Urkullu eta demokrazia: Sinonimoen ekuazio bat

2016/01/18
Urkullu.jpg
Sinonimoen ekuazio bat Lehendakariaren esaldi hau deszifratzeko: “Me alarma que movimientos sociales sin responsabilidades condicionen Cataluña”. Euskarara ekarrita, “me alarma” , larritzen nau, “que movimientos sociales”, herri mugimendu, “sin responsabilidades”, ardurarik gabeek, edo… arduragabeek esan nahi ote zuen? “condicionen Cataluña”, baldintza dezaten Euskadi. Larritzen nau herri mugimendu ardurarik gabeek baldintza dezaten Catalunya, edo Euskadi, edo egonkortasuna.

Maialen LujanbioMaialen Lujanbio, urtarrilaren 13an Euskadi Irratian  esandakoa (audioa)

Sinonimoen ekuazio batean, demagun, larritzen nau kultur mugimendu arduragabeek baldintza dezaten kultur politika, edo larritzen nau langile mugimendu bezatu gabeek baldintza dezaten industria.

Bestela esanda, beldurtzen nau bidezidor urratu gabeek baldintza dezaten zuzenbidea, edota urduritzen nau kotoizko kamisetek baldintza dezaten uniformea, hobe esan, uniformetasuna.

Ikaratzen nau diru goserik gabeek baldintza dezaten banku sistema.

Nerbiosten nau bestelakoaren konspiratzaileek baldintza dezaten legea, araua, moldea; eta jende ekinak baldintza dezan etekina.

Esan nahi baita, kezkatzen nau eme desafiatzaile lotsarik gabeek, baldintza dezaten gizalegea, hots, gizon legea.

Asaldatzen nau pasioaren aktibistek baldintza dezaten ordena, edo preokupatzen nau ar-emeen harreman kontratu gabeek baldintza dezaten familia.

Gogaitzen nau jende beldurrik gabeek baldintza dezaten segurtasuna eta kontrola.

Beraz, izutzen nau eszeptikoen asanbladek baldintza dezaten gure parrokia; alegia, larritzen nau guztien esku-hartzeak baldintza dezan gure eskumena, eta hiritarren buruetan dagoenak baldintza dezan gure eskuetan dagoena.

Ondorioz, eta ekuazioaren emaitzan… zerbait gaizki egin izango dut, hau ezin da izan emaitza zuzena: larritzen nau hiritarren iritzi libreek baldintza dezaten demokrazia.