Gizarte babesa EAEn, Europako atzealdean
Artikulu hau Azterketak 35-ean argitaratu da
Estatistika honi “Gizarte-Babesaren Kontuak” deitzen zaio, eta bertan islatzen da lurralde batean sortutako aberastasunaren zein zati bideratzen den arlo honetara (hots, gizarte-babesean erabiltzen den BPG portzentajea neurtzen du). Portzentaje honen gorabeherak adierazten du politikak zenbateraino diren sozialak: zenbat eta handiago izan, politikak sozialagoak izango dira; aitzitik, zenbat eta txikiago, politikak ez dira hain sozialak izango.
Gizarte-babesera bideratutako aberastasunaren zatia gero eta txikiagoa da EAEn
Eustat Euskal Estatistika Institutuak atera berri ditu Gizarte-Babesaren Kontuak; hauetan EAEn 2015ko egoera zein zen jasotzen da, baita bilakaera ere. 2015ean gizarte-babesera bideratutako baliabide ekonomikoak 16.938 milioi euro izan ziren, hau da, BPGaren %24,5:
- Azken urteetan zenbatekoa geldialdian sartu da: gizarte-babesera bideratutako aberastasunaren zatia ia puntu bete gutxitu da 2013tik (urte honetan BPGaren %25,4koa izan zen).
- Geldialdia espainiar Estatuko erakundeek eragin dute (pentsioen gastua hazi egin da, baina murriztu egin da langabezia prestazioena), baina baita EAEkoek ere (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta udalak).
EAEn gizarte-babeserako erabili den aberastasunaren zatia Europa mailan azken postuetan dago, EBko batez besteko mailatik oso urrun
Eustatek argitaratu dituen datuak hartuta aldera daiteke EAEn gizarte-babesean egindako ahalegin ekonomikoa Europar Batasuneko beste leku batzutan egiten denarekin.
Gure agintariek eta hauek kontrolpean dituzten hedabideek sinestarazi nahi digute EAEko egoera pribilegiozkoa dela; ia munduko beste inongo parajetan ez dela diru gehiago bideratzen osasungintzara, gizarte-prestazioetara, etxebizitza politikara, etab. (honetan salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak komunikabide publikoen bidez -batez ere EITB taldea- egiten duen propaganda sutsua, bat ere oreka eta zorroztasunik gabea).
Haatik, errealitateak ez dauka zerikusirik propaganda horrekin. Datu ofizialak argiak dira. EB mailan informazioa daukagun azken urtea 2014 da; honi dagokionez, hau da nabarmendu beharrekoa:
- Batez besteko gizarte-babes maila Europan %28,7ean zegoen, EAEn baino 3,8 puntu gorago. Batez besteko maila horretara iristeko EAEn gizarte-babeserako baliabideak urtean 3.000 milioi eurotan hobetu beharko lirateke.
- EAEko gizarte-babeseko maila soilik Ekialdeko Europako herrialdeetakoa, Ziprekoa, Irlandakoa eta Luxemburgokoa baino handiagoa da. Gure gizarte-babes maila Portugal, Grezia eta Espainiakoaren azpitik dago, hauek aberastasunaren zati handiagoa bideratzen baitute.
- Europar Batasuneko beste estatu batzurekin alderatuz gero, berriz, diferentzia are handiagoa da, izugarria zenbait kasutan. Esaterako, gizarte-babeserako Alemanian aberastasunaren %29,1 erabiltzen da; Suedian, %29,6; Belgikan, %30, eta Frantzian, %34,3. Beraz, herrialde horietan kasuan kasu gizarte-babeseko gastua ia 10 puntu handiagoa da.
- Alde hau eurotan adieraziz gero, ondorioa da EAEn espainiar Estatuko ahalegin ekonomiko bera egingo balitz gizarte-babesean baliabideak urtean 420 milioi eurotan gehitu beharko liratekeela; 1.400 milioitan, Portugalgo mailara iristeko; 3.570 milioitan, Italiarekin parekatzeko; 4.200 milioi Herbehereekin bat egiteko, eta 6.580 milioi Frantziaren mailara iristeko. Adibide gehiago ere eman genezake.