Auzolan-en 2. edizioa : 4200 pertsona etxebizitza eskubidearen alde !

Herriko bozak: etxebizitzaren arloko anbizio maila agerian emana da
Mukurru betea zen hitzaldi gelan, goi mailako hainbat hizlarik Herriko Etxe eta Elkargo mailako hauteskundeek etxebizitzaren arloan izanen dituzten erronkak azaldu Christophe Robert-ek (Fondation pour le Logement des Défavorisés-tik) jadanik lortuak izan diren eskubideek pairatzen dituzten mehatxuei buruz; eta Jean-Luc Berho-k (Soliha Euskal Herriko presidenteak eta Inxauseta topaketen sortzaileak) tokiko eta europar mailako erronkak uztartzearen garrantziaz.
Herrian Bizi - Se loger au Pays plataformak, Gaëlle Vincens eta Patxi Iriart ordezkari zituela, aukera baliatu du etxebizitza politika anbiziotsu batendako 17 neurri aurkezteko. Neurri horiek oraindanik Ipar Euskal Herrian agertuko diren zerrenda guziei aurkeztuko direlarik: etxebizitza soziala garatzeko, bigarren etxebizitzak arautzeko, etxebizitzak behin betiko mublatu turistiko bilakatzea gelditzeko, laborantza lurrak babesteko, edota hutsik diren etxebizitzak berrerabiltzeko.
Alokairuak: behin-betiko mugatuak!
Eguna, halaber, alokairuen mugatzearen iraunkortasunaren eta hobekuntzaren aldeko mezu argia bidaltzeko parada izan da. Ipar Euskal Herriko eremu tentsionatuan 2024ko azaroaren 25etik indarrean den neurri hau, frantses Estatu mailan esperimentazio gisa ezarria izan zen, eta 2026ko azaroan bukatuko da epe hori. Iñaki Echaniz Diputatuak bere informazio-misioaren ondorioak aurkeztu ditu; Jean-René Etchegaray-ek (Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak) eta Barbara Gomesek (alokairuen mugatzearen arduraduna den Pariseko kontseilariak) beren kolektibitateen esperimentazioaren bilana egin dute eta Alda elkarteak mugatzearen hobetzeko proposamenak aurkeztu ditu.
Etxebizitzaren aldeko borrokak, hemengoak eta hangoak
Estatu mailako testuinguru politikoa ezegonkortasun handiz markatua den une honetan, bukaerako mitinak argi utzi du mezua: lurraldeak, eta lehenik eta behin, auzo eta jendarte herrikoietako biztanleak bereziki gogor jotzen dituen etxebizitzaren krisiari buru egiteko maila guzietan ekin behar da.
Etxebizitzarekin arazoak izan dituzten alokatzaileen lekukotasunak eta pertsonen zerrenda, alokairuen mugatzearen luzapenaren aldeko argazki erraldoia, tokiko hautetsiei deia etxebizitza krisiaren kontrako borrokan parte har dezaten, baina baita dantzak eta kantuak ere eszenatokian agertu dira, bertan estatuko eta europar mailako elkarteen (Belgika, Madril, Bartzelona) ordezkariek elkarlanean aritzeko borondatea berretsi dutelarik.
40 egitura baino gehiago eta animazio frango
Egun osoan zehar, jendeak informazioa biltzeko parada ukan du gaika antolaturiko elkarteen herrixkan: alokatzeko etxebizitza xekatu, bere eskubideak defendatzeko laguntza lortu, espekulaziorik gabe jabetzara heldu, bestela eraiki, bestela kontsumitu, eta hemen zein beste lekuetan mobilizatu.
Zirkoa, antzerkia, haurrendako altxorraren bilaketa jokoa etxebizitzaren gaiarekin lotua, Camille Chopin eta Guillaume Fauveau-ren horma-argazki erakusketa etxebizitzen hezetasunari buruz, Gau Txoria artistaren horma-irudia, herri-bazkari alaitua, ganer-hustea: hainbat animaziok egun hau momento herrikoi eta alaia bilakarazi dute, dena bururatu delarik gauean berant Zea Mays, Tapia eta Leturia, Bacano Banda eta Elektruka taldeen kontzertuekin.
Orotara, 4200 pertsonatik goiti eta 300 laguntzaile arizan dira Auzolan – Etxebizitza Eskubidearen Eguna ekitaldia gauzatzen, eta hitzordu hau, etxebizitza eskubidearen arloari loturiko aurrerapausoak neurtzeko eta ondoko borroketarako kolektiboki antolatzeko momento garrantzitsua bilakatzen.