Digitalizazioa: Zer dago faltan, zer soberan?

2021/08/02
HMnoSobraNadie.jpg
Teknologiaren garapena beti lotu izan da aurrerapenarekin, erosotasunarekin eta hobekuntzarekin, baina dena ez dira abantailak, baditu bere arriskuak ere, eta ez dira gutxi. Hor dago arrakala-digitala, hor isolamendu‑arriskua eta indibidualismoren suspertzea, hor kontrolatuak izatearen kontrol-eza, hor lan‑baldintzen prekarizazioa.

Mirari Irure Espín, ELA-Zerbitzuak federazioko arduraduna

Klik. Interneten barruan nago. Segundo bateko kontuan mugarik gabeko bidai bati hasiera eman diezaioket. Eguna korrika eta presaka alde batetik bestera eman ondoren, gutako geroz eta gehiagok pantaila bati begira amaitzen dugu eguna. Sofaren biguntasunak dakarkigun lasaitua baliatzen dugu, erritmo frenetikoan bizitzearen ondorioz ihesi zaigun denboran egin ahal izan ez ditugunak egiteko: informazioren bat kontsultatu, astebururako plana lotu eta, beste zenbaitetan, baita online zerbait erosi ere. Teknologiaren garapena beti lotu izan da aurrerapenarekin, erosotasunarekin eta hobekuntzarekin, baina dena ez dira abantailak, baditu bere arriskuak ere, eta ez dira gutxi. Hor dago arrakala-digitala, hor isolamendu‑arriskua eta indibidualismoren suspertzea, hor kontrolatuak izatearen kontrol-eza, hor lan‑baldintzen prekarizazioa.

Prekaritatearen hariari tiraka, merkataritzako lan-baldintzetan digitalizazioa izaten ari den eragina datorkit gogora. Azken boladan ELAn oso gertutik bizi behar izan ditugu hainbat multinazionalek abian jarri dituzten eraldaketa prozesuak. Logika kapitalistan oinarritutako kontsumo eredua oso errotuta dago gure gizartean aspalditik. Modak agintzen du eta atzokoa jada zaharra da gaur. Berrikiago, pandemiak gure bizitzak goitik behera baldintzatzen dituenetik, logika hori areagotu egin da eta kontsumo ereduari dagokionean, online salmenten gorakada beldurgarria izan da. Merkatuaren eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren 2020ko txostenaren arabera, salgaien merkataritza-elektronikoa %53 hazi zen 2019arekin alderatuta eta epe berean txikizkako merkataritzak %7,9 egin du behera. Online erositako salgaien %51 atzerriko enpresetakoak dira; ordenagailutan eta ehungitzan zifra hori %90era iristen da. Azken hamarkadan merkataritza elektronikoaren pisua hamarkoiztu egin da eta, aurreikuspen guztien arabera, datozen urteotan gora egiten jarraituko du. Inditexek, adibidez, 2025erako bere salmenten %25 online bidezkoa izatea nahi du. Ecommerce, omnikanalitatea, erakusleiho-dendak, autokobrantza-kutxak eta beste hainbat termino merkataritza-estrategia eztabaidaezin gisa erabiltzen dira sektoreko zuzendari nagusien ahotan. Eta estrategia horrek ez du atzera bueltarik, hori ukaezina da. Badago, ordea, zer eztabaidatu, badago zer hausnartu. Digitalizazioarekin hainbat lanpostu suntsitu nahiko dira eta, horren aurrean, iritsi da izenburuko galderaren lehen spoilerra partekatzeko unea: merkataritzan ez dago inor soberan, dio ELAk.

Dagoeneko Inditex, Douglas, H&M, Tendam Retail (Cortefiel) bezalako taldeek gauzatu dute digitalizazioren ondoriozko eraldaketaren lehen etapa (lehena diogu, eraldaketa hau hasi besterik ez delako egin). Dendak itxi dituzte eta enplegua suntsitu edota are gehiago prekarizatu dute. Etsigarriena, estatuko sindikatuen adostasunarekin egin dutela. Beste apunte bat: digitalizazio eredu horrek genero-inpaktua du. Merkataritzako sektorea oso feminizatua da eta enplegu gehienak lanaldi partzialekoak dira aspalditik. Hala ere, lanaldi osoko lanpostu gutxiak partzial bilakatzeko baliatu nahi izan dituzte prozesuok. Hori guztia, sekulako irabaziak pilatzen ari diren bitartean (Inditexek 3.500 milioi eta H&M-k 1.200 milioi 2019an). Bigarren espoilerra: soberan daudenak irabaziak dira. Soberan, badelako garaia irabaziok posible egiten dituzten langileengana iristeko. Izan ere, lanpostu berriak sortuko dira, baina seguruenik ez dira izango suntsituko direnak bezainbeste, horregatik, gakoa da zer lan-baldintza izango dituzten sortzen diren eta mantentzen diren lanek.

ELAk garbi dauka trantsizio honek langileontzako bermeak izan ditzan, antolakuntza, borroka eta negoziazio kolektiboa direla bidea. H&M-n 55 eguneko greba egin genuen eta estatu mailako prozedura bat baldintzatzea lortu genuen. Ekainaren 25ean ELAk eta LABek greba eguna deitu genuen EAEn (estatu mailan lehena) beste digitalizazio eredu bat aldarrikatzeko. Eman beharreko hurrengo urratsak ere definitu ditugu. Merkataritzako hainbat hitzarmenetan ELAK gehiengo zabala du eta negoziazio kolektiboaren bidez aurrea hartu nahi diogu egoerari. Batetik, kategoria berriak arautu beharko ditugu eta lanpostu horiei herrialdeetako hitzarmenak aplikatuko zaizkiela bermatu; bestetik, partzialitatearen areagotzea eteteko, besteak beste, gutxieneko lanaldiak ezarri nahi ditugu; azkenik, urteko lanaldia nabarmenki jaitsi nahi dugu online fakturazioak pisua duen enpresetan. Azken hau, lanaldia murriztearena, funtsezkoa da digitalizazioak dakarren eraldaketa enpleguaren kontura egin ez dadin. Online salmentaren bidez enpresek irabaziak biderkatuko badituzte, zer hoberik presaka bizi garen garaiotan bizitza pertsonalerako denbora gehiago izatea baino.

Behin bizitza pertsonala aipatuta, esan beharra dago digitalizazioaren ondorioak ez direla lan‑munduan agortzen, alabaina, bizitzaren hainbat esparrutara hedatzen dira. Ikuspegi ekologikotik, adibidez, atzerrian erosten ditugun salgaiak garraiatzean aztarna ekologiko jasangaitza sortzen ari gara. Hizkuntzaren erabilerari dagokionean ere, pertsonon hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak hartzea ezinbestekoa da. Herri eta auzoen ereduari eta herritarron harremanoi bete‑betean eragingo dio denden itxierak (marka handietakoak gehiago irabazteko itxiko dituzte eta merkatari txikiek ezin dutelako baldintza horietan lehiatu). Soberan zer dagoen aurreratu dugu jada, baina zer dago faltan? Hasteko, faltan dago eskuahartze publikoa. Hau guztia gertatzen ari den bitartean EAEko eta Nafarroako gobernuek ezin dute beste alde batera begiratu, euskal produktoreak eta kontsumitzaileak zuzenean harremanetan jartzeko estrategia bat diseinatzea ardura politikoko kontu bat da. Faltan dago ere guzti honetaz gizarte gisa hausnartzeko espazio bat, eta hutsune hori bete nahian ari dira/gara hainbat eragile.

Iritzi artikulu honek eta gaurko egunak eskutik bukatuko dute. Gaurkoa ez da salbuespena izango, sofaren bigunean amaituko dut eguna pantailari begira; baina ez dut online ersoketarik egingo, Euskal Herri Digitalaren lehen manifestua irakurtzeko tartea hartuko dut, IPES, OLATUKOOP, TEKS, IPAR-HEGOA, IRATZAR eta MANU ROBLES-ARANGIZ fundazioetako ordezkariek gidatzen dutena. Urriaren 15ean, antza, jardunaldi bat antolatuko dute ziberburujabetzari buruzko eztabaida publikoa sustatzeko. Han egongo naiz. “Manifestua sinatu”. Klik.

Irakurri "Ekonomiaren digitalizazioa eta robotizazioa" Gai Monografikoa