[Argitalpena] Klase-miopia: psikologia eta sindikatuak (1/2)
Bernice Lott, Psikologia Departamentua, Rhode Island Unibertsitatea.
Psikologiak (beste diziplina batzuk bezala) historikoki axolagabetasuna agertu du langile klasea eta sindikalgintzarekiko. Axolagabetasuna, ala metafora erabiliz miopia: Hala uste du argitaratu berri dugun artikuluan, Bernice Lott akademikoak ere: Klase-miopia: psikologia eta sindikatuak. Bertan, ebidentzia enpiriko sendoan oinarrituta, hurrengoa defendatzen du: psikologiak langile klasea eta sindikalgintzari merezitako arreta eskaini beharko liekeela. Zinez interesgarria da testua eta jarraian kapitulu bat duzue irakurgai.
(Irakurri: Klase-miopia: psikologia eta sindikatuak 2/2)
Zeren kezka izan beharko lukete psikologoek?
Oraindik orain eratu den Center for Organizational Excellence zentroak (Erakundeen Bikaintasunerako Zentroa) APArentzat eginiko inkesta baten arabera, AEBetako langileen heren batek baino gehiagok laneko estresa jasaten du, eta langileen erdiak baino gehiagok uste du ez duela ordain edo aitortza egokirik jasotzen egiten duen lanaren truke. APAren beste inkesta batek azalarazi zuen helduen %65ek lana jotzen duela “estresaren eragile nagusitzat”. Beraz, psikologoek interes handia agertu beharko lukete sindikatuek egiten duten lanarekiko; izan ere, historian zehar ekarpen esanguratsuak eta etengabeak egin izan dituzte langileen osasuna eta ongizatea hobetzeko. 1. taulan aurkeztu dugu ekarpen horien zerrenda bat.
Erakunde sindikal tradizionalen eta langile-mugimenduaren helburuen muina norbanakoen eta familien ongizatea hobetzen laguntzea da. 2012an, esaterako, sindikatutako langileen asteko batez besteko soldata 943$-koa zen, eta, aldiz, sindikalizatu gabeko langileena 742$-koa besterik ez (Bureau of Labor Statistics, 2013). Sindikalizatutako langile gehienek bestelako sektore batzuetan egiten dute lan sindikalizatu gabekoen aldean, eta faktore horrek ere eragina du, soldaten aldea nabarmena baita. “Ondo dokumentatuta dago”, dio Zweigek “sindikatuek eta negoziazio kolektiboak sindikalizatuetako kideen soldatak eta lan-baldintzak hobetzen dituztela, sindikalizatu gabeko antzeko langileekin alderatuz gero. Babes sindikalak, orobat, produktibitatea [eta] ekoitzitako produktuen kalitatea ere hobetzen ditu”.
Soldata igoerez harago, AEBetako mugimendu sindikalak orain denek ontzat ematen dituzten aurrerapenak lortu ditu: asteburuak, gaixotasun-bajak eta osasun-lizentziak, amatasun-bajak, aparteko orduen ordainketa, egindako lanaren konpentsazioak, haurrak lanera behartzearen aurkako legeak, enplegatzaileek ordaindutako osasun-babesa, erretiro- eta pentsio-planak, oporrak eta lan-baldintza eta-jardun seguruetarako araudiak. Lorpen horien onura langile guztiek eskuratzen dute, sindikatu gabekoek eta antolatuta daudenek; izan ere, onura horietako asko lege estataletan edo federaletan tipifikatuta daude. AEBetan ekintza sindikalak negoziazio kolektiboan ekarri dituen ondorio positibo ugariak laburtzerakoan, Cobblek honako hauek aipatzen ditu: “hezkuntza-maila guztietako langileentzat lan-baldintza oneko enpleguen eskaintza zabaltzea; parte-hartze politikoa areagotzea … eta pertsonek duintasuna eta beraientzako, familientzako, adiskideentzako eta komunitatearentzako denbora dutela ziurtatzea”.
Lantokiko segurtasuna izan da mugimendu sindikalaren lehentasun nagusietako bat, eta helburu horrekin, sindikatuek bizitzak salbatu dituzte eta lesio larrien prebentzioa bultzatu eta lortu dute. Azterlan batek agerian utzi zuen ikatzaren industrian lan-istripuak gutxienez heren bat gutxitzen zirela sindikalizatuta zeuden meatzeetan. 1966. urtea baino lehen, enpresak ez zeuden derrigortuta sindikatuekin laneko osasun eta segurtasun kontuak eztabaidatzera. NLRBk laneko osasuna eta segurtasuna negoziazio kolektiboan tratatzeko gai legitimoak zirela ebatzi zuenean aldatu zen hori. Kellowayk argudiatzen du sindikatuek “langileen hiru eskubide lortzeko presionatzen dutela: (lantokian dauden arriskuei buruz) jakiteko eskubidea, (lantokian arriskuak ezabatzeko eta segurtasuna hobetzeko) zereginean parte hartzeko eskubidea, eta lan ez-seguruei uko egiteko eskubidea”. West herrian (Texas) ongarrien lantegi batean zorigaiztoko leherketa bat gertatu zen, eta gerora jakin zen gobernu federalak 28 urtez ez zuela ikuskatu planta hura, beste arrazoi batzuen artean, sindikalizatu gabe zegoelako. Sindikatu batek ez zuen halakorik onartuko.
Western eta Rosenfeldek nabarmentzen dute sindikatuek, justiziaren balioa sendotzen dutelarik eta balio hori esparru instituzional baten barnean kokatzen dutelarik, “ekonomia moralari” ekarpen handia egiten diotela. Zweigek dio sindikatuek ez dutela onura ekonomikoak lortzeko soilik lan egiten, bestelako helburuak ere badituztela: errespetua eta justizia lortzea, lan-emaitzen banaketa bidezkoa ziurtatzea eta “langileari eta haren familiari bizitza ona” ematea. Langile-klasearen eskubideak babesteko eta hobetzeko ahalegin horretan, sindikatuak eskubide zibilen aldeko mugimendu zabalago bateko kide dira, eta, orobat, desoreken murrizketan eta bazterketa etnikoa eta generokoa desagerrarazteko lanean izan diren lorpenetan ere partaide izan dira eta dira. Beste ikerlan batek erakusten du irakasleen artean sindikalizazio maila altua izatea lagungarri dela familiarekin lotura duten antolaketa-politikak lortzeko. Ingeleseko eta kimikako fakultateetako irakasleei eginiko inkesten bidez, ikertzaileen datuek egiaztatu zuten (aztertutako 500 fakultate eta unibertsitateetan) sindikatuen zeregina erabakigarria izan zela lana eta familia uztartzeko politikak sustatzeko. Ordura arte, lanbidean arrakasta izatea lehenetsi eta familia-konpromisoak murrizteko jokabideak sustatzen ziren; hau da, “eragozpenak saihesteko” estrategiak erabiltzen ziren, eta, hain zuzen, estrategia horien erabilera murriztea ekarri zuten kontziliazio-politika horiek. “Eragozpenak saihesteko” estrategia horiek ez ziren hain ohikoak izan sindikalizazio maila altuena zuten unibertsitateetan.
Antolatutako langileen ahots aktiboa eta legezkoa diren aldetik, sindikatuek eragin nabarmena eta zuzena dute afiliatuen ongizatea hobetzeko ahalegin horretan. Anaiarteko loturak sortzeko aukera handiagoa ematen dute, helburu positiboak lortzeko ekimenak bateratzen dituzte, eta elkarreragin sozial handiagoa, komunitate-sentimendua eta bidegabekeriak konpontzeko beharrezkoak diren konfiantza eta gaitasuna sortzen dituzte. Parte-hartze sindikalak aukera ematen du lan- eta familia-bizitzaren alderdi batzuetan kontrola eta boterea izateko, eta, horren eskutik, langileen autoestimua, ongizate psikologikoa eta autonomia pertsonala sustatzeko. “Ahots” kolektibo argia izatearen esperientziak eta ekintzarako gaitasunak halako ahalduntze-sentimendu bat sortzen dute.
Sindikatuek hainbat arlotan betetzen duten eginkizuna nabarmendu izan du Radcliffek, hala nola afiliatuen gatazkak konpontzeko komunikazio- eta gizarte-gaitasunetan, eta herritar informatuago eta aktiboagoak sortzeko lanean. Hala, besteak beste, sindikalizatutako langileek joera handiagoa dute presidentziarako eta Kongresurako hauteskundeetan botoa emateko, edozein direla ere haien diru-sarrerak, hezkuntza eta lanbidea. Era horretara, sindikatu indartsuenak dituzten estatuetan handiagoa da hauteskundeetako parte-hartzea. 2012ko presidentziarako hauteskundeetan, langile-mugimenduak berebiziko garrantzia izan zuen; izan ere, nazio osoa aintzat hartuta boto-emaileen ia %20 sindikalizatutako etxeetakoa zen.
Fuller eta Hesterrek (2001) herrialdearen hego-ekialdeko altzairuaren sektoreko langileak galdekatu zituzten, eta ondorioztatu zuten sindikatu batean afiliatuta egotea lagungarri dela beharrizan sozio-emozionalak asebetetzeko: “onarpenaren, autoestimuaren, afiliazioaren eta errespetuaren beharra”. Hari beretik, industrializatutako 17 demokraziatan hartutako lagin baten arabera, sindikatuetan afiliatutako pertsonek beren bizitzekin asebeteago zeudela adierazi zuten. Sindikalizazio-tasa handienak dituzten herrialdeetako pertsonek ongizate subjektibo handiagoa zutela erakutsi zuten.
Dokumentazio nahikoa dago afiliazio sindikala eta lan-arloko gogobetetzea modu positiboan lotzen dituena. Coshow eta Radcliffek honela adierazi zuten: “lan-arloko gogobetetzea bizitzan oro har asebeteta egoteko faktore erabakigarrienetako bat da”. Logika osoz, laneko segurtasunak eragin onuragarria izango du lan-arloan asebeteta egoteko, lan-giro ona sortzeko eta norberaren lan-baldintzak zehaztu eta erabakitzerakoan ahotsa izateko. Sindikatuak elkarri laguntzeko sareak zabaltzea sustatzen dute, elkartasunaren zentzu bat. Alde horretatik, psikologiako literaturak ebidentzia enpirikoa eskaintzen du ziurtatzeko konektibitate sozialak eragin onuragarria duela ongizate subjektiboan.
Coshow eta Radcliffek ikerlan baten bidez frogatu zuten afiliazio sindikala lagungarri dela bizitza-kalitate hobea lortzeko. Lan horretan, 40.000 inkesta baino gehiago egin zituzten AEBetako 48 estatutan, eta 1983 eta 1999 artean urtero errepikatu zituzten galdeketak. Hala, ikerketa horrek estatuetako dentsitate sindikalari buruzko ebidentzia sendoak agertu zituen. Lanak osasun fisikoan eta mentalean dituen ondorio negatiboei buruzko beste aurkikuntza enpiriko batzuk berrestera datoz eskuratutako datuak: bidegabeko lan-kargak, autonomia-maila baxuak lanean eta soldata urriak. Sindikatuen xedea da elementu kaltegarri horien guztien aurka borrokatzea.
Sindikalizatutako enpleguak behera egiteak lotura zuzena du enplegu prekarioaren hazkundearekin. Prekaritate-egoeretan, kaleratzeak errazago gertatzen dira, eta soldatak, pentsioak eta osasun-sistema ez dira hain bidezkoak. Era berean, egiaztatuta dago “lan txar” horiek eragin kaltegarria dutela ez diru-sarreretan soilik, baita langileen osasunean eta ongizatean ere. Gazteenei erreparatzen badiegu, ondorioak deigarriak dira: zerbitzuen sektorean eta, zehazki txikizkako salmenten sektorean, enplegatutako langile gehienak 16 eta 24 urte artekoak dira, haietan sindikaturik ez da izaten normalean, eta prekaritatearen bereizgarriak aski nabarmenak dira: estres-maila altuak lan errepikakorrak egin behar izateagatik, lanaldi eta ordutegi zehaztugabeak izatea, etekin gutxi jasotzea, ikasteko aukera gutxi izatea eta lanpostuetan errotazio handia.
(Irakurri: Klase-miopia: psikologia eta sindikatuak 2/2)