Europar Batasuna: Agenda oliba-berdea eta digitala enpresa transnazionalen zerbitzura
Txosten hau osorik hemen duzue. Paperean jaso nahi baduzu idatzi fundazioa@ela.eus emailera.
Sarrera
2019an Europako Itun Berdea argitaratu zenetik, Europar Batasunak (EB) agenda berria sustatu du. Next Generation EU (NGEU) programa da agenda hura gauzatzeko tresna nagusietako bat. Pandemiaren shockak matrize ekonomikoaren eraldaketa berde eta digitalaren aldeko apustua bizkortu zuen, suspertzearen ardatz gisa. Hala, NGEU programa agenda horren garapenaren mugarri mediatiko bilakatu zen.
Hura, bada, gaur egungo erronka globalei aurre egiteko gai omen da, eta horretarako digitalizazioa eta energia berriztagarriak premiaz eta modu masiboan garatuko omen ditu. Arlo horietan, inbertsio publikoak, Partzuergo Publiko-Pribatuek (PPP) eta konponbide teknologikoek lehentasuna izango dute azken batean, baina horien barruan ez da gaur egungo sistemaren ezaugarri nagusien eraldaketa sakonik ikusten; izan ere, kapital metaketa zibilizazio-printzipio gisa hartzen du, merkatu globalak lehentasunezko eremu gisa, enpresa transnazionalak protagonista gisa, eta megaproiektuak tresna eztabaidaezin gisa.
Esparru horretan, NGEU programa hazkunde ekonomikoaren, deskarbonizazioaren eta berdintasunaren aldeko ahaleginak batzeko tresna gisa diseinatu zen –ustez, win-win logika batekin eta inolako kontraesanik gabe–. Horretarako, funts kantitate ikaragarria inbertitu zen honako sektore hauetan: energia eolikoa, fotovoltaikoa, hidrogenoa, erdieroaleak, mugikortasun jasangarria, hondamendiak arintzea, eraikinak berriztatzea, datu-zentroak, adimen artifiziala, zerbitzu ziberfisikoak, 5G sareak, eta abar.
Eremu horien inguruan egindako inbertsioek eta sortutako PPPek merkatu-hobi globalak atzemateko balio behar zuten, eta, horren bitartez, Europak AEBen eta Txinaren aldean zuen atzerapen teknologikoa eta ekonomikoa konpondu nahi zuten. Hori gutxi balitz, agenda berri hura biraketa bat zen aurrekoetan aplikatutako herstura-politikekin alderatuta. Izanere, horien kontrara, arautzeko, birbanatzeko eta sektore publikoak ekonomian parte hartzeko izaera duten politika neokeynestarrak sustatzen zituen.
Hala ere, Europako agenda berdearen eta digitalaren errealitatea kontakizun ofizialetik urrun dago. Hain zuzen ere, ez da bizi dugun dimentsio anitzeko krisi sakona konpontzen ari; are gehiago, horren garapena bizkortzen du: hazkundeak geldi jarraitzen du (atzeraldia eta estanflazioa bezalako kontzeptuak nagusitzen dira), klima-aldaketak aurrera egiten du neurri gabe (2023an 1,48º igo dira, eta Europa hondamendi naturalen ondoriozko kalte gehien jasan duten eskualdeetako bat izan da), esparru komuna gero eta gehiago desegiten ari da, eta eskuin-muturra eta neofaxismoak beren eragina handitzen ari dira.
Aldi berean, Europan indarrean dagoen agendak modu arriskutsuan xaxatzen du gero eta ezegonkorragoa den esparru politiko globala: AEBen eta Txinaren arteko lehia geopolitikoa larriagotzen da, eta EB amerikarren gerra-estrategiaren jarraitzaile zintzoa da; gerra- erregimena zabaltzen ari da, eta Ukraina eta Palestina horren elementu zentral bilakatu dira; hornigai estrategikoen gainean ofentsiba neokolonial berri bat hedatzen ari da, ekonomia berde berriaren mesederako, batez ere, energia fosilari eta metalen meatzaritzari dagokienez; azkenik, prekarietatea eta gatazka ekosozialak handitzen ari dira, irabazi-tasa berreskuratzeko helburuak duen lehentasunaren ondorioz.
Agenda ofizialaren “B alde” hori haren tresna guztietara eramaten da, baita NGEU programara ere. Hala, programaren benetako izaerak ez du zerikusirik behin eta berriro aurkeztu diguten irudiarekin: egindako ahalegin ekonomikoa eta politikoa ez da hain garrantzitsua izan, beste potentzia batzuek emandako laguntzekin alderatuta; trantsizio gozoaren win-win kontakizunak leher egin du, gatazka militarrek gora egiten duten bitartean; programaren garapena, ustez premiazkoa eta estrategikoa, opakua eta geldoa da praktikan; azkenik, programa gauzatzeko, funts publiko masiboak ematen zaizkie enpresa handiei, eta balizko biraketa neokeynestarra lausotzen da, botere korporatiboa esparru komunaren aurka mantentzeko ahalegin etsi-etsian.
Azken finean, NGEU programa “Bermudetako triangelu” moduko baten antzera karakteriza dezakegu; izan ere, matrize ekonomikoa eraldatu beharrean, itsaso zakar batean sartzen gaitu, eta horretan, honako elementu hauek aurkitzen ditugu: lehenik, kontrarreforma sozialak (lan-arlokoa, pentsioena, fiskala, kontratazio publikokoa), bigarrenik, hersturaren aldeko presioa indartzen duen zorraren hazkundea, eta, hirugarrenik, bideragarritasun zalantzagarria duten inbertsio korporatiboen esparrua. Esparru horretan bateratzen dira, batetik, ekimen interesgarriak, eta, bestetik, burbuilak, birmoldaketa ezkutuak, azpiegitura fosila kapitalizatzeko ahalegin etsiak edota diru- laguntzak atzemateko ariketak.
NGEU programari buruzko ikuskera hori badugu, ez da bakarrik tresna hura diseinatu zenean egin ziren ohartarazpenengatik, baizik eta lau urte geroago hura nola inplementatu den ikusten dugulako. Beraz, honako hau une egokia da bai tresna bera bai atzean duen agenda ebaluatzeko. Eta ebaluazio hori, gainera, tresnak Hego Euskal Herrian (HEH) izan duen eraginaren arabera egingo dugu, orain arte egin ez den bezala.
Batez ere, kontuan hartuta Espainiako Estatua, Italiarekin batera, NGEU programaren onuradun nagusietako bat izan dela, eta HEHko elite ekonomiko eta politikoek beso-zabalik hartu zutela Europako agenda berria. Izan ere, matrize ekonomikoa parametro global berrietan kokatzeko palanka izango zen hura, eta, hala, elite horien ideologia berri bilakatu zen.
Premisa horietan oinarrituta, honako txosten hau hiru zatitan egituratu dugu. Lehenengoan, Europako agenda labur aztertuko dugu, bai kanporako proiekzioari bai kontinente zaharrean izan duen aurrerakadari dagokienez. Azkenik, bada, trantsiziorako estrategia izateko ahalmenik ez duela ondorioztatuko dugu. Bigarrenean, NGEU programaren zer, nor eta nola aztertuko dugu. Orain arte izan duen inplementazioa ikusiko dugu eta izaera kontinuista duela frogatuko dugu. Azkenik, hirugarrenean Hego Euskal Herrian izan duen eragina aztertuko dugu, eta horretarako, lagundutako erakunde, esparru eta megaproiektu nagusiei erreparatuko diegu. Hala, trantsizioko kontakizunaren azpian helburu bideraezin eta eutsiezin bat ezkutatzen duela frogatuko dugu, botere korporatiboaren aldekoa.
Laburbilduz, Europaren gaur egungo agendaren erradiografia sintetikoa eskaintzen dugu, eta horren lehentasunak eta tresnak erakusten ditugu. Horrela, trantsizio ekosozialaren erronka estrategikoari eta premiazkoari aurre egiteko baliabideak eskaini nahi ditugu, hura bai ala bai izango baita. Eta trantsizio horrek ez ditu eliteen diskurtsoa, agenda eta praktika onartzen, horiek baitira EBren gaur egungo politika sostengatzen dutenak.