COP21 gailurraz berriro
Michel Berhocoirigoin, baserritarra, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen lehendakaria, ELB nekazarien sindikatuko militantea eta Confédération Paysanne-ren sortzaileetakoa
Berhocoirigoinek ekainaren 16an hitz egingo du Gasteizen antolatu dugun mintegian
“Historiak epaituko du emaitza; ez soilik gaurko akordioari dagokionez, baizik guk aurrerantzean egingo dugunaz”, esan zuen Cop amaieran Maldiva uharteetako ingurumen ministroak.
Munduko beste inon baino argiagoa da larrialdi klimatikoa, mende amaiera baino lehenago urpean geratuko diren uharteetan, industri-aro aurreko mailarekiko tenperaturaren igoera ez bada 1,5ºra mugatzen.
Nire uste apalean, hau da Parisen izan diren negoziazioekiko hartu beharreko jarrera: bi muturren arteko eremuan, hots, zorionak besteri eta norbere buruari ematen diotenen eta ikuskizun hutsa izan dela esanez erabat gaitsesten dutenen artean.
Kopuru harrigarriak
Justizia klimatikoa justizia sozialarekin eta nazioarteko solidaritatearekin batera eskutik doa
Noski, onartutako testuak ez du derrigor bete beharreko konpromisorik jaso. Hala, “beharko da” ordez azken unean “beharko litzateke” idatzi da, eta estatuei “gonbitea” egiten zaie sektore jakin batzutan engaia daitezen... Ez dira aipatzen “petrolioa”, “ikatza” edota “energia fosilak”, berotegi-efektuko gas isurien %65a eragiten duten arren, eta tenperatura igoera 2ºra mugatzeko egungo erreserben %80 lurpean utzi beharko liratekeen arren.
Kopuru harrigarriak argitaratu dituzte gobernuz kanpoko erakundeek (GKE): energia fosilen industriak mundu mailan minutuko 10 milioi dolarreko laguntzak jasotzen ditu (5,3 bilioi dolar 2015ean)! Zenbateko astronomiko hauen ondoan, borondate eskasa adierazten dute 2020ra bitartean Iparraldeko estatuek Hegoaldekoei klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko agindu -baina bermatu ez- dizkieten urteko 100.000 milioi dolarrak.
Bada ere beste kontraesan bat: estatuek mahairatu dituzten promesen arabera tenperatura 3º gehituko da, baina helburua 1,5ºeko muga ezartzea omen zen.
Pariseko testuaren edukia helduleku bat izan behar da gizarte zibilak agintariei galdegin diezaien konpromisoak eta emandako hitza aintzat har ditzatela
Azkenik, nekazaritza isuri guztien %25 iturri izanagatik ere -garraioetan dagokion zatia kontutan izan gabe-, negoziazioetan halakotzat ez dute aipatu, energia edo basoen gaien inguruan baizik. Haatik, klima aldaketaren ondorioetan gailendu egiten da, isurietan zerikusia baitu erabiltzen diren nekazaritza ereduen arabera, edota lurrazpian karbonoa metatuaz ekar dezakeen irtenbidea dela eta.
Emandako hitzaren garrantzia
Beraz, dena egiteke dago, baina ezer ez da aurrez zen bezala izango. Okerrena litzateke esatea honek guztiak ez duela ezertarako balio. Aitzitik, estatuburuak eta beste arduradun politikoak lanean jarri behar ditugu. Pariseko testuaren edukia helduleku bat izan behar da gizarte zibilak agintariei galdegin diezaien konpromisoak eta emandako hitza aintzat har ditzatela.
Oraingoan ez dira ekologistak edo beste alternatibo batzuk diagnostiko bat egin eta alarma jo dutenak: Munduko agintariak izan dira! Lehenengo aldiz herrialde guztiek egiaztatu dute gauza bera, baita desio bera adierazi ere. Prozesu bat hasi da. Bere hitza jaten duen estatua, edota helburuak betetzen ez dituena, agerian geratuko da. Esan liteke akordio hau juridikoki derrigorrezkoa ez den arren, gero eta pisu politiko handiagoa izango duela. Bost urtero konpromisoak areagotzea eskatu beharko da; herrialde azpigaratuen aldeko solidaritate finantzario handiagoa; karbonoaren gaineko zerga progresibo eta disuasiboak, eta ezarritako mekanismoei buruzko erabateko gardentasuna. Gero eta zailagoa egin behar da betebeharrak saihestea. Akordioak borrokak hauspotu behar ditu, eta etorkizuneko belaunaldien kalterako dihardutenak ahuldu. Estatuak eta enpresak derrigortu egin beharko ditugu busti daitezen, egindako ibilbideaz damu daitezen. Ezer ezin da lehenagoko modukoa izan.
Gure lana
Notre Dame des Landeseko aireportu erraldoiaren proiektua are absurduagoa bihurtu da: Gobernuak ezin du aldarrikatu “Gora Cop21” eta garai berean desjabetze prozedurei ekin. Gauza bera AHTari buruz.
Pariseko akordioa sinatu duen estatuek diote 1,5ºko igoera errespetatu nahi dutela, baina era berean egiteko asmoa duten proiektu guztiak gauzatuz gero, tenperatura ez da 1,5º edo 2º, ezta 3º ere gehituko, 4º edo 5º baizik. Eta ez da aski izango klima aldaketari buruzko argudio ederrak garatzea; inkoherentziak hor jarraituko du.
Parisen ezarritako helburuak iristeko baldintzak argiak dira: Elikadura burujabetza truke libreari lehenetsi; lurrak gizateria elikatu behar du, ez makinak; diru publikoa nekazarien agro-ekologiara bideratu behar da, ez nekazaritza industrialera; produktibismotik ihes egin behar dugu maila guztietan... Hauekin batera, badira ere beste hainbat borroka.
Bata bestearekin batera doa: justizia klimatikoa justizia sozialarekin eta nazioarteko solidaritatearekin batera eskutik doa.
Baina hau ez da soilik besteen eginbeharra; gutako bakoitzaren jokabidea aro berriaren araberakoa izan behar da, eta hau ez da errazena.
Zenbait hamarkada itxaron beharko da erabakitzeko Cop21 arrakasta izan zen ala ez. Eta orduan erantzuna ezezkoa balitz, gauzak oso gaizki joan direlako eta gure lana egin ez dugulako izango da.