldeak dira, ez zirkuluaren koadratura. Madrilekin aldebikotasun ezinezkoa egiaztatuta, zein beharrezkoa den zirkulu honetatik ateratzeko bide orri bat definitzea, gutxieneko amankomunak definituz. Gai Monografiko honek horretan lagunduko duela espero dugu. Zirkula beza.