(Argitalpena) Ferrovial ARAIA. Karga mandoek nahikoa dela esan dute
Sarrera
Aguraingo plaza bateko arkupeetan aterperatuta, Ferrovial Araiatik etorritako hamaika langilerekin bildu ginen maiatz hasierako goiz batean. Kaleko giro freskoak kontraste egiten zuen osatu genuen korroko epeltasunarekin. Gertutasun handia sumatzen zen langileen artean eta haien arteko harreman estua nabaria zen. 37 egunez eutsi ostean, garaipen oso esanguratsuarekin amaitu zuten grebari buruz hitz egiteko elkartu ginen. Segurtasun distantziek ez zuten bertaratu ginenon arteko tartea guztiz urruntzen.
Solasaldi animatua izan zen; testigantza eta kontakizunarekin batera, barreak, txaloak nagusitu ziren. Greba aurretik eta greban zehar bizitakoak partekatu zituzten gurekin, gatazkaren eta konponbidearen nondik norakoak. Bide guzti horretan, emozioek ere bere bide propioa izan zuten, goranzko eta beheranzko
joerekin. Ezinbestean emozio haietako asko agerian geratu ziren arkupeetan. Maiatzeko saio hura miresmen eta esker oneko hitzekin abiatu genuen era berean, jarraian datorren kontakizunari ekin aurretik greban aritutakoei eta, bereziki, gurekin solas egitera etorritakoei eskerrak ematea ezinbestekoa da. Garaipena haientzat garrantzitsua izateaz gain, eredugarria da langile klasearentzat bere osotasunean, baita sindikatuarentzat ere. Gatazka honek duen balio handia mahaigaineratu nahi dugu, lehen pertsonan parte hartu zuten protagonistei ahotsa emanez. Goazen ba!
Grebako protagonistek esandakoak
Karim-ek hitza hartu zuen, hunkituta: “gaztelaniz ez dakien jendea, erresistentzia kutxa zer den ez dakien jendea, kalera atera zen. Zer dela eta?
Atal sindikalean erabateko konfiantza zutelako. Eta frantsesez edo arabiera azaldu genielako: greba egiten ez badugu, ez dugu ezer lortuko”. Oso harro
hitz egin zuen: “hizkuntza ulertu gabe kalera atera diren horiek miresten ditut. Seme-alaba asko dituztenak, eta diru gutxi. Hona lan egitera etorri dira egoera
hobetzeko eta, bapatean, lanik egiteari utzi eta grebara? Plantillaren erdia migratuak gara, eta gehienak eredugarriak izan dira. Eskertzekoa da. Jateko
dirurik izan ez, eta greban eutsi dute”.
Joseba: “Zaurgarria nintzela ikusi nuen, ahula nintzela. Indartsu nengoela uste nuen, baina grebako lehen larunbatean, hondoa jo nuen. Gehiegi eskatzen ari ote ginen? Eskerrak kideak ondoan izan nituen, haiei esker animatu nintzen, eta parrillada bat egin genuen egun hartan”.
gara? Elkar animatu genuen egun horretan. Irabazi arte!”.
Roberto Pardo: “Grebalari gehienek Erresistentzia Kutxatik %100a jasotzeko eskubidea zuten, baina beste batzuk, berriki afiliatu zirenez, %60a jasoko zuten. Egoera horrek kezka sortu zuen: hilabete bukaeran larri eta estu ibiliko ziren. Langileek eskatu ziguten sistemaren bat diseinatzeko genezan grebalari guztiek berdin kobratu zezaten. Atal sindikalak egoera aztertu, kalkuluak egin eta honakoa proposatu zuen: %100a kobratzeko eskubidea zutenek, hilean 90 eurori uko eginez gero.
Samiou: “Oraindik asko dago hobetzeko. Bai guk, bai beste langileek beste lan zentroetan. Denok gaude izorratuta. Pentsatzen dute, herrialde pobretuetatik etorri ginenez, hemengoarekin konformatu behar dugula. Eta bai, herrialde txirotuetatik gatoz, baina hona hobetzeko asmoz etorri ginen. Eta hobetzeko, ikusmira ez dugu Afrikako herrialdeetan jartzen. Hobetzeko, hemen, lan egiten dugun herrialdean baino hobeto dauden herrialdeetara begiratu behar dugu. Guri hitza kendu nahi digutenak badaude, baina guk asko hitz egin behar dugu. Beti dago zer hobetu, eta gure lana ez da hemen amaitu”.
Garaipena, zeri zor?
Garaipena bereziki bost zutaberen inguruan eraiki da, elkar elikatzen duten bost zutaberen inguruan: lankideen arteko batasuna eta harreman sendoa, atal sindikalarekiko konfiantza, afiliazio altua, ELA sindikatuak langileen eskura jartzen duen Erresistentzia Kutxa, eta azkenik, langileen artean antolatutako solidaritate-kutxa. Bost zutoin hauek elkarren artean erlazionatuta daude eta elkar elikatzen dute.
Langileen arteko elkartasuna, solasaldia egin genuen egunean ere, sumatzen zen eta kontakizunean zehar oso presente egon da. “Enpresak ez zuen espero gure artean hainbesteko elkartasuna egon zitekeenik. Eta, jatorri anitzeko lankide asko egoteagatik ere, ez zuten irudikatzen borrokan luze iraungo genuenik. Baina, denok batuta iraun dugu”, azaldu digu Begok. Elkartasun keinu asko ekarri dituzte gogora: elkarri animoak ematea esate baterako, edota greba egunetan almazenera kotxez joateko gasolinan dirua gastatzeko ez zuen lankideak kontatu ziguna: “kide batek ekartzen ninduen egunero, ez neukan dirurik gasolinan gastatzen ibiltzeko... Esfortzuak merezi izan du”. Argi daukate, enpresak ahultasun gisa ikusten zuena, hau da, behin-behineko langile asko eta migratu asko egotea, indargunea izan da grebalarientzat.
Atal sindikalak urte askotako lana du atzean eta plantillak beragan konfiantza osoa badu, urte guzti horietan lana ondo egingo zelako izango da. Gainera, konfiantza hori indartu egiten du ELAren gehiengo sindikalak: bost delegatuetatik bostak dira ELAkoak. “ELAkoen laguntzarik gabe, hau ez genukeen egingo. Roberto Pardo giltzarria izan da, beti izan dugu laguntzeko prest”, esan digu Mikelek. Bestalde atal sindikalari esker mantendu da plantilla batuta hein batean: “atal sindikalak etorkinak laguntzen egin duen lana handia izan da, lan gogorrenak beti haiei jar ez ziezazkieten, eskubideak azaltzen... atal sindikala gure alde izan dugu beti eta haiek gabe, banatuta geundeke, enpresak nahi bezala”, esan digu Txinok.
Afilizio tasa altua zen grebaren aurretik, %80 ingurukoa eta grebak bultzatuta afiliatu zirenekin %90a gainditu zen. Bistakoa da horrelako afiliazio-tasa handia ezinbestekoa dela grebak aurrera egiteko. Gainera afiliazio tasa altu honek ere oso era nabarian indartzen ditu beste faktoreak: atal sindikala indartzen du, langileen arteko elkartasuna sendotu dezake eta, nola ez, Erresistentzia Kutxa sostengatzen du.
Erresistentzia Kutxa kontrabotereko tresna garrantzitsua dela erakutsi digu, beste behin ere, praktikak. Balioan jarri behar da ELAko afliazio osoaren solidaritate tresna den kutxa hau. ELAren eredu ekonomikoa autofinantzaketan oinarrituta dago; afiliatuen kuoten bidez finantzatzen da sindikatuaren aurrekontuen %93a. Horregatik, neurri handi batean, greba hau posible izan da sindikatuak 100,000 afiliatutik gora dituelako eta hauetako askok urteak daramatzatelako kuotaren bitartez autofinantzatzen den sindikatu bat sostengatzen eta Erresistentzia Kutxa elikatzen. Ferrovialeko langileek Erresistentzia Kutxaren beharra azpimarratu dute: “Bestela ezinezkoa da jendea 40 egunez kalean izatea... jende askok dirua bidali behar du jatorrizko herrialdeetara, Afrikara, esaterako. Langileen arteko harremana oso garrantzitsua izan da, baina Erresistentzia Kutxarik gabe hau guztia ez litzateke posible izango”, laburbildu digu Pardok. Bide batez, Erresistentzia Kutxak zenbait langile-kategorien artean dauden distantziak murriztu ditu: “administratibo eta gidariak morroiengana gerturatu egin dira, nolabait, greban elkarrekin aritzeagatik”.
Azkenik, langileek eratutako barne-solidaritate kutxa ere aipatu behar dugu. “Esfortzu bat egin genuen, %100a kobratzeko eskubidea genuenok, denok berdina kobra genezan. Denok ados egon ginen”, azaldu zigun Begok. Trinik, Begok esandakoa eusten du: “egin beharreko gauza bat zen”. Ederra da haiek hain argi zutela ikustea, baina haiek natural ikusten dutena ez da ohikoena: jokabide honek elkartasun maila izugarri handia islatzen du, kapitalismoak elikatzen duen indibidualismoaren aurrean.