"Sindikalizatzeak bizitza aldatu zigun: gela batean bizitzetik pisu batean bizitzera pasa ginen"

2021/05/11
BeneficiosEmocionalesPsicologicosAcciónSindical_Argazkia.jpg
"Lehen esplotazio gordina genuen lanean; gehienak gure familiekin gela batean bizi ginen, eta orain pisu batean bizi gara." "Sindikalizatu ginenean, beldurra izatetik Gipuzkoako Batzar Nagusietan politikarien aurrean hitz egitera pasa nintzen." Cristiano Callo eta John Freddy Gutierrezen testigantzak dira hauek, baina ebidentzia zientifikoek, ere, erakusten dute sindikatuan parte hartzeak autoestimuan, ahalduntzean, ongizatean, garapen pertsonalean, parte hartze sozial eta politikoan, asebetetzean... onura nabaria duela. Apirilaren 27an antolatu genuen "Ekintza sindikalaren onura emozional eta psikologikoak" solasaldian marko teorikoa eta testigantza praktikoak bildu genituen elkarrizketa aberatsa osatuz. Hemen duzue mahai inguruaren bideoa eta Imanol Ulacia EHUko irakasleak erabili zituen diapoak.

Apirilaren 27an EHUko psikologia departamentuko irakasle eta ikerlaria den Imanol Ulacia eta Kataluniako COS sindikatuarekin batera antolatu genuen "Ekintza sindikalaren onura emozional eta psikologikoak" solasaldia. Bertan Imanol Ulaciak gaiari buruzko marko teorikoa ezarri zuen, eta ondoren beraien borroka eta lorpenen testigantza eman zuten Bilboko NH eta Barceló Hoteletako gela garbitzailea den Cristiano Callok, eraikuntzako langilea den John Freddy Gutierrezek eta Kataluniako hiltegietan diharduen Montserrat Castañék.

Imanol Ulacia: "Psikologia portaeraren fenomenoak eta horien azpian dauden egitura mentalak aztertzen dituen diziplina zientifikoa da. Lanaren eta erakundeen psikologia bere azpidiziplina bat da eta bere helburu nagusia da erakundeen helburuak lortzea eta pertsonen garapena eta bizi-kalitatea bateragarri egitea."

"Ekintza sindikalak pertsonen ongizate psikologikoa eta emozionala hobetzen laguntzen du (lan-arloan eta kanpoan), bai eta gizarte- eta antolaketa-portaera positiboak ere."

"Itxura guztien arabera, ildo horretako ebidentziak ugariagoak eta zehatzagoak izango dira, Lanaren eta erakundeen psikologia eta sindikatuen artean elkarrengana hurbiltzea onuragarria den heinean."

"Asko izan dira urteetan zehar benetako "erakunde psikologia sindikal" baten sorrera eskatu duten ahotsak, baina oraingoz ez da halakorik gertatu."

 
John Freddy Gutiérrezen testigantza (Anoeta estadioaren birmoldatze lanetan lan egin zuen eraikuntzako langilea eta ELAko ordezkaria): "Hasieran ELAkoari esan genion ez gerturatzeko guregana beldurra ematen zigulako. Behar larriak genituen eta enplegua galtzeko beldur handia. Sententzia batek guztia aldatu zuen. Sindikalizatu ginenean beldurra izatetik Gipuzkoako Batzar Nagusietan politikari guztiekin eserita egotera pasa nintzen, Mamadu Dembele bere herrira itzuli ahal izan zen bere umea ikustera eta istripu larria izan zuen Antonio Escandonek mutuak moztu nahi zion hanka salbatu zuen sindikatuari esker."