Geure aurrezki apurrekin mundua alda dezakegu?

2025/01/30
Biziola.jpg
"Gero eta proiektu gehiago iristen ari zaizkigu diru beharrekin eta, gure baliabideak (gure bazkideen aurrezkiak) handitzen ez baditugu, gure erantzuteko gaitasuna gaindituko dute. Iristen ari zaizkigun proiektuak eta etorriko direnak posible egiteko Koop57-k eskala aldaketa bat behar du".

Koop57, finantza-zerbitzu etiko eta solidarioak eskaintzen dituen zerbitzu kooperatibaren artikulua

“Pertsona txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak egiten, mundua alda dezakete”
Eduardo Galeano

Aurrezkiek ez dute mundua aldatzen. Mundua aurrezki horiek finantzatzen dituzten proiektuek aldatzen dute. Izan ere, honetaz hitz egitea gustatzen ez zaigun arren, proiektuak aurrera ateratzeko dirua behar da. Katakrak ondoko, Iruñeko Kale Nagusiko 54. zenbakiko eraikina erosteko, dirua behar da; Sarako Eskutik kooperatiba aurrera ateratzeko dirua behar da; Gasteizko Eraman kooperatibak edo Hernaniko Hiruki Larroxak beste zerbitzu berri batzuk abiatzeko dirua behar da; Orduñako Zapalan elkarteak gazte atzerritarrei adin nagusira iristean etxebizitza aukera bat emateko dirua behar da; Goierriko Biziola proiektuak eraikina erosteko dirua behar da; Aiaraldeako Faktoriaako aktibitatea zabaltzeko dirua behar da. Goiener, elektrizitatearen prezioak zeruraino igo zirenean, ataka estu batetik ateratzeko dirua behar da… Eta nondik ateratzen da diru hori?

Normalean zerbaitetarako dirua behar dugunean bankuetara jotzen dugu. Baina, zergatik finantzatuko dituzte bankuek hain onuragarri zaien sistema aldatu nahi duten proiektuak? Normalean bankuek sistema hau indartzen eta irabazi handiak ematen dituzten proiektuetan jartzen dute dirua. Armagintzan esaterako. Eta nondik ateratzen dute proiektu zikin horiek finantzatzeko behar dituzten xoxak? Gure aurrezkietatik. Bai, halaxe da, guk gure diru apurra inuzenteki banku batean sartzen dugu, eta diru hori inoiz onartuko ez genituzkeen proiektuak finantzatzeko erabiltzen dute.

Aipatu ditudan Katakrak, Eskutik, Eraman, Hiruki Larroxa, Zapalan, Biziola, Goiener… ez dituzte bankuek finantzatu, Koop57 finantza zerbitzu solidarioen kooperatibak finantzatu ditu. 2015an Euskal Herrian eratu zenetik 5 milioi euro banatu ditugu maileguetan. Eta honi Iruñeko Kale Nagusiko 54 zenbakiko eraikina erosteko eta erreformatzeko erabili eta erabiliko ditugun 2 milioiak gehitu behar zaizkio. Eta nondik atera da diru hau guztia? Geure aurrezkietatik. Gezurra dirudi ezta? Gauza asko ezinezkoak dirudite, kolektiboki ekinez posible bihurtzen diren arte.

Hamar urte betetzera goaz 2025. urtean. Orain artekoa inurri lana izan da, pixkana pixkana, poliki poliki. Lagun batek esaten zidan orain lau urte: baina Euskal Herri batean, nola ditu hain bazkide gutxi Koop57-k? Horixe galtzen nion neuk ere neure buruari. Zein zaila den jendea halako kooperatiba batean bazkidetzea!

Baina inurri lan hau fruituak ematen joan da eta proiektua martxa hartzen ari da. 2021eko martxoan ez zen bi milioira iristen guk mailegutan emandakoa. Egun, esan bezala, 5 + 2 milioi eman ditugu. Gero eta proiektu gehiago iristen ari zaizkigu diru beharrekin, eta gure baliabideak handitzen ez baditugu, hau da, gure bazkideen aurrezkiak, gure erantzuteko gaitasuna gaindituko dute.

Iristen ari zaizkigun proiektuak eta etorriko direnak posible egiteko Koop57-k eskala aldaketa bat behar du. Egun 280 bazkide laguntzaile (pertsona) eta 68 zerbitzu bazkide (proiektu) gara. Mundua aldatzen segitzeko epe laburrean 1.000 bazkide izatera iritsi behar gara. Bazkide egitea oso erraza da hemen klikatuta ala 622572797 telefonora deituta.

Egingo dugu!